www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Auņemendiko lorea
Domingo Agirre
1898

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Auņemendiko lorea, Domingo Agirre. Auņamendi, 1966

 

aurrekoa hurrengoa

IV
PORTUN BARRUTIK

 

        Baiña ez egozan danak lotan orraitiño. Ozinbeltzko iauregi bazter batean, Otxoaren seme nagusi Portun bere oe zabalean bira-biraka begiak ezin itxirik egoan...

        Gauza asko igaro iakozan egun atan. Goizean —ziñoan bere artean— itxaropenez beterik egon naz, neure amorro guztiak aseko nitualakoan, prankotarrai, eta batez bere neugaz burrukan egiñ ebanari, lurra ian eraginda. Lurra ian bakarrik? Ez, gauza utsa da ori. Basea eta zikiña iruntzi eragin, makilka zuzitu, nire arpegian ipiñi eban eskua aizkorakada baten ebagi, ostikoagaz aoan io, zapal-zapal egiñ, esteak atera, birrinduta itxi; obiratu baga, bere gorputz odolduaren zatiak, erroi, buzuka eta arranoak ian eiezan. Baiña ez, ill baiño nenago, azkenengo orduan, begiak malkoz beterik eta erruki eske eukazanean esan baga: «ez ekian ik, gizagaoxoorrek, zeiñegaz ebillan: iakiñ eik ontxe, iñoren laguntasun barik illtzen agoala, Portunegaz ezin leikeala euki iolas, txokorreria eta arrotasunik, eta bere eskuetatik ezauala aterako eure Iaun Iesukristo orrek». O! Zer poza eukiko eban orduan Otxoaren seme zarrenak! Zelango ikara eta bildurragaz begiratuko eutsen, egun atatik aurrera, prankotar guztiak! Baiña arratsaldean bira iakozan bere itxaropenak, eta bere asmo eta atsegiñ danak iges egin eutsen. Uberok eukazan erruak. Agure petral malmutza! Etxakon ba buruan sartu euskaldunak guda barrirako mugonean ez egozala? Mugona emongo neuskio nik ari. Guragoko neuke io bere buru murri soillean, eta amaituko balebe Euskal-Erriko arerioak. Gaur naiago biar baiño. Eta gero zarra dala eta, argitsua dala eta, euskaldun bikaiña dala eta, danak berari aora begira, zer esango daben zaiñ; eta Etxalarrek esan dabena, eta nire aitak ziñoana... arraio-arraiua! Kristinauak esaten dabe gero, kristinauak. Eurak ei dira onak eta zintzoak eta lagun geideari Iaungoikoaren izenean gura deutsenak. Tximista batek erreko al ditu ba danak! Danak gero, kristinauen asterrenik gure mendietan gelditu ez dedin. Iaungoikoaren izenean guztiai gura deutsela. Gura izatea dok ori. Eurak izan balebe burruka bat nik izan dodan lakoa.

        Eta gaur illuntzean Arnoldok esan dabena? Milla aiñaniñuen agurea! Bere eskuetan egoan ba dana. Berak esan baleu «gudara!» euskaldun guztiak gudara ioango ziran; baiña berak ezetz esan dabelako, ezetz beste guztiak bere. Iakiña da emen. Izen andikoa izan da beti eta... Neurea nebalako? Eta zer? Zer eta emen prankotarra, atzo goizean agerturiko arrotz lapurra baizen besterik? Eta zeiñek ez dauka lapur bat irainduteko eskubidea? Kristoren sinismenekoak ezgarala! Sinismen orrek e, ez dakit gaiñezka eragingo ez ete deustan. Orain artean ondo bizi izan gara fede zarreko gizonok beste euskaldunakaz; baiña emendik aurrerantzean...

