www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Auņemendiko lorea
Domingo Agirre
1898

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Auņemendiko lorea, Domingo Agirre. Auņamendi, 1966

 

aurrekoa hurrengoa

XII
ILL GAUA

 

        Betorren gizona eta emakumea ugari Mendiolara, Arnoldo il eta urrengo illuntzean. aideak, auzoak, gelditu iakozan adiskide apurrak, eta baita areriotarikoen batzuk bere, sartu ziran iauregi atako atetik barrura, eriotzearen aurrean oi dan ixiltausn eta begiruneagaz. Eriotzea zan etxe atako nagusia, eta bera esnatuteko bildurrean legez, biatzengaiñean igoten eben goiko egotokira gizon eta emakume danak, itz bat alkarri esan baga. Estaldu ziran aulki guztiak, bete zan mandiota. Erdi-erdian, aritz olakaz antxinetan egindako mai andi baten gaiñean ikusten zan Arnoldoren gorpua; Riktrudisek azkenengo iosi eban soiñeko barri bategaz iantzirik; bizar eta ule luze zuri ederrak ondo garbitu eta orraztuak agertuten ziran. bularraren gaiñean tolosturik eukazan eskuak, eta bien tartean zurezko kurutzetxo bat, kristiñautasunaren agergarritzat. Lau argi-mutilletan egozan lau argi eta lurrezko ontzitxo batean ur bedeinkatua, eriñotz zati bat barruan ebala.

        Ill gaua asi zan. Arnoldo, beste elizgizon lagun bi alboetatik zituala, sartu zan gizategian eliz-soiñekoakaz iantzirik; eta Ne recorderis peccata mea, Domine —asi zan esaten latiñez. Dum veneris judicare saeculum per ignem, erantzun eutsen alboetakoak. Au da, euskeraz: «Lurbirakoai gogortadeko epai bat emotera zatozenean, nire erru, gaiztakeri eta utsegiteakaz ez zaite gomutau, Iauna». «Nire oiñkada guztiak zure aurrean erabilli egizuz, Iauna», iarraitu eban apezpikoak. «Betiko desneke eta atsedena emon egiozu, Iauna, eta betiko argitasunak argi egin daiola». «Iauna, guzaz errukitu zaite». «Iesukristo, guzaz errukitu zaite». «Iauna, guzaz errukitu zaite». «Pater noster» esatean, Amandok astindu eban illaren gaiñean ur bedeinkatuko eriñotza eta gizategiko guztiak, ixill-ixillean. Zeruetan zagozan gure Aita arren egiten eben bitartean, eriñotzetik iausiriko ur bedeinkatuaren tanta bat gelditu zan, altsite eder baten irudira, Arnoldok eskuetan eukan kurutzearen beso batetik dindilizka, eta iausi eta zabaldu zan gero illaren soiñeko gaiñean, zerutik datozan esker-on, apainduri eta aberastasunak gure arima barruetan zabaltzen diran antzera.

        Amandok, arrenak esan eta bereala, berbaldi samur bat egin eban gizonaren ezerezaren gaiñean. Erakutsi eban argiro, zein neurtuak egozan gizonaren egunak, eta zenbat doekabetasunez beteak; zeiñ utsak ziran gure orduak, goizean eze eta eder izanik, eguerdi ostean zimen eta gabean illik gelditzen diran lorenak legez, edo gure aurrean beti igezka doan keriza baten senean, edo beiñbere eraldi eta tentun batean ezin gelditu dan izatearen itsuran: iaso eban goren gorengo mailletaraiño Arnoldoren leiñargitasun eta fede ona; eta amaitu eban esanaz, alangoak nai litzatezkeala euskaldunak errien osasunerako.

        Amandok azkenengo itzak esan zituanean, urten eban danen erdira andre alargunak, ioan zan senarraren gorputza egoan tokiraiño, begiratu eutsan artez artez arpegira, laztan bat emon eutsan, eta era onetan asi eban bere eresi neurtea, astiro, astiro:

 

                «Zu ioan zara zorionera,

                Zu ioan zara, eta ni ez!

                Zure illoian laster naukazu,

                Ilda ni bere, zu legez!

 

                Orma zarrean nengoan untza,

                Iausi naz orma zarragaz:

                Bere azpian eguzki barik

                Ni azkar igartuko naz».

 

        Bere barruko dolamen, errenkura edo inkesa bat legez, guztiz erraz eta berezkoa zan alargunaren asierea; baiña gogoratu iakon, ekanduak aginduten ebanez, aztertu bear zala zelan izan zan Arnoldoren eriotzea, eta argitaratu bear zituala ekizan albisteak, eta al ebanik gitxien esateko ustean, iarraitu eban:

 

                «Zeiñek ian deutsz, orma zarrari,

                Zeiñek ian deutsaz azpiak?

