www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Auņemendiko lorea
Domingo Agirre
1898

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Auņemendiko lorea, Domingo Agirre. Auņamendi, 1966

 

aurrekoa hurrengoa

XIV
POST NUBILA

 

        Ordekatik zelaia) etxera ioan eta ordu bete inguru geroago, leio baten ukalondoak ipiñita, kanpora, marboill alderantz begira egoala, Riktrudisek Mendilako bidetik zear etorrela eliz-gizon bat ikusi eban. «Ai, ene! Amando da», esanaz, iatzi zan aida batean atarira, apezpiko iaunari arrera on bat egiteko ustean.

        Zer dakarzu, iauna —itandu eutsan— alde onetara?

        —Barri onak zuretzat —erantzun eban Amandok.

        —Niretzat barri onak, iauna? Nongoak gero?

        —Or, bealdetik, bart arratsean agertu iatan prankotar gizon bat, albiste batzuk ekarriaz eta beste batzuen eske.

        —Riktrudis dardaraka asi zan, eta sukalde bazterretara begira iñor inguruan ete egoan ikusi nairik.

        —Sartu zaite, iauna, barrura —agertu eutsan— eta iarri zaite aulki batean, nekatua egongo zara eta.

        —Ez nago nekatua. Orrez gaiñera, zuganakoa egiñ ondorean, emen urreko etxadi batera ioan bear dot, beste arazo batzuk badaukadaz eta. Baiña ez zaite ikaratu, emakumea. Ez deutsut bada esan albiste onak dirala?

        —Zertzuk edo zeiñenak, iauna?

        —Ez diñotsu ezer zeure biotzak?

        —Nire biotza illunpetan eta gaixorik euki dot aspaldian, eta gaixo erre zitalen antzera, doillorkeriak esan izan deustaz luzaroetan. Mututurik egon izan balitz obeto neukean. Gaur, atan bere, sartu iat bere gelaraiño argi-erraiñu bigun bat, ikusi eragin deutsadaz biotzari gauzak direan legez, eta asi iat zerbait esaten bear dan eran.

        —Osatuko iatzu beraz?

        —Osatuteko bidean iarri dot beiñik beiñ.

        —Eta argi-erraiñu osagarri ori nondik etorri iatzu?

        —Argi guztien iatorritik, iauna: Zerutik etorriko iatan.

        —Zelan baiña?

        —Ni zeiñ nazan eta... besteren bat zeiñ dan adierazoten emonaz, biotzaren asete eta betekada osoa non dagoan erakutsiaz, Iaungoikoaren gurari donea ondo egiteko arimea indartuaz, maite ditudan guztiak zeruan aurkituko ditudala gomutaraziaz.

        —Erakidara zagoz, ikusten danez. Lurrean ez dozu geiago ezer opa?

        —Bai, iauna, erakidara nago: lau edo bost eguneko orduak edozetara igaro leitekez, eta ondo igaro, geroko itxaropena badaukagu. Eta alan bere, egia esan bear badeutsat, bet oi dotan legez, Zeruak neure guraria bete nai baleuskit, Iaunaren aserrerako eta nire arimearen kalterako ez bada, gauza bat opa dot...

        —Ez esan geiago, badakit zer dan eta. Iaungoikoak zeure naigurea bete gura deutsu, Riktrudis. Zeruak zure doskañia ikusi dau, eta Abraanen lenagoetan saritu eban legez, erbeste onetan bertan saritu gura deutsu. Adalbaldoren albisteakaz naiatorzu. Gogoan zaukaz, eta maite zaitu.

        —O Iauna, Iaun zerukoa! Zeiñ ona eta errukiorra zaran! Eta nik, bear bada, ez dot Zugan naiko ustakida izan, eta Adalbaldogaz bere ez. Zer diño berak, iauna?

        —Nire etxean izan eta laster bere erregegana ioan bear izan ebala diño, eta an egon dala bere aginduak egiten eta zugaz egundo aztu barik. Zure gurasoak ill zirala badaki; zu zetan zagozan iakin nai leuke.

        —Zeiñek esan deutsa nire gurasoak ill zirala?

        —Neuk. Beiñ baiño geiagotan emengo albisteak bialdu deutsadaz.