        Emendik aurrerantzean bere bai. Bearko! Riktrudisegaz adiskide izango banaz. Ez daukat beste biderik. Baiña, madari madariena! Zelan otu iako gaur eztia baiño gozoago dan neskatilla liraiñ orri bere morroi bat niri bialtzea? Eziñ sinistu bere leiteke. Egiñalak egin ditut bada nik, ezagutu nebanetik oraiñ artean, emakume orren biotza irabazteko; baiña egundo ez nau aintzakotzat artu. Aintzakotzat artu ez! Ez nik eritxi. A! Emakumeak gaitxurizkak dituzu, eta askotan, kanpotik ezer erakutsi ez arren, barruan erabiltzen dabe gogoa eta maitetasuna. Oraingoan beintzat gauzeak berak dauka itxuria. uste izan dau Riktrudisek gudan asi bear dogula; gogoratu iako bere Aita orretara iarrita badago, iñok ez dabela atzeratuko; ni nabillela guda billa eta neure eskuetan egoala, gudarik ez izatea esan deutse, eta, zer egingo eban orduan? Egia da, gauzak ondo ikusi ezkero emen dagoana da, Mendiolako alabatxoak bere aitagaitik begiratuten dabela; baiña, zeiñen bidez? nire izena zegaitik gogoratu iako?... Gogoan ete nauka ba beti, edo sarri, edo noizean beiñ! Zergaitik ez? Emen bakartadean, iñok entzuten ez deustala, esan neike: ni ez naz zatarra, ederra nazala bere amaika bidar esan deuste; Riktrudisek ikusi nau, bai, ikusi nau, begiratu ez deust egin baiña, indartsua nazala badaki; etxe-iauntza onean iaiorikoa bere bai... zer gura dau geiago? zergaitik maitetuko ez nau? Maitetuko ete nau bada! Au, gozotasun guztien iturburu amaibagakoa izango litzateke niretzat. Irudituteagaz bakarrik pozaren pozez zoratu bear iat.

        Riktrudis zelan ezagut neban gomutau bear dot. Illunabar inguru batean zan, oraiñ urte bi. Egun sentirako lagun batzuk eizera urten genduan, egun guztian ortik eta ona ibilli giñan, eta nekatu ez bada besterik ezgenduan egiñ. Txakurrak billatu ebazan oñatz, sen edo arrastoak urrintxora eruan genduzan. Etxeruntz asteko gengozala, asi iakun bat-batera trumoia, euria, txingorra eta arria. Baiña zelangoa? Bazan a egualdia! Ez dot iñoiz alangorik ikusi. Eguna garaia baiño lenago illundu zan; baiña ikaragarrizko tximistak argi egiten euskuen noizean beiñ, ioten zituen zugatzak erdibituaz. Goiak bota zituan bota alak, errekak arrotu ziran; gu, goseak batetik, eta bestetik burutik beatzetara maillatuta gengozan, eta erabagi genduan, tximisteak argi egitean an urretxoan ikusten zan erri batera ioatea. —Badakit zein erri dan —lagun batek esan euskun— ortxe bizi da Mendiolako Arnoldo, eta bere etxean ondoen artuak izango gara. Esan eta egin, buruko tximetatik bera ura geriagula,eta abarka mantarretan ez dakit zenbatbana lokatzegaz, Mendiolako sukalde zabalean sartu giñan. Orduantxe ezagutu neban lenengo Riktrudis. Amesetan iruditu geinkean gauzarik zoragarrienaren antzera agertu zan. Axe da sarrakiua sartu eustana! Bildurtu egin nintzan, beste munduetako gauza bat ikusi baneu legez. Bai, edertasunak badaroa beragaz gizonak konkortuteko indar eskutukoren bat. Ni beiñik beiñ Riktrudisen iazkera, esakera, ibillera eta begiradeak konkortuta itxi nituan. Dana zan aiñ... aiñ... ez dakit nik zelan esan bere, barru-barruan gozotasun andi bat emoten ebana. Ez ian, ez edan, ez berotu, ez iñori iaramonik egiñ; kokolotuta, gatzabagetuta, izututa, lotsatuta, Riktrudiseri begiratzea baiño besterik ez neban egiten. Gau guztian itz bi era onean ez nituan esan. Zer igaroten iatan danak igarri eusten. Ez gaur beste iakiñ izan baneu, mila...! . Ez dot geiago, orduan baizen ondo, neure aurrean billatu, amaika bidar Mendiolako aldean ibilli naz baiña. Beti Arnoldo, beti andre Luzia, beti arpegi illuna, beti txoria gordeta, eta azkenean ateak itxi. Eta ori neuri bakarrik, bada edonoiz dagoz Mendiolako ateak zabalik, edozeiñek arkituten dau etxe atan abegi ona: erbestekoak, eta euskaldunak ez diranak bere bai. Kristiñauak dirala eta ez dirala. Badabill or kristiñauon elizetako nagusi bat, Amando edo dana-dalakoa... Uum! Igarten badot nik i... Begi bietaraiño bete bete eginda nago gero...

