www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Auņemendiko lorea
Domingo Agirre
1898

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Auņemendiko lorea, Domingo Agirre. Auņamendi, 1966

 

aurrekoa hurrengoa

VI
BIDEZ-BIDE

 

        Ona izango da irakurleari esatea, orain artean paperean ipinten ditudan gauza danak udabarrian gertarikoak dirala.

        Seireun eta ogetamazortzi-garrengo Maiatzak egun batzuk eukazan ondiño. Zerua garbi eta ederra agiri zan; sasi-masustak loratan egozan, garauren bat gorrizkatuten asirikoa erakutsiaz; loratan sagar-zugatzak, bedarrez ondo iantzirik muno eta zelaiak; bedar artean zuri, ori, eta gorri, mueta askotako lora txiki eta andiak, eta mailluki bat edo beste; sasitik sagastira eta adarrik adar, egaka, gasupaka, txio-txio bigunetan, txori bizkor urduriak; mendi gaillurretan beorrak; egaletan, artaldeak eta bei batzuek, eguzki epela artuaz bedar ianean. Baso itzalean mika zarren kurriska garratzak entzuten ziran.

        Baoian, baoian Adalbaldo, gaur Olabaratze esaten iakon erritik zear, bide zior batetik bera, Urotz eskumataruntz eta Ustaritz-ko basoak eskerretara itxita. Ez eutsan dukeak ezeri iaramonik egiten. Ondoan, nastean, laiñotan legez geldituten iakozan ikusten ziran gauza danak: beste izate bat eukan gogoan, agiri ez zan izate bedeinkagarri bat, euskal mendietako aingerua. Osterantzeko gauza guztiak aingeruaren edergarriak, ertzak, barrenak eta egalak ziran. Baoian, baoian tapa-tapa gure prankotarra, Amespetsutik berutz etorren errekatxo batek bidea ebagita itxi eutsanean. Asi zan alde batera eta bestera begira, errekatxoa nondik ondoen igaroko eteban iakin nairik, eta orduan ikusi eban, esker aldean, intxaur-zugatz azpian iarrita, narruzko zorro bat aurrean, eta zekaleagaz egindako ogia eta zeziñ egosia eskuetan eukazala, gizon mots, narras, traskil, motroillo, ipurlodi bat.

        —Aiskidea —deitu eutsan Adalbaldok— ondo al noa Kanbo aldera?

        —Bai —erantzun eban besteak, zirkiñik egin baga, eta kopau batean lau ontza ogi baltz aoan sartuaz.

        —Eta ez al da emen zubirik erreka onen gaiñean?

        —Or goragotxoan billatuko dozu.

        Adalbaldok ikusi ebanean gizona aiñ zabar eta desbegiratua, itandu eutsan, zein zan iakiteko gogoagaz:

        —Zetan zagoz zeu emen?

        —Beizaiñ.

        —Nongoa zara ba?

        —Mendiolako morroia.

        —Mendiolakoa? Arnoldorena?

        —Bai.

        —Eta Riktrudisena?

        —Baita.

        —Etxera zoazenean, bada, emon eikeozuez neure izenean gorantziak, eta Riktrudisi esaiozu ez nazala beragaz aztuko.

        Lopek, bada Lope Nagi zan beizaiña, baietz erantzun eutsan buruagaz: aoa bete-betean eukan zeziñaz eta ogiz.

        Ioan zan Adalbaldo bere bidean, eta Lope, bere mandxubea amaituta errekan dxangada bat ur edan ebanean, etzin zan zilbotaz gora, zan aiña luze, zorroaren gaiñean burua ipiñita.

        Baiña ez eban era orretan egon andirik egin. Agertu zan laster, prankotarrak ekarri eban bidetik bertatik, euskaldun gazte azkar bat, sendokotea, begirada gogorrekoa, agintari itxuraduna. Gezi, aizkora eta eizerako tresna guztiakaz etorren. Gelditu zan piska baten Loperi begira, eta zein zan ezagutu ebanean.

        —Aup! —deitu eutsan.

        Iaso eban burua Lopek aupadea entzun ebanean, egon zan piska baten begira eta ezer ikusi eziñik, argiari begiak ondo ipiñi ezin eutsazalako, eta ezagutu eban zein zan deitzailea.

        —Zu bere emetik, Portun? —erantzun eban beizaiñak.

        —Bai, eta eu ikustera.

        —Ni ikustera bai —esan eban morroiak barre antzean— Mendiolako alaba bakarra banintz, ez dot esaten baiña...

        —Eta zergaitik ez eu ikustera? noizean beiñ adiskideak ikustea bere otute iat niri.

        Onetan eldu zan Portun Lopeganaiño, ezarri iakon alboan, atera eban kurkubita-azalagaz egindako ontzi bat, eta emon eutsan Loperi, esanaz:

        —Artuik eta edan eik beintzat ardaoa.

        —Milla aingeru ederrak! Ez dator oraintxe txarto txarto ardaoa —esanda, oratu eutsan Lopek esku baikaz ontziari, eta dxanga, dxanga, dxanga, sartu eban urdaillera orain pitxerdi esango genduekean aiña bai.

        —Baiña, mutill, ezadi ito, zaskel ori.

        —Ito, diñozu, ito —ziñoan Lopek, arnasa andi bat artuaz, ezpanetatik kurkubitontzia kendu eutsanean— etxat ez niri ardaotan ito bearrik gertauko.

        —A! Sabelontzi astoa! Gizonak, edanzalea izan arren, ito egin bear al iok ba ardaotan?