        —Bada orduan ni zetan nagoan bere esango zeuntsan.

        —Baita, baiña gaur ori ez da naikoa: zeuk esan bear deustazu garbiro Adalbaldogaz izateko oartasun, zedal edo naiezik ete daukazun edo ez.

        Riktrudis nora begiratu ez ekiala egoan, ikaraz, oso artega, urduritua, nabarmena, lotatik datorrenean eguzkiak gorritzen dituan odeiak baiño gorriago. Eguzkiaren argi eta berotasun guztia etorkon bere arimara.

        —Niri, iauna, ezdeust berak egundo olango gauzarik esan —erantzun eban, dana moteldurik.

        —Neuk diñotsut oraintxe bere izenean.

        —Berak itauntzen dau ori?

        —Berak. Zer erantzungo deutsat?

        —Iesus Maria! Auxe da!... Zeuk ez dakizu bada?

        —Bai, baiña zeure aotik nai neuke entzun gaur, billosnarru mee baten ipiñi daidan zer erantzun deustazun.

        —Ara bada, nik ez daukat nai ezik baiña...

        —Zer? Baiñakaz zatoz orain?

        —Itxi eidazu, bada, amaitu artean, iauna. Nik ez daukat nai ezik, baiña berak...

        —Berak bere ez, itxureak diñonez beintzat.

        —Eta damututen baiako gero?

        —Eta zeuri damututen baiatzu?

        —Niri ez iauna, orixe ez!

        —Berari bere ez.

        —Zeiñek daki?

        —Neuk dakit.

        —Bein baizen ez nua ikusi eta.

        —Zeuk zenbat aldiz ikusi dozu bera?...

        —Bada orduan, zeuri ondo badeitzazu... esan zeinkio...

        —Zer?

        —Nik ez daukadala ezetzik.

        Arpegi gozotsuagaz esan zituan ona arteko berbak Amando iaunak, baiña Riktrudisek azkenengoak amaitu ebazanean, kendu eban apezpiko doneak bere ezpanetako barrea, iatzi eta batu zituan bepuruak, illundu eban piska bat bekokia, eta guraso batek bere alaba on bati legez, asi iakon esaten Riktrudisi:

        —Ez dogu amaitu ondiño, enetxoa. Gauza bat egin baizen lenago zerzelidade guztiai ondo begiratu bear iakue, eta baietza emon ordurako, berak dakarzan astuntasun eta ibilbide guztiak ikusi eikezuz, begitanduer edo irudipenen atzetik itsu itsuan iarraitu barik. Adalbaldo ezingo da bizi Euskal-Errian, noizean bein eta ereti batzuetan ez bada, zerren Dagobertoren mendekoa dan, eta bere aginduak bete bearko dituan prankotarren artean. Zu barriz, mendian iaiorikoa zara eta mendian daukazuz zeure sustraiak, asaba eta gurasoen etxea, zeure ondasunak eta zeure biotza. Izango dozu naikoa gogo eta indar zeure senarragaz Euskal-Erritik kanpoan bizi izateko ill osoetan, urte luzeetan, beti bear bada? Gogamendu egizu gauza ori ondo, baietza emon baiño lenagotik.

