www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Auņemendiko lorea
Domingo Agirre
1898

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Auņemendiko lorea, Domingo Agirre. Auņamendi, 1966

 

aurrekoa hurrengoa

XIII
BAKARTADEAN

 

        Igaro zan udea. Udazkena etorri zan bere aize otz, euri zaparrada eta egun laburrakaz. Zugaztietako orriak, beren ezadea edo ezetasuna galdurik, oritu ziran lenengo, erdi zuritu gero; eta azkenerako iausi ziran, batzuk berekauz berez), euren burua igarri ikusita lotsatu balira legez; eta beste batzuk, oraindiño adarren gaiñean bizi gura ebenak, kendu zituan nai eta-naiez beren tokietatik aizearen indarrak, eroan ebazan bide luzean gora-goraka bildurgarrizko jira-bira neketsuetan, eta bota zituan gero bazterren baten, an, eskutuan amaitu eien euren bizitza zistrin mengela.

        Eta bazter sokoetan egozan alkarturik orri mueta asko, muna azpietan, ate ostietan, erreka ondoetan; pagodikoak, gaztañerikoak, intxaurdikoak; zumardi, lizardi eta ariztietan iaioak, sasi-larretan bizi izandakoakaz batera. Danak batu zituan arerio batek: aizeak; danak ziran aizearen bildur. Soiñu piska bat entzun orduko ikaraz egozan: guda batetik azpiratuta gero igez egindakoak zirudien.

        Basoetako zugazti danak, andi eta txiki —piño, arte, eriñotz, kaudan, gorozti eta giñarren batzuk izan ezik— soill-soill eta azur utsetan gelditu ziran; eguzkiari indarra gitxitu iakon; gabak luzatu zituan bere orduak, errekak ugaritu zituen euren urak; eta laiñoak goialdeak artuta gero, mendi egaletatik bera bialtzen zituan zati batzuk, baratz-baratz...

        Zein damorrigarria egona Sortitza! Zein illuna Mendiolako iaregia! Ez zan iarten iñor Arnoldo zarra ugazabarentzat gordeta euki oi zan sukaldeko aulki zabalean: andre Luziaren irudi agurgarria ez zan iñondik agiri: biak il ziran.

        Biak? Andre Luzia bere bai? Noiz eta zelan? Goiz batean, bere gelatik urten da, Riktrudis Amarengana egun onak eta laztan bat emoteko usteagaz sartu zanean, illda billatu eban, arpegi gozotsuagaz, Arnoldok eriotzako orduan euki eban kurutzetxoa bere ezpanean gaiñean eukala. Ama Mariaren Iaiotzako eguna zan, Iraillaren zortzigarrengoa; aurreragoko egunean egin eben Ama-alabak autorketa on bat Amandogaz, eta goiz atan Gure Iauna artzeko ustean ziran; baiña Iaungoikoak gura izan eban, askoren ustez, andre Luzia zeruetara eroan, arpegiz arpegi Egillea, eta zeruko Erregiñaren omenean egiten ziran iaialdi ederrak Arnoldo eta semeen ondoan iarririk ikusi eizan.

        Untza ezin bada bizi, orma zarra iausi zan ezkero, arri azpian, ausitan, zapalduta, eguzki barik, gorutz burua iasoteko zeri eldurik ez eukala! An egoan orma barria, Riktrudis, laguntasuna emoteko gogoagaz; baiña landara zar apurtuak erro barririk botateko indarri ez eukan, eta ill bear! Zugatzen orriak igartzen asi ordurako andre Luzia igartu zan.

        Eta bera lurretik Zerura ioan zanean, gelditu zan Mendiolan Riktrudis, ainbeste ondasunen iaube, ainbeste morroiren etxeko-andre; baiña bakarrik! Erregiña bat legez zan, baiña erregiñ umezurtza! Baeukan laguntasun on bat Pedro Marigaz, esondari iakintsu bat Amandogaz, baiña gurasorik ez! Auzokoak eta erritarrak erruki eben, bere gurasoen aideak maite; baiña erritarren errukiak negar-gurea emoten eutsan, eta aideen maitetasunak gurasoenak lango eztitasunik ez eukan. Ai! «Aita» etxea bete-beteko izena da, eta «Ama» esaten barriz ao guztia eta anima dana gozo-gozorik geldituten dira. Eta Riktrudisek, aita ill iakon ezkero, etxea utsik billatuten eban; ama ill zanetik aurrera, otza, legorra eta beastunez betea gelditu iakon arimea.

        An bilatuten zituan, iauregiko bazterretan, Aitaren eta Amaren gomutagarriak: aizkorak, geziak, dardarak, makillak; soiñekoak, oiñetakoak, oiak; goruak, ontziak eta tresnak, baiña gurasoen dei bat egundo aitu eziñ, euren iarri-lekuak beti utsik. Baeban erakida ona, baeukan beste gauza guztien gaiñetiko Iaunaren maitetasuna, Bere gurari donea bete gura eban; baiña, beste iaio garan guztiok legez, biotzaren erdian atsakabe andiak eukazan.

