www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Auņemendiko lorea
Domingo Agirre
1898

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Auņemendiko lorea, Domingo Agirre. Auņamendi, 1966

 

aurrekoa hurrengoa

VIII
AMESAK ETA EGIAK

 

        Urrengo goizean egun-usaiñagaz batera urten eban iauregitik, eta eguzkia bideak galdatuten asi baiño lenago etxeratu zan Riktrudis. Pozez zoratuten egoan, ezagututen dogun leio baten ondoan, altzoan iosteko zapi batzuk zituala. Ez zan gitxiagotarako bere. Gabeko gogamenakaz ez eban arimako garbitasunik galdu; ez ziran plagearen gauzak izan. Egundo alangorik! Ez eutsan bada Amandok esan, Adalbaldo eta bera, Riktrudis, alkarrentzako iaiorikoak legez zirala, eta biak alkartutea errientzat guztiz ona izango litzetekeala? Prankotarrak euren nagusi bat euskaldunagaz ezkonduta ikusi ezkero —esan eutsan Amandok— euskaldunai obeto begiratuko deutse; eta euskaldunak, Arnoldo izen andikoaren alabea eta Adalbaldo bat eginda ikusitakoan, ez dira auzokoen kontra aiñ amorratuak egongo.

        Baña ori gauza andia zan! Ainbat andia! Gizaldi luzeetan alkar ikusi eziñik egozan arraza biak, batak bestea ondatutea baizen beste gauzarik gogoan ez eukan erriak, alkartu!

        Eta ona zana ezin ukatu zeitekean. Gizon guztiak aita baten semeak baziran, zerurako iaioak, danak anaiak legez bizi izatea bidezko gauzea zan. Batak besteari egitada txarrak parkatuteko agindu baeban Iesusek, alkarri parkatu bearrean egozan euskaldun eta prankotarrak.

        Berak, Riktrudisek, prakatuko eutsan edozeini edozer gauza: berez iatorkon mundu guztiaren adiskide izateko gogoa. Baiña, ezkondu! Olango gauzarik etxakon iñoiz bere gogoratu, eskabide andiak izan zituan baiña. Eta ori aitak eta amak eurak, noizean beiñ ezkontzea aitatu eutsela gero, eurak zarrak egozala eta. Aita zaindu, amari poz emon, morroiai gauza onak erakutsi: besterik ez eban gura izan. Gizonak ikusteak berak bildurra eta ikarea emoten eutsan, eta Portunek beste guztiak baiño geiago.

        Alanda guzti bere, Elizearen onagaitik eta errien bakerako, gurasoen gurariko bategaz alkartu bear izan ezkero, ezkontzeko doskañia bear bazan, eskondu egingo zan.

        Baiña Adalbaldogaz ezkontzeko doskañi bearrik ete eukan?... Zer ekian berak? Bai edo, ez edo... Olango gauzetan ez zan egundo ibilli eta. Adalbaldo gizon ona irudito iakon, tint ona; argia bere bai, baita; itxurazkoa, guztiz itxura ederrekoa; lerdena eta liraiña eta aukerakoa: besterik ez zan lango gizona.

        Eta Adalbaldo izan ezik besteren bategaz ezkonduko ete zan? Ez, orixe ez! Ezta, ezta lurreko ondasun guztiak gaitik bere. Eta gurasoak aginduko balebe beste bat senartzat etxera ekarteko? ai, ene! Iaungoiko maitea! Olango gauzarik ez ete eutsen aginduko. Maite baeben itxi eioela bake-bakean, ezkontzea nai eta nai ezko gauzea ez zan eta.

        Gaiñera, Amandok ziñoanez, Adalbaldo Riktrudisentzat ondo etorren gizona zan, Riktrudis Adalbaldorentzat gizako emakumea. Biak ondo alkartuko ziran, biak ondoen lagunduko eutsen apezpikoari eginkizun Iaungoikozkoetan.

        Eta baeukan eliz-gizon nagusiak laguntasunen bearra, bada Auñemendiko euskaldunik geienak fedegabeak egozan oraindiño. Ez alan beste euskaldunak, Iaungoikoari milla esker. Naparroako erribera aldean, berak, Riktrudisek entzuten ebanez, Iesusen barri onak erakutsi zituan Done Paulo Ientientzat Bialduak, kristiandadeko lenengo urteetan; Done Saturninok Iruñan, irugarrengo eunkidan; Done Bizentek Daxen eunkida orretan bertan, baiña aretarikorik ez zan mendietaraiño eldu, eta zerbaiten susmo eta zurrumurrua baiño asko geiago ez zan iakiñ orduan basoerri basterretan. Geroago, pixkaka, pixkaka, sartu zan Auñemendiñ zeruetako argitasuna, eta oraindio ez gara kristiñauok aiñ asko. Alan bere ez dauka Amandok bear lekua makala. Euskal-Erriko alde onetara etorri zan ezkerotik, bere gorputzari atseden bat ez deutsa emon. Io ona eta io orra, etxe batetik urten eta bestean sartu, batari on bat egin eta besteari obeak esan, or baselizatxo bat ipiñi eta emen lanerako lagun barri bat billatu, oni erakutsi eta ari burubide gaiztoak kendu, aserreak baketu, argalak indartu, gaixoari sendagarri onak emon eta biotzetan asi onak bota. Ez eukan edozelango buruaustea!