        —Gogamendurik daukat, iauna. Maite dot neure mendia: tokirik ederrena deritxot, eta beragaitik, beste Lurbira guztikoak salduko nituke. emengo arri bat beste errietako iauregi bat aiña badala uste dot, bertan daukadaz neure gomutak, bertan neure guraso eta anaien azurrak. Ez dot nik Euskal-Errira alde batera itxiko egundaiño. Naroian tokira naroiala patuak edo Iaungoikoak, euskalduna eroango nau, euskalduna biziko naz toki guztietan. Neugaz ioango dira erririk erri Euskal-Erria, bere izkerea eta bere ekanduak; euskerea erakutsiko dot non-nai, neure erritarren lege zarra adierazoko dot, al dotan giñoan. Nire gomutea, nire adimena, nire biotza, nire izakerea, euskaldunarenak izango dira beti; eta edozeiñ lekutik, nire begiradarik gozoena neure mendientzat izango da, eta nire arrenik bero, sutsu eta onena euskaldunentzat eta euskeraz egiña. Euskaldun izakerearen zabaltzaillea izan gura neuke nabillen tokian nabillela. Zergaitik, aiñ onak bagara, zergaitik zabaldu ez geure ontasuna? Ez diñogu, eta egiaz, erbestekoak euren ekandu txarrak gugana dakarrezala? Zergaitik, bada, guk, areen ekanduentzat muga gogor bat ipinteari emen iarraituaz, ez doguz gureak erbestean zabalduko, ereti ona dogunean? Norabaitera ioan bear dabenean, zergaitik euskaldun Lurraren alderdi guztietan, kristiñauak kristiñau izan bear daben gisara? Zergaitik gure arraza menditarra besteak baiño geiagokoa eta obea dala ulertarazo ez? Euskal-Errirako txarra al da, gure euskalduntasuna galdu barik, gure ekanduak erbestekoan aurrean erakustea? Kristiñau batek besteak kristiñaututea ez al da ondo? Noiztik onara da gauza on guztiak gordeta eukitea egitekorik onena? «Euskalduna nazan aldetik euskaldundu, kristiñaua nazan aldetik kristiñautu»: ori da nire oinkada eta ibillera guztietarako daukatan azalki eta gogo errimea. Arima barruan gorderik gurari andi bi ditut: Mendiolara natorrenetan, euskaldunakgaitik egingo ditudan lan guztien sarigarritzat, menditarren aldetik arrera on bat aurkitutea: Iaun zerukoak Beregana deituten deustanean, fede eta lagun urkoaren alde Lurrean erabilli ditudan arazo eta lanbide guztiakgaitik, zeru ederretan abegi on bat izatea.

        —Ondo diñozu, Riktrudis —dirautsa apezpikuak—, ondo diñozu eta zu ondo zoaz. A! euskaldun guztiak bide orretatik iarraituko balebe! Zure erriari zor deutsazun maitetasuna lagun urkoari zor deutsazunagaz alkartu nai dozu, eta guztiz ondo gura dozu. Bakotxak bere erriari izan bear deutsan maitetasuna era bitakoa dala deitxot nik. Norbere buruarentzat daukagun maitetasun itsu, arro eta okerretik dator bata: gure biotzean berez, txiki-txikitatik, zelan ez dakigula sortu oi da; asten da geugaz batera, guztiz neurribarik, eta ez dau gure biotzetan beste maitetasunentzat tokirik izten. Dana bear dau beretzat: bereari bakarrik deitzo andia, ona, zindoa, zuzena, ederra eta egiazkoa: besteen gauza guztiak, erkiñ, makal, zirzill, motel, txiro, doillor eta guzurrezkoak iruditen iakoz; eta zenbat eta norberagandik urriñagokoak, ainbat eta erkiñ, makal, zirzill, motel, txiro, doillor eta guzurrezkoaagoak. Norberarena izan ezik, etxekoen gauzea izango da zelanbaitekoa, edo norbere erritarrena geienez; baiña erritik kanpora urruiñgarria ez dan gauzarik ez dago. Eta ortik etorri oi dira ikusi-eziñak, gorrotoak, itsumenak, Iaunaren legea austeak, lagun urkoaren kalteak eta arima askoren ondamendiak. bigarre erako erri maitetasuna ez da olangoa, zerren daukan Iaunaren anaitasunezko lege biguna bere zuzentzaille eta artizartzat. Norbere gauzeari obeto gura izan arren, urrena dalako, obeto ezagututen dogulako, edo biotzak alan aginduten deuskulako, geiegikeriak kenduten deutsaz biotzari eta adimenari itsutasunak, besteen egokitasun eta doiañak ezagutu eta autortzen ditu, ez dau iñor urruindutren, eta Iaungoikoaren izenean edozeiñ maitetuten dau.

        Zuk olan gura deutsazu Euskal-Erriari: erri guztien gaiñetik dozu maite, zeurea dalako eta erririk onenentzat daukazulako. Maite eikezu aurrerantzean bere, amitegarria da eta; baiña emoizu edonun bakotxari berea... Eta ez diñotsut geiago. Agur. Iakingo dau Adalbaldok zuk esan deustazuna.

        —Agur, Amando iauna. Iaungoikoak lagun daizula, eta esker milla.

        —Iaungoikoari.

 

aurrekoa hurrengoa