        Aitarik ez, amarik ez, eta ames bigun bat bere ez! Nora botako zituan bere begiak? Izan zan une bat ames gozoetan orduak ioan iakozana. Ezagutu eban bere biotz guztia beteko eutsan gizon bat, ona, arteza, zintzoa iritxiz: gizon orrek ez zala beragaz, Riktrudisegaz, aztuko esan ei eban; baiña ioan zan erdal errira, erdal errikoa zan eta, eta geiago aren barririk euskaldunen artean ez zan iakiñ. Ikaratu egiñ ete zan Auñemendira geiago etorten, Portunegaz bere burua topoz topo egin ez eian? A! Ez, Adalbaldo ez zan ikarakorra. aztu egin ete zan? «Bai, aztu» ziñuan bertzat Riktrudisek, etxetik urreko zelai batean, gogamen illunakaz, batera eta bestera ebillela. «Zelan ez ba? aiñ gaztea, aiñ ederra, aiñ aberatsa, kondeen eta lenapezpikoen anaia, erregeen laguna, iauregirik apainduenetan bizi dan gizona, zelan gomutau leiteke luzaroan mendiko alaka zirzill bategaz? Eta ni ez naz aztu, ni eziñ aztu neiteke, egun batean bakarrik ikusi neban baiña! A, ze ameslaria izan nazan! Zenbat bidar egin dot ames Adalbaldoagaz ondo izango nintzala; etxadi on bat sortuko genduala bioen artean; gauza on ugariak egingo genduzala biok gure mendian eta prankotarraren errietan; Iesusi zor deutsagun maitetasuna erakusten biziko giñala beti. amesak ziran danak! astiune luza batek erakutsi deust, amesak eta neure arrokeriaren alaba dongeak zirala. Eta alperrik gura dot neure burua zuritu, norbaitek amesetan lagundu deustala gogoratuaz: egia da Amandok esan eustala Adalbaldo guztiz zala egokia niretzat: egia da neure Aitak bere, eriotzako orduan bertan, Adalbaldon izentau eustala niretzako gizakoa legez; baiña zergaitik? Neure zaletasuna ezagutu ebelako, neuri eusten maitetasunak itsutu zitualako. Neuk neukan nik neure barruan Adalbaldoganako maitetasunaren iturburua, ainbeste illabetean egin ditudan amesen iatorri txarra. Ondo egiten dau Adalbaldok nigaz aztutea, nodo egiten dau. Ni baiño obea bear dau beretzat, ni baiño obeak edonun eta errez billatuko ditu; baiña nik baiño geiago gurako leuskionik... ez dakit. Neure bizitza guztian maitetuko dot, Iaunaren iraintasun baga, garbi eta zuzen; beti erregutuko deutsat Aita Zerukoari dukearen onagaitik, eta iñoiz iakiten badot ondo bizi dala, arreba bat bere anaiaren onagaz poztuten dan antzera poztuko naz».

        «Mendian biziko da mendiko alabea, mendirako iaioa izango da eta, menditik bedeinkatuko dau bere Egille Altsua, menditik emongo deutsaz eskerrak, eta baita kurutzeagaitik bere, zerren kurutzeak eurak arimarako ondasunak diran. Zeruagaz ames egingo dot gaurtik arrerantzean: an daukat aita, an daukat ama; neure anaiak an egongo al dira, an daukat betiko zoriona nire zain. arutz ioan bear dot ausardi andi bategaz, arantza artetik zear, neure bidean al ditudan ondo egite guztiak egiñaz. Nire atarira eskale beartsurik badatore, billatuko dau Mendiolan biotz onagaz emongo iakon ianaria, edaria, iantzia eta itunde ona; aurkituten badot ez-iakiñean eta griña tartean bizi danik iñor, dakidan egi apurra eta Iaunaren agindu donea erakutsiko dautsadaz, eta neure eskuakaz ekarriko dot bide artezetara, al badot beintzat: billatzen badot norbait negarrez eta neketan ezbearren bat egiteko zorian dabillela, neuk esango deutsat zer dan eroapena eta erakida onean bizi izatea. Eta siñistuko dauste neure kondaira esan daiuedanean, eta ekarriko ditut kurutze azpira, eta astuntasunik andienak gogoz eroango ditue zeruko zoriontasunaren penzudan eta gauza guztien gaiñetik maitetuko dabe Iaungoikoa».

