www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Auņemendiko lorea
Domingo Agirre
1898

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Auņemendiko lorea, Domingo Agirre. Auņamendi, 1966

 

aurrekoa hurrengoa

X
ONDORENGOAK

 

        Aurreragotxoan ipiñia daukat, andre Luziari entzunda, Arnoldo osasunean ez ebillela ondo. gisagaixoa zarra zan, lan asko egiña, neke eta zaparrada asko artua eta bere garaian gizon sendo zoli, indartsu eta gogorra izan arren, aspaldietan, eta urteen astuntasunak amaituteko zorian eukan euskaldun aitona zindoa. eta urteak baiño geiago, igaroriko bere egun samiñezkoetan sorbaldean gaiñean artu zituan zartada mingarriak. Ia bada, irakurlea, zuk dakizun legez, bere alboan ikusi zituan il eta iausten seme galant bi, bere zartzarako itxaropen on bat emoten eutsenak, bere oiñordekoak, Mendiolako izengoitia guztiz garbi eta diz-diz eragiñaz eroango eben gizakoak; eta iruditu baiño ez daukazu zenbateraiño izango zan orduan Arnoldo gurasoaren biotzeko naigabea, eta iazoera orrek noraiño iango eutsan osasuna. Semeen eriotzea ontzat emon eban berak, Euskal-Erriaren alde il ziralako: ez eban kanpotik ezer erakutsi, baiña barru-barruan gelditu iakozan atsekabe eta negarrak biotz guztia puzoindotuten.

        Otxoak deitu eutsanerako, Arnoldo ez zan iñoizko Arnoldo. Burutsua eta anima andikoa egoan, gogorik onenetarakoa; baiña belaun eta besoak indargabetuak eta gorputza lurrera begira eukazan antxiñatxutik. makilla lodi baten laguntasuna izan ez baleu, ez eban Ozinbeltzeraiñoko osterea egin al izango. Alanda guzti bere, etxera eldu zanean asko geiagorako ez zan.

        Eta gero Amandoagana ioan eta an billatu eban gizonagaz itz egin ezkeroan, pekuan gelditu zan, ar andi bat asi iakon barru guztia iaten. Adalbaldo prankotarra zan, gizon donea, besteen argaltasunak ezagutu eta parkatuten ekizana, Arnoldoren eritxiaz, bera baiño azkozaz obea. Eta alango gizonak, Mendiolakoaren ustez, bat eta bi baiño geiago izango ziran prankotarren artean. An eta emen, ziñoan beretzat, onak eta txarrak dira, beste erri guztietan legez. Eta nik, danak txarrak dirala siñistu izan daroat gaur arte, eta txarrak bakarrik dirala erakutsi izan dautset askotan, prankotarrak ill ezkero neureak ilteari begiratu baga. Beti ibilli ete naz zuzen-zuzen eta neure Lurra ostenduteagaitik bakarrik, ala Euskal-Erriaren areiuai euki dautsetan gorrotoak neurritik kanpora erabilli ete nau? Zer esango ete deust Iaungoikoak?

        Olango gauzak erabilzan bere buruan Arnoldok Adalbaldo ezagutu eban egunean, gogarte zakonak eukazan eriotzea etorkonerako arimako gauzak zuzen ipiñi nairik, bada betorren, betorren, bere ustez, eta arin aringa atan bere.

        Gau txarra igaro eban, estu, bero, larri eta inkesaka, eta goizean iagi gura izan ebanean, burua ariña eukan eta sukar pixka bat gaiñera. Alan bere, oi epelean geldi-geldi egon eta ama-alabak emon eutsezan salda on eta palaguakaz, pitin bat bere tentunera etorri zan, guztiz sendatu ez arren; eta iai egunean, ost-ostean bada bere, ioan zan elizaraiño.