        Gau atan orratiño asko egiñ neikean neure alde, neure gaiñ egon banintz. Kristiñauak egiten daben Aitearen edo kurutze ori bere ez neban egiñ maia bedeinkatutean. Ez nekian eta! Orduan igarri eusten eta itandu bere bai zeiñ etxetakoa nintzan. Baiña, zer dauka zer ikusirik siñiste bat edo beste eukiteak gizonak geiago edo gitxiago balio izateko? Gaiñera, ez dot nik sinisten ez dodan gauzarik esan gura, eta ez dot esango bere.

        Eta zertarako? Ibilli eta ibilli gauzak eskura badatoz. Zeiñek esango eustan niri atzo goizean, gizonen usteak ezin orapillotuta nenbillenean, Riktrudisen gogoan nengoala, eta berak biralduko eustala morroia, beragaitik zerbait egiñ nai badot esatera? Zerbait egiñ! Bai, Riktrudis maitea, Riktrudis gurgarria, bai: nai dozun guztia egingo dot zugaitik: auspeztuko natxazu, umilduko natxatzu eta... Ez da gero edozelangoa bart arratsean zure Aitak emon eustan zartadea. Eta alan bere ez nintzan aserratu... kanpotik, barruan barrukoak izan arren.

        Au bere badok ba ipuiña: neuk gura dot gudea eta neuk ez dot gura. Eta ez da izango gudarik, danentzako beintzat. Ezin bada, Riktrudisek nai izan ezik! Baiña bai batzuentzat. Nigaz aurrez aurre iarri zan gizontxu orrek, ni bizi nazan artean izango dau arerioa eta gudarako bidea. Ikusiko dogu alkar. Bera be, egia esateko, ez da motel itxurakoa; baiña, tximistak ez baituk! ikusiko dogu zeiñek lenago lurpera ioan bear daben. Goitik eta betik, aurretik eta atzetik, gabaz eta egunaz, nire geziaren bildur izan leiteke. Eta biotzera ioango da gero, biotzera zuzen-zuzen. Aupa! Zer poza nirea gorputz illak oso-osorik lurra ioten dabenean, bere burua arkaitzen baten kontra zatituten iakola! Bene-benetan dala bai mendeka osoa Iaungoikoen atsegintasuna.

        Prankotarrakaz daukadazan eztabaidak erabagiteko neu nazala naikoa esan deutsat Arnoldori. Baita izan bere. Baiña lagunik bear baneu, erbestetarren kontra zerbait egin bear dan guztian idoroko dot Diego Etxalar neure alde. Eta lagunak edozetarako bear izaten dira.

        Riktrudisen barriak iakiteko ostera, or daukat Lope Nagi. A ze morroitxoa Mendiolako Iauregian daukazuen ori! Neu nagusi izaten banaz a...

        Onetan eta orretan eten iakozan Portuni, goizalderuntz, bere gogamen