                Ez prankotarren balenka motzak

                Ez bada euskaldun piztiak.

 

                Auñemendi! Esna egon zaite!

                Piztiak dabilz auzoan,

                Eta kanpokoak gitxi dirala,

                Piztiak zeure kolkoan!

 

                Auñemendi! Pizti dongea

                Biotza iaten neuk daukot...

                Eta alan bere, senarra legez,

                Nik parkatuaz ill nai dot.

 

                Ian zuk, piztia, ian zuk biotza,

                Eta ni len bait-len amaitu:

                Nire biotzak, len ez baziñan,

                Euskaldun egingo zaitu.

 

                Euskalduna eta leiñargitsua,

                Piztikerien etsaia,

                Neure Iesusen legezalea

                Gizon guztien anaia».

 

        Mugidalde andi bat sortu eben andre Luziaren berbak bilkidako gizon eta emakumien artean. Danak ekien zergaitik zan piztien ipuiña, eta bene-benetako euskaldun kristiñauarena. Asi ziran murmur bata besteari zerbait esaten, baiña danak ixildu ziran Riktrudisen iagiereak. Ederra ederren artean, beste bat ez legezkoa zintzotasunean, biotzik samurrenaren iaubea, berbarik gozoenen esanlea, argia eta ona, gizategiko guztiakgandik izan zan ondo eta errukiz begiratua Riktrudis umezurtza. Ioan zan gorputz illa egoan tokiraiño eta asi zan esaten.

        «Aita bat neukan nik lurrean.

        »Maite ninduan, egunak eguzkia maitetuten daben gisara, gauak zeruko izarrak maite dituan antzera.

        »Nire aita il da? Ez, nire aita ez da ill. Ara emen bere gorputza: arimea Iaungoikoagan dago: bata besteagandik urte batzuetarako aldendu dira.

        »Lurreko gizon gaiztoak ill gura izan badabe, ez dira gomutau, gizagaixoak, arimea ezillkorra dala.

        »Umezurtz errukarri bat egiñik gelditu ete naz? Ez: zeruetan daukadaz Aita Arnoldo eta Aita Iaungoikoa.

        »Ez deuste bada gizon dongeak bapere kalterik ekarri. Negargarrizko leku onetan malko batzuk ixuriko ditut; baiña zerutik legortuko deustez malkoak aita biak.

        »Berbak zelan neurtu zituan ez neutsan gogoan artu. Orregaitik ipinten ditut emen neurtu baga.

        »Ez daukat bada zer iñori parkatu; baiña baldiñ baneuka, poz-pozik eta arima guztiagaz parkatuko neuskio edozeiñi.

        »Neure Aitak eta neure Amak alan erakutsi deuste: alan agintzen deust neure Iaungoikoak».

        Riktrudisek amaitu ebanean, bere eresi ederto esanaren soiñua aidean gelditu zan, zidarrezko eskilla baten durundia legez, belarrietan gili gili gozo bat egiten ebala.

        —Ze bigun eta eztitsu agertzen dituan aingerutxu orrek Iesusen legeko erakutsiak eta bere biotzeko gurari doneak! —zirautzan atsotxu batek alboko lagun bati. —Naiago neban bere iardunak geiago iraun baleu, arimarako argi barri bat emoten deust eta.

        Zeiñ zan Ill gauan urrengo berba egin bear ebana? Aideak, Mendiolan sartu ziranean, gorrotorako egozan, eta zer esan ez ekien iauregikoen parkameneko eresiak entzun zituen ezkero, etsai apurrak lotsaturik gelditu ziran, iñok ez eukan geiago itz egiteko usterik. «Toki!» —esaten dau onetan, esku-makilleagaz beia iota, zutiñik egozan gizonen artetik erdiran sartu nai eban gizon zar batek. «Toki! neu naz oraiñ, senitartekorik lenago ez badago». Peru padarra zan. Ioan zan gorputz illaren ondora, esku biak ipiñi zituan makillan, begiak iaso zituan goruntz, eta asi eban itz neurtuetan bere eresia.

        Nik ez dakit ze neurritan erestu eban, baiña esan zituan gauzen mamiña au da:

        «Ai, Arnoldo, Arnoldo! Nok esango eban zure illoi aurrean etxeko emakumeak bakarri izango zenduzala ereslari?

        »Gizonik gizonena, gudalaririk argi eta sutsuena zu izan zara Euskal-Errian.

        »Lekobide Bizkaiko gizonen Iaun andiak ez eban bere buruan zuk beste argitasun eta besoetan zuk beste indar.

        »Aitor il zanetik ona, ez deutsa iñok nire Sorterriari zuk beste ondo egiterik emon.

        »Eta ezdakust emen euskaldun agintari bat bakarra, lurperatu zaiezan baiño lenago zuri esker on bat emoteko.