        Baiña elizatik etorreran iakin ebanean garbiro bidean erdi-sosmau ebana, ill eta gelditu zan Arnoldo gurea. Beukan arimearen aldetik gogo, kemen eta ausardi naikoa gaiñera iatorkon ekaitz dongea eroateko; baiña gorputzak ez eukan ezertarako indarrik. Ainbeste egunean erdi-ianean eta gogamenakaz burruka bizian burua ezin iasorik egoan gizon zarra, Pedro Marik emon eutsan albisteak nai eta nai ez amaitu bear eban.

        Ai ze atsekabea, ze atsekabea Arnoldorena! Eri zalegia izan ete zan bildurrez egoan orduan erri saltzaillea zala ziñoen! Euskal-Erri saltzaillea. Zein eta bera! Zeiñek asmau eban aiñ guzur arrigarria? Euskaldunak. Zeiñek siñistu? Euskaldunak. Erantzuera bi oneek Arnoldoren gaiñera, Gorbea, Anboto, Aitzgorri, Aralar eta Auñemendik batera euken baiño astuntasun andiagoaz iausten ziran, eta ezertarako adore baga izten eben lenengo, arnasarik artu ezinda gero: lerdatu, zeetu eta birrindurik azkenerako. Albistea artu barrian enparantzan urteteko asmoa eukan, baiña laster, oiñen gaiñean ezin egonik, iarri zan aulki zar batean, ipiñi zituan ukalondoak belaunetan eta esku zantsu argalen artean buru zuri gurgarria. Sartu zan orduan Riktrudis gizategira, eta aingeruak zeruan euki oi daroen gozatasunagaz esan eutsan aitari:

        —Aita, zerbait artu bear dozu: ara emen erretilluan salda ederra, eta alster ekarriko deutsut beste gauza on bat.

        Iaso eban Arnoldok bere burua; begiratu eutsan alabeari irribarre negarrezkoagaz, eta erantzun eutsan:

        —Ez, enetxoa, kalte egingo leuskit orain. Iolas-zelaira ioan bear dot, eta andik bekoki garbiagaz natorrenean, artuko dot gura donana.

        —Zer diñozu, aitatxo? Bekoki garbia? Zeiñek dauka zuk baizen garbia Euskal-Erri guztian?

        —Bai, baiña ori kanpokoak esan bear deuste, ez etxekoak bakarrik —erantzun eta iagi zan bazter batean eukan makillea artuteko asmoagaz, baiña zorabiau iakon burua, begiak lausotu iakozan, asi zan albo-alboka, eta iru edo lau oiñkada emon orduko, oso-osorik io eban beia.

        Iausi zan gorputzaren daunbadea eta Riktrudisen deadarrak entzutean, igon eben bekoak aida batean, iaso eben oera etxeko nagusia, eta asi ziran danak gora eta bera, arin-aringa eta estropozuka, batak saldea, besteak ura, onek gatza eta ozpiña arek okendua eta zapiak bilatu naian eta eziñ ezer eskuraturik, olango iasoeretan izan oi dan antzera.

        Ebagi andi bat egin iakon buruaren erdian aitonari, eta arpegitik bera odola zerion parra-parra. Zauri sakona zan, eta kortako amaraun guztiak odola geldituteko ez ziran naikoa, eta iñok ez ekian zer asmau. Alan bere, egin bear zan zerbait, eta zelan edo alan lotu eutsen burua.

        Arnoldo, bere emazte eta alabeak egiñalak egin arren, ez etorren bere konortera.

        —Zeiñek daki emen osagille on baten barri? —itandu eban Riktrudisek estu estu.

        —Emen, inguruetan —erantzun eban morroi batek— ez da izango osagillerik: bakotxak egin daroagu geure osasunerako al doguna, asabetatik ikasiriko miritzi eta bedarrakaz; baiña entzutea badot Ezpeletan badala gizonen bat olango gauzetarako asko ikasia.

        —Bada artu bidea antxitxika batean, eta arnaseak deutsun artean ez gelditu. Doiala beste bat Amando iauna gana, esan daiola zer gertau iakun, eta etorri al badei.