        «Eta maite ete dot gero neuk, gauza guztien gaiñetik? O! Ziur-ziur nago onetan gaur, iñoiz bildur izan nintzan baiña. Egia da Adalbaldo maite dotana, lagun urkoa maite izan bear dan irudira, lagun urkorik onena legez... eta geiago bere bai; egia da zoro-zoro eta bide baga beragaz alkartuteko asmoak euki ditudala; baiña len, oraiñ, gero eta beti, Iaungoikoa lenengo, Iauna Lurbirako ondo izate eta maitetasun guztien aurretik, eta Iaungoikoari zor deutsadan maitetasuna galerazoteko balira lurbirakoak, egundaiño ez agertuteko eran ito eta ondatuko nituke, aterako neuke erraietatik kanpora neure biotza, eta zapalduko neuke neure oñazpian Iauna baiño geiagoan gizonik maitatu baiño lenago. A! Goietan dagon Iaun betikoa maitetasun utsa da, Edertasuna berbera, zoriontasun guztien Iturria, ontasun danen sustrai ederra, alizate neurribagakoaren Iaube bakarra;... eta gizonak barriz, lurtarrak izanik lurrean dabliz arrastaka, eta maitaleenak asperkorrak dira, ederrenak itxusi, zoriontsuenak negarti, onenak oker, eta andienak txiki, urri, ezerez batzuk, Egillearen ondoan ipinten badira. Gauza bat da norberak gurari batzuk eukitea erbeste onetan, aldatz goretarako lagun on bat nai izatea, batari edo besteari lagunik egokiena legez begiratutea, edo norbait etxadikoak legez edo geiago baldin maitetutea; eta beste gauza bat, erbestetik Betiko Errira biotza iasorik, maitatutea gure Aitarik onena, gurtuaz, bedeinkatuaz; Izaterik Done, Artez, Gozo, Bigun eta maitegarriena legez begirunetuaz.

        »Nire asmoak aurrera eroateko indar gitxi daukadaz, neurez; baiña Iesusek bear ditudan guzitak emongo al deustaz. Eurakaz neure gogoak beteko ditudala uste dot, eta geroko saria irabazteko ondasunak iaditxiko ditudala.

        »Beste orrenbeste egiten badau Adalbaldok, zeruetan billatuko dogu alkar.

        »Eta egingo dau; sinistuten dot eta itxaron neike, eta ikusiko dogu batak bestea.

        »Bealdeetan, uri andien erdian bera, nire uste barik, eta mendian, Adalbaldo beti gogoan dotala, biok izan geintekez Iaunaren seme-alaba onak, eta biok irabazi geinke betiko desnekea».

        Riktrudis olango gogarteakaz ebillela, inguruko zugazti batetik zelataka eta begira eiokon gizon bat. Portun zan. «A ze zurbill eta galdua dagon! —ziñuan— zenbat argaldu dan, zeiñ illuna deitzodan! baiña zein maitegarria beti! Baleki ni emen begira naiokona, laster igez egingo leuke onetatik, oriñak eiztaria ikusten dabenean legez. Eta neure eskututik urteteko gogo bat badaukat! Berba batzuk esateko gurari bat bai! Ez ete leuskit arpegirik emongo bada? Onaxe begira dakust oraintxe. Ikusten ete nau? Ez, ondo estaldurik nago ni. Ganera, nora begira dagon bere ez daki orrek. Negarrez dago. Ze gogamen ete darabilz buruan...? Iñoren bitartez ibillita ez dot egundo ezer atera, eta neuk egin bear deutsat gaur berba, arpegiz arpegi».

        Esan eta egiñ, bere zulotik urten eta sartu zan Portun zelaira lenengoan uste baiño ausardi gitxiagogaz. Gizon baten aurrean iarki eta ukabilkada bat edo aizkorakada bat emotea, eta maite dan emakume baten ondoan itz bigun ekarkorrak esatea, ez dira bardiñak: baterako indar eta gaikera andiak eukazan Portunek, besterako ez zan gauza. Gaiñera, zenbat eta sakonagoak diran biotzaren gurariak, ainbat eta estuago izaten oi da bat gura dan gisara eurak agertuteko. Ez da iakiten nundik asi eta zelan amaitu. Ori gertau iakon Portuni bere.

        Riktrudisek barriz, bere aldetik ez eban bapere mugidalderik erakutsi. Ozinbeltzkoak egoan zulotik urtetean atara eban abarrotsa eta ostikopean zapalduten zituan orri igarren kirri-karrea belarrietara eldu iakozanean, begirada batean ikusi eban Portun; baiña biotzak ez eutsan taupada bat emon Riktrudisi.

        —Egun on —esan eban gizonak, dana kokoloturik.

        —Egun on —erantzun eban emakumeak—. Zer darabilzu emetik?

        —Zeu ikusteko gogoak bakarrik ekarri nau.

        —Ikusi nazu, bada, eta amaitu dozu zeure arloa.

        —Baiña zer edo zer berba egiteko gogoa bere badaukat.

        —Ori bere egon dozu, eta zeure zeregiñak amaitu dozuz emen. Agur.

        —Orixe da iarduna ebateko artaziak daukazuzana. Ez egizu aiñ laster igesik egiñ. Gelditu zaite piska baten. Erantzun egidaz. Aserre zara, Riktrudis?

        —Iñogaz bere ez naz ni aserre —erantzun eban, etxeruntz artu eban bideari itxi barik.

        Portun zelaiaren erdian gelditu zan, ez atzera eta ez aurrera, igesik ioianari begira...

        —Errukarria ni, eta errukarria ori bere —zirautsan bere buruari Riktrudisek, ia etxera sartu zanean.

 

aurrekoa hurrengoa