        Eta beti laguntasunen billa, Iaungoikoaren izenean. Zer laguntasun emon eikeon berak, emakume indarbagako zirzill batek, Amando gizon andi doneari? Zer egin daiket nik? —ziñoan—. Ez naz izan urria al dodana egiten Iesusen izena ezagutua eta maitetua izan dediñ: orretan igaro ditut oraiñ arteko egunak: neure ezagun eta adiskideen artean alegiñak egin ditut nik, eta aurrerantzean bere zerbait egiteko gogoa daukat.

        Ori bai, ori da neure marrea eta. Baiña, zelan urten neike nik neure marratik kanpora? Erri guztiari agergarri on bat emon bear iakola diño Amandok. Ai, Amando, Amando! Agergarri orrek euskaldun askoren uko eta pukoak ekarri leikez nire gaiñera eta neure etxadi guztira bere bai. Orixe da miñik andiena emongo leuskidana, neure aita eta neure amagaitik zerbait esatea. Esan daiela nigaitik gura dabena, ezaindu daiela nire izena, il naiela ni, gura badabe; baiña itxi daiuela bakean nire gurasoen izen onari. ain dira onak! ain ditut maite!...

        Banabill ni nunbaiten, Adalbaldogaz alkartutea ondo izango litzatekeala esan deustelako beste barik. Zer dakigu berak gurako leukean edo ez?...

        Zeiñek ete dakiz ondo biotzaren legeak! Areñegun esan baleuste niri prankotar bategaz ezkondu bearko nebala, zurturik geldituko nintzan, eta albiste orrek egun txar bat emongo eustan, eta gaur barriz Adalbaldo nigaz gogoratuko ez balitz, miñ andi bat artuko neuke biotz barruan. ai, neure Iaungoiko maitea! Ez da emen gauza guztia zuzen-zuzena, ez da garbi-garbia, ez da dana Iaungoikoaren naigurea egiteagaitik eta neure erriaren onerako: badauka zatiren bat neure gogoak, eta ez txikiena. Ai, ene bada ta! Biar bere ioan bearko dot nik Amandogana.

        Riktrudis onetan egoala, sartu zan Andre Luzia gizategian, eskuetan kaltzerdi-orratz zotzezko batzuk eta ardi-ari zatar edo ule lodia eroazala, bada orduan euskaldunen soiñeko eta oiñetakoak emakumeak egiten zituen, abarkak izan ezik. Iarri zan bere alabearen ondoan, sartu zituan zotzean iausita eukazan orratzaldaera batzuk, batu eban atzaparretan ule jira-bira, eta atzaparrak erabilliaz Riktrudisi begiraturik, esan eutsan:

        —Atorra ori asteko daukanan ondiño, neure alabea? Zeiñentzat don berori?

        —Ana Marirentzat. Donibanak artean ez dau bear da...

        —Ez dau bearko; baiña bear baleu bere, ez dakit amaituko ete eukean. I azan langillea eta igaroko lau egunetan ez don ezer egin ganoraz. Ez dakit nik zer darabilnan.

        Riktrudis begi bietaraiño gorri-gorri iarri zan, bere amak biotzeko gauzak ikusi baleutsaz legez. Etorri iakon gogarte guztiak esateko gogoa, baiña bildurtu egin zan. Zeiñek esan Andre Luzia bere alabeak begirune gozoagaz begiratuten eutsala prankotar bati?

        Amak ostera ez eukan buruan Riktrudisen usteko gauzarik, eta egin zituan itzak zerbait esateagaitik egin zituan.

        —Nik darabildana, Ama, nik darabildana.

        —Ez daukan esan bearrik, badakit eta...

        Odol barik gelditu zan Riktrudis au entzunda, Amak iarraitu eban arte.

        —Gauza guztiak zuzendu eta ondo ikusi naia. Bakea bear dala eta, alkarrenganako maitetasuna bear dala eta, or abill i beti. Nik neuk olango gauzak gizonentzakoak bakarrik dirala uste dot, baiña ez ionat ezer esango, badakit biotz onagaz egiten daunana eta. Edolan-bere ez daukan oraiñ neketan egon bearrik nai euana atera euan ezkero. Ozinbeltz eta Erebi aldean ingurauriko gizonak, sakabanatu ei ziran, Arnoldoren esanak entzun eta gero, eta ez ei da gudarik izango orain pixka batean.

        —Ez da bear bere, amatxo. Guda batek bere atzetik negar asko ekartzen ditu.

        —Ori ondo dakit neuk, iñok badaki. Baiña urteetan negarrez dagonak nai dau zerbait malkoen legorgarritzat.

        —Malkoen legorgarririk onena areiuai parkatutea da, amatxo.

        —Parkatutea! Neuk bere badakit parakatute ona dana, baiña, bazenki zenbat iruntzi bear dan!