        Agindu guztiak Riktrudisek emoten zituan, bere ama ez zan ezertarako bere. malko samiñak ixurtuaz eriaren oe ondoan iarririk, ezkerreko eskuagaz senarraren bati gogor oratuta, eskumakoa bigun eta laban arpegitik erakilkola, «Arnoldo, Arnoldo neurea —zirautsan— ez nakuzu emen zure ondoan? ez dantzudazu? Eregi egizuz obeto zeure begi ederrok, begiratuidazu. Ara emen Riktrudistxo. ezdakuzu au bere? Ez zaite bada mututurik egon, neure senar maitea. lur onetako ondasun guztiak eta neure bizitzea bera baiño zure itz bat gurago dot. Esaidazu zerbait, Arnoldo, esaidazu zerbait».

        Olan egon zan andre Luzia oe ondotik aldetu baga luzaroan; baiña Arnoldok zirkiñik ez eban egiten eta berbarik gitxiago. Illuntzean orraitiño, etxeko andre biak eta Amando gela barruan egozala, zispuru luze bat emon eta pitin bat begiak eregi zituan. Urreratu iakozan danak, eta iñok itz bat atera baiño lenago esan eban osta-ostean:

        —Maite!

        —Zein maite, aitatxo? —itaundu eutsan alabeak.

        —Zu... eta ama... euskaldunak.

        —Eta Iaungoikoa?

        —Iaungoikoa... gehiago... ez dirudi baiña.

        —Nun dozu miñ, Arnoldo? —esan eutsan emazteak.

        —Buruan eta biotzean... biotzean batez bere... estanda egin ete deustan nago.

        —Osatuko zara: osagille on baten billa bialdu dogu Iosepe otseiña.

        —Alperrik! Ez naz osatuko, eta nai bere ez. Badakust eriotzea, eta ondo etorri izan dedilla. Zeuek ementxe itxi bearra...

        Lertuko ez bazan urten bear izan eban gelatik andre Luziak. Alabeak aitagaz berbetan iarraitu eban:

        —Autorrera on bat egingo zenduke, aita? Gauza ona da eta.

        —Pozik.

        —Noiz gura dozu?

        —Zeinbat lenago... obeto.

        —Ara emen apezpiko iauna.

        Biurtu eban burua gaixoak, esanaz:

        —O! Ez zaitut lenago ezagutu... Milla esker, Amando iauna: garai onean etorri zara. Ainbeste bidean...

        —Arima bati lagunduteagaitik Lurraren azkeneraiño ioango nintzateke: zuri, neure adiskide ona, zuri lagunduteagaitik onaiño etortea ez da ezer. Geiago eginko neuke eta pozarren...

        —Milla esker, iauna, milla esker. Nai dozunean asi geinkez.

        Urten eban Riktrudisek gelatik kanpora, eta an gelditu ziran apezpikoa eta Arnoldo bakarrik ordu erdi bat inguruan. Amandok atea eregi ebanean bera eta gaixoa biak egozan negarrez, biak erakidara eta Iaungoikoari eskerrak emoten.

        Ioan zan eliz-gizona andik ordubeteko bidean egoan elizatxora gure Iaunaren billa eta Mendiolakoak gelditu ziran otsandigoe atarako etxea maneau nairik. Artu eben naikoa zeregiñ. Gela barrua zuri-zuri iantzi eben, gizategi edo mandiota isats eta izuzkeagaz igortzi goitik eta beraiñoko mailletan olango ereti edo mugaldietarako ondo gorderik egoan eutaldea ipiñi; zuiñoldeak erratzagaz garbitu. Lan guztiak amaitu eta gelatik asita atariraiñoko argimutilletan kruzailloak iziotu edo biztu orduko, betorren gure Iauna Mendiolarantz.