        —Esakera bat da ori, iauna; baiña beste toki baten itotekotan, obea da ardaotan itotea.

        —Beti ago i ardao edo sagardao-egarrian. Ez al deuek etxean nai aiña emoten?

        —Nai aiña! Nai aiña! Ez da urrik emon bere. Eta arritutekoa eta mingarria da gero au gero. Beste morroi guztiai neurri barik emoten iake edaria. Mendiolako iauregian: neurri bakarrik neurtuta. zer deitxozu?

        —Moskortu egingo az eta...

        —Moskortu! Izten al dabe ba moskortuten ba? Upalategira sartzen bere ez deuste izten da. Eta txarren txarrena etxeko andre gaztea da.

        —Zein? Riktrudis?

        —Riktrudis.

        —Txotxo gero, begiraikek gero zer esaten dokan. Beste beiñ entzuten beustat Riktrudis txarra dala, sustraietatik aterako uat eure min luzeori.

        —Baiña, ez zaite aserratu, iauna. nik esan nai nebana da iardulea dala gure etxeko andratxoa. Ardaoa geiegian ez dala ona, bera urzalea da eta, arimearentzat kaltegarria dala, gizontasuna galduten dotala, au dala, ori dala, neure onagaitik esaten deustala, eragin beti.

        —Bai eta ondo eragiña. Ilango buru gogorrekoari, eragin eta erabilli eginda bere, etxakue berealangoan sartuten egia. Ik beintzat ez dok ondiño ikasi neurrian edaten, entzun-alak entzunda bere.

        —Neurria zelangoa dan. Nik neure gogoagaz neurtuten dot eta.

        —Eta ire gogoa bein berez ase. Baiña neuk aseko auat, neuri gauza batzuetan lagunduten badeustak.

        —Lagundu, iauna? Bai, bai, bai. Lan andi andia ez bada... Zu niretzat beti zian zara emoillea eta ni emoilleen alde nago betil.

        —Lanik baperez, alperra. Mendiolako barriak neuri noizean bein ekartea, eta neureak, bear bada, Riktrudisi eroatea.

        —Ori baizen ez bada...

&&&

        —Orixe bakarrik. Eta gero ardaoa edop sagardaoa edo nai dokana ugari, zerbait egiten deustakan bakotxean.

        —Tximista-tximistea! Olangoak dira gizonak, olangoak. Portun, agindu eidazu niri edozer gauza; gorputz eta arima naz zeurea.

        —Lenengo egin bear deustakana da, etxera oanean, goranrziak emon Riktrudisi, eta ikusi ondo zelango arpegia ipinten daben berak.

        —Orixe berori esan deust bere batek bere: Arnoldo eta bere alabeari gorantziak emoteko.

        —Beste batek? Zeiñek?

        —Ez dakit nik bere izenik; prankotar gizon eder bat zan.

        —Prankotarra! Non billatu dok?

        —Ementxe zear ioan da. Baiña zergaitik ipinten dozu aiñ arpegi aserrea?

        —Nora ioan da?

        —Kanbo aldera ondo ete doan itandu deust.

        —Noiz zan ori?

        —Ez dakit bada nik. Orain ordu bete inguru edo...

        —Arraio, arraio, arraio zikiña!

        —Baiña zer iazo iatzu...?

        —Nondik etorren?

        —Iangoikoak badaki. Azkaindik edo, Uzelaitik edo, Saratik edo: bide onek toki askotara ioten dau eta. Bear bada Mendiolatik? Baiña ez, Mendiolakoentzat eskumunak emon destazanean, beste tokiren batetik etorriko zan.

        —Ederra zala diñok?

        —Ederra? Gizon gitxik bardinduko daben gizakoa. Zeu baiño piskaren bat andiagoa, azal garbi zuriduna, zerua baizen ederrak diran begi ederren iaubea.

        —Zelango bizarra eukan?

        —Bizarra gorrizka samarra, ondo orraztua.

        —Tximista gorria! Bera balitz!

        —Zein, iauna?

        —Lope, eidak ik esandakoa, eta etxak damutuko. Ozinbeltzen badira gero bildotx onak bere.

        —Bai, iauna, badakit... eta guztiz zalea naz.

        Iagi zan Portun lurretik.

        —Non ikusiko gara biar —itandu eutsan Loperi.

        —Biar bere, iauna, emen edo. Ni ez naz soroetan lan egiteko osasun onekoa bere eta, gogotsu-gogotsua bere ez da, mendira bialduten nabe geienetan.

        Artu eban Portunek Adalbaldok eroan eban bidea bera, baiña lau oiñkada egiñ baiño lenago biurtu zan Lopeaganontz, eta esan eutsan:

        —Emon gero Riktrudiseri prankotarraren eskumunak eta entzun ondo zer esaten daben.

        —Bai, iauna, bai, eta, izango al dogu biar ardaorik?

        —Ekarriko deustat kok egin arte edateko aiña.

        —A! Ze ona zaran! Emen egongo naz ni egunetik laster.

        —Or egongo az i bai, moskorrondo baldres ori —ziñuan Portunek beretzat, bere bideari itxi baga. eta beste gogamen bategaz oinkadak zolituta, aopean esan eban: ai bera balitz, eta atxituko baneu!

        Lopek ostera, barriro etzin baño lenago, baziarduan bere artean: «euretzat iaok, Ozinbeltz, or aurrean ioan dokana: bizkorra ez bazan bera! Motza eta gauzak esango ditue nigaitik baiña, ezagututen dot nik zeiñ zer dan eta zetan dabillen».

 

aurrekoa hurrengoa