        —Zerua gauza andia da, ama, eta zeruagaitik ori eta geiago bere egin bear.

        —Eta gaiñera parkatutakoan arroago geldituten iatzuz, gaizto, petral, arimabagako batzuk dituzu eta.

        —Zeintzuk?

        —Prankotarrak.

        —Ez danak, ama. Atzo, aitagaz Amandogana ioan nintzanean, ezagutu neban nik bat, eta aoa bete-betean esan leike, guztiz zala ona, arima samurrekoa eta kristiñau zintzo-zintzoa. Naiago neban zeuk ikusi bazendu, eta bere izketea entzun gaiñera. autortu euskun aspaldietako gudak prankotarrakgaitik izan zirala eta euskaldunakgaitik egundaiñoko gaizarik onenak esan zituan. Ia ba, aitak, besoak zabalduta, bere bularraren kontra estutu eban eta.

        —Zein?

        —Prankotarra.

        —Prankotarra Mendiolako Arnoldok bere bularraren kontran estutu!

        —Bai, andrea.

        —Edo ez diñozu egia, edo prankotar ori gizon doneren bat da.

        —Ez dot nik egundaiño guzurrik esan, dakidala...

        —Benetan, benetan, bai, ondo diñon, neure alabea; ez don ik iñoiz guzurrik esan, baiña neuk bere ez dot iñoiz olangorik entzun. Zein zan gizon ori?

        —Portunegaz aserratu zana, Amando apezpikoaren adiskide andi bat Adalbaldo dukea, gizon argia, edera, ona eta donea bere bai auzaz.

        —Ez deust niri ezer esan neure gizonak. Ez dakit nik egun oneetan emen zer dabillen. Euk biurtu ditun etxe onetako gauzak atzekoaz aurrera; euk erakuste eutsanaz otseiñai lanerako gogoa eta onbidea; euk emoten egunoro erakuste barriak eta arren gozoak; eu abill ezagun guztien artean Iesusen legea zabaltzen; eu az, diñoenez, inguruko landerrak dauken ongillerik andiena; eta euk eroango uanan Amandogana nire senarra. Ni baiño obea az, alabatxoa, Iaungoikoak gorde aiala eta.

        —Ez, ama, ez neban nik aita eroan, berak esan eustan niri, lagundu neiola. Eta ez eidazu niri ona nazala esan; neuk dakit nik zelango baltzuneak daukadazan ariman.

        —Baltzuneak! Ago ixilik, Riktrudis, ire baltzuneak besteentzat argitasun eta edergarri izango litzatekez eta. Itxi daiogun gauza orri eta esan eidan: zer egin zenduen Amandonean?

        —Ezer bere ez nik. Ioan giñan eta billatu genduan beregaz Adalbaldo. Amandok esan euskun bere antxinako laguna zala.

        Eta izketan eta izketan, apezpikoa, dukea eta gure aita, ezagutu eben alkar barru-barrutik, eta alkarren lagun egin ziran.

        —Eta batak bestea bularraren kontran estutu?

        —Bai, andrea. Zergaitik ez? Askotan, urriñetik gaiztoa irudituten iakuna, urretik maitegarriena dala, iñoiz. Zeure ustetan Aitz-barrengo burrukaria gizon txar, malzur, dongaren bat izango zan; baiña Amandoren etxean ikusi bazendu, gizonik doneena irudituko iatzun.

        Andre Luziak ez zituan Riktrudisen azkenengo itzak entzun. Bere senarragana ioakon gogoa.

        —Eta neuri aitatu ez —esan eban atseden txiki bat egin ondoan.

        —Nik uste neban aitak esango eutsula eta...

        —Zuk ez, zuk ez; aitak bada, aitak. Bakar-bakarrik, oerako arrenak egiten gengozala. Zeruetan zagozan gure Aita bat esan eragin eustan gure arerio guztiakgaitik.

        —Eta gogoz erantzungo zeuntsan! Ez da alan amatxo?

        —Bai bada, beti legez. Nik beti egiten dot arren neure seme maiteak il zituenakgaitik.

        —Ara non, ama, agertzen dan zeure biotz ederra.

        —Entzuin, Riktrudis —esan eutsan andre Luziak, bere alabearen lusintxa oni iaramonik egin barik— parkatuko deustan lengoan gogortxu egin neualako, ezta? Neuk bere ona izan nai dot, eu legez eta aita legez.

        —Parkatu diñozu? Iesus, Maria eta Iosepe! Zer gero parkatu? Zeuk uste dozun baiño bere obea zara eta...

        —Agur, gero arte.

        —Ama, beste gauza bat badaukat ba nik esateko...

        —Gero, Riktrudis, gero esango deustan; oraiñ beste zeregiñ batzuk daukadaz. Ara, aita ez dabill ondo, oian gelditu da gaur, eta zetan dagoan ikustera noa.

        —Aita ondo ez dagoala?...

        —Ez da ezer, ez da ezer —esanaz, ioan zan andre Luzia. eta ni bere beste gauza batera noa.

 

aurrekoa hurrengoa