        O! Zeinbat anditasun, zeinbat lotoskinde, zeinbat arimako samurtasun egoan Iaunaren etorrera onetan! Ia gaberdia zan; gaua guztiz illuna egoan, truxutsua; euria gogor eta ugari iausten zan, aritz, pago eta gaztaiña zarren orrietan soiñu latz, motel, zarraparradazkoa egiñaz; aizeak, gora eta bera, batera eta bestera erabiltzan zugaztietako adar eta ostroak Egilleari ongietorri on bat emon eragiñ gura baleutse legez, aleben gisara... eta an eioan gauza guztien laubea, ia gizonen gorte eta laguntasun baga, bide ziorretatik zear, aldats kera; Argitasuna izanik, illunpetan; Izaterik altsuena zala, ezerez dan gauza baten antzera, iñoren eskuan, Berak sorturiko seme argal gaixoaren mingoztasunak eztitutera. Amandoren aurretik gizon bat bakarra zan, esku batean argizari amatau edo itzalitako bat eta bestean zekekezko lasto moltso biztua zituala. Lasto-moltsoa aidean erabilten, gau baltzaren barruan ikaragarrizko ziamarrak egiñaz, eta noizean bein apezpikoaren aurrean ipinten eban, bide-zuloetan euriak egin zituan osintxoak ikusirik, alderatu zediñ al eban giñoan. Docebo iniquos vias tuas, —ziñoan Amandok bere arrenetan iarraiturik, fede-bagako euskaldun batzuen etxe aurretik eioala, —et impii ad te convertentur. Eta etxe atako txakurrak, argia eta oinkadak sosmau zituenean iratzarturik, zaunkaka, zaunkaka erantzuten eutsen Amandoren arrenari, esate donearen kontra gogarpegu gura balebe legez. Quoniam si voluisses sacrificium, dedissem utique —zirautsan aurreratxoago, eskuetan eukan Iaunagan baiño bestetan arretarik ipiñi baga, —holocaustis non delectaberis. Eta txakurrak, artu eben arloan aspertu eziñik, oso bertan batzuk eta guztiz urriñean beste batzuk zaunkaka zaunkaka ziarduen.

        Mendiolara eldu baiño lentxuago Amando eta bere lagunak billatu eben bidean, eurak legez dana bustirik eta basaz betea etorren gizon bat. —Zer da au? zeiñentzat da? —itandu eban. Baiña ez eban erantzuerarik bear izan, nora ioazan ikusi zituan eta. Barru guztia irakiten iarri iakon ezagutu ebanean bera Ozinbeltzen zan artean Mendiolako iaregian gertau zana, eta bere aurrean euki baleu orduan Ozinbeltzko mozoloa, eskuetako makilleagaz ilgo eban.

        Pax huic domui, et omnibus habitantibus in ea —esan eban Amandok Arnoldoren gela barrura sartzean. Gaixoak bere siñismen bizia agertu eta bereala, apezpikoak itandu eutsan:

        —Parkatuten deutsezu biotzetik zuri naibageren bat emon deutsuen guztiai?

        —Biotz-biotzez —erantzu eban oekoak.

        —Eta zeuk iñor itzez edo egitez naibagetu badozu, parka eske zaiakoz?

        —Parka-eske naiako. eta, iauna, neure barruko gogamenak agertuteko itz bi esan gura nituke orain.

        —Ezaizuz bada.

        —Neure bizitza guztian egin ditudan gauza danak onbearrez egin izan ditut, baiña ez ziran danak onak izango. entzun daiela orain nire etxekoak eta nire etxekoen aotik iakin daiela euskaldunak, oraiñ, eroitzako ate ondoan diñodana: euskaldunak alegiñak egin bear ditue, ill arteraiño, euren lurra, euren ekanduak eta euren berbeta ederra gordeten: arrotza gogorrean iaurti daiela erritik kanpora: ugre arteko gauzetan geuk izan bear dogu nagusi, etxekoetan etxekoak izan bear daben senera: lapurrak ostu dauskuena beti da gurea, gizaldiak igarota bere eta geure etxera ekarten saiatu bear dogu: bidezko gauzea da lapurren ondoan bizi dana lapurren bildur eta beti esna bizi izatea; baiña ez da ondo erbestekoari gorrotoa gordetea atserrritarra dalako beste baga: gauza okerra da guri egindako gaiztakeria ez aztutea, naiz eta gaiztakeririk mingarriena izan, niri egin deustena dan legez... Lurbira guztikoai parkatuten deutset, lurbira guztikoai parka eska naiakue, eta Iaungoikoak parkatu daidala neuri... Ondo esan dot, Amando iauna?