        »Kristiñau bizi eta kristiñau il zara: ondo datoz bada zure ondoan kristiñauen parkameneko eresiak.

        »Baiña baita bere bizi izan zara euskaldun, eta euskaldun ill, eta ez dira txarto etorriko Sorterriaren eresi eskertsuak.

        »Neuk esango deutsudaz, antxiñetako lagun zar mategarria. Neure txabolatik onaraiño ez naz bestetara etorri...».

        Atsedentxu bat egin eban emen, arnasea artu eta begietatik bera etorkozan malko-ariak legortuteko, eta gero, gaztetako egunetaraiño igonaz, iarraitu eban:

        «Mendian iaio ziñan eta mendian bizi mendizale, menditarrak ondamuz azpertu zaituen artean.

        »Zu eta ni mutikotxoak giñanean, alkarregaz ibili oi giñan basoan, arrotzak orporik ipiñ: ez daben toki itzaletan.

        »Odei aldean erroiak kras-kras zugaztietako adarri gorengoetan miruak dantzari, arkaitz-zuloetako sasi baltz tartean otsoren bat marruaz: ez genduan orduan beste gauzarik ikusi eta entzuten.

        »Gizondu ziñan gero, eta zure aurrean otsoak bildurrez igesi ioaten ziran; eta erroi, buzoka eta miruak sarri ikusten genduzan goietatik iasten zuk ildako euskal etsaien aragi gordiña iatera.

        »Euskal-Erriaren kontra etozan bakotxean, zenbat prankotar amaitu zenduzan! Zenbati, aizkorakada baten, kendu zeuntsen arnasea!

        »Esan daiela Egurraldeko baso zabalak.

        »An ikusi ziran aurrez aurre, alde batetik ule gorridun gizon andiak, Ausarditsua burutzat ebela, besterik Lauburutarrak. Arnoldo menditarra agintaritzat arturik.

        »A, zer ekiña! gogorrak dira Rin ibai ondotik datozan gudariak, gogorrak euskal mendietako gizon abarkadunak. Zein geldituko da garailari?

        »Batzuk gure lurra irabazi eta azpiratuteko gogoak dakarz; besteak, euren erri maite osorik eta lokarri baga gordeteko gurariak darabilz.

        »A, zer ekiña! A, zer aizkora-otsa! A, zer oiuak! A, zer irrintziak! aurrera, deadar egiten dabe gureak, "aurrera mutillak".

        »Eta aurrera doaz, aurrera gizon illen gaiñetik. Eurena da garaipena. Zeiñek gelditu leike oñaztarri bat bere bidean?...

        »Bizirik gelditu diran prankotarrak Adurren ertzeraiño ioan dira igesi. An dagoz euren deseigoa sinistu eziñik.

        »Euskaldunak olango garaipenik ez dabe ikusi egundaiño, agintariari eskerrak.

        »Berak bota ditu azpira prankotarrik sendoenak, berak sartu deutse biotzetaraiñoko ikarea, bere deadarrak zolitu dauz euskaldunen besoak.

        »Aidean dakarre agintari menditarrak beren besoetan, baiña zizpuruz eta negarrez dator, bere bizian lenengoz. Seme galant bi galdu iakoz Egurraldeko basoan...

        »Ai, Arnoldo, Arnoldo! Agintaria zu ziñan. Nok esango eban orduan zure illoiaren aurrean etxeko emakumeak bakarri izango zenduzala ereslari?

        »Basaut eta eziñ sinistu neike. Non dira euskaldun gizon andiak? Semeak ill iatzutzan, lagunak ixillik dagoz, arerioak pozarren. Zeure mendiak ez zazauz, Arnoldo.

        »Baiña bai Zeruak. Euskaldun ona eta kristiñau benetakoa izan zara. Euskaldunak esker gaiztoagaz erantzun deutsue: zeruak betiko zorionean ipiñiko zaitu.

        »Euskaldun ona baiño kristiñau benetakoa izatea askozaz obea da».

        Padarrak bere eresiari azkena emon eta bereala, Pedro Marik esan eban beste bat, guztizko samurra, Arnoldoren seme biak Egurraldetik berak ekarri eta kurutze baten azpian ipiñi zituala gomutaratuaz.

        Illgaua amaitu zan, Arnoldoren arimegaitik egin ziran beste arren batzuk, eta bata batera eta bestea bestera alde egin eben Mendiolako gizon eta emakumeak, banaka-biñaka, naibagez, lotsaz eta errukiz baterik.

        Goizalderako etxekoak bakarrik gelditu ziran ia: morroiak lotan, aideak noizean beiñ zizpuruka, eta andre Luzia eta alabea negar barrietan, euren bakartadea geroago eta obeto ezagututen ebelako.

 

aurrekoa hurrengoa