        —Ain ondo eze zuk emen esan dozuna euskaldun guztiak iakitea eta ikastea gura neuke... Arituizu, neure anai maitea, Iesukristo gure Iaunaren gorputz, odol eta Iaungoikotasun guztia zure sendagarritza. Berak parkatu daizuzala zure uts egiteak eta eroan zaizala betiko gozotasunera.

        Artu eban Arnoldok gure Iauna, eta gelditu zan ixillik, begiak itxita, eskerrak emoten. Iltzakotzat artu zeitekean, ain egoan zirkiñik bagea, baiña bere biotza iñoiz baiño bizi eta gartsuagoa eukan bere Iaunaren aurrean.

        Arnoldori bake-bakean itxita, Amando eta lagunak urten eben gelatik kanpora, soiñeko eta oiñetakoak aldatuteko, bearra bere baeuken eta; eta aldatu ondorean ioan ziran sutondora, piska bat epelduteko usteagaz. an egoan beste gizon bat bere, soiñekoak legortuten. Iosepek ekarri eban osagillea zan, eta, ziñoanez, Arnoldok ez eukan osatuterik. odolik bere ez eutsan billatu, tin-tin edo bultzadarik bere ez, izaera auldua eukan, eta olango bati Iaungoikoak emon eikeon osasuna, beste lurreko osagarriak ez. Buruko zauria ez zan ain andi andia: barruan eukan gatxa, barruan, eta gatx zarra.

        —Eta laster amaitu bear dau? —itandu eban Amandok.

        —Nire ustez —erantzun eban osagilleak— ez dau ordu beterik iraungo.

        —Gora noa ni —esanda, ioan zan Amando gaixoaren gelara.

        Orduantxe asi zan inkesaka Arnoldo. Arnasarik ezin eban artu, atseden bat gorputzari ez alde batera ez bestera ezin emon eutsan, burua izertara bere ezin eban ondo euki, izerdi larri otza asi iakon.

        Amandok azkenengo Sakramentua edo Orio Donea eutsan:

        —Riktrudis —deitu eban gaixoak— ni banoa eta gauztxo bat esan nai neuskizu zeuri bakarrik. Azkenengoa!

        —Esan egidazu, aita, gura dozuna.

        —Adalbaldo orrek... iñoiz aitatuko baleutsu ezer... baietz esan eikeozu. Ona da bera eta... norbait bear izan ezkero... bera baiño oberik ez dozu billatuko... euskaldunen artean bere. Ori da nire guraria.

        —Neurea bere bai, aitatxo.

        —Bai?... Noiztik?

        —Ikusi nebanetik, iauna.

        —Pozik ilten naz... Iaungoikoak bedeinkatu zaiezala biok... nik legez... Egizue bakea, eta euskaldunen ona... maite ditut eta!...

        Azkenengo berbak izan ziran. Artu eban eskuetan kurutze donea, osta osta ezpanetaraiño eroan ekan, eta aoa zabalik, Amandok berba onak esanaz parkamena emoten eutsala, il zan euskaldun bikaiñ argidotarra...

        Urrengo goizean ikusi eben Lope auzokoak, aginduren batzuk egitera zioala, erdi lotan, narras, nagi eta gogo barik, eta itandu eutsen:

        —Zelan da, Lope, ugazaba?

        —Ill da.

        —Ill? Aiñ laster? Zer izan dau bada?

        —Ptxe... Ill bearra. Ego aizeak baiño urte geiago eukan eta...

 

aurrekoa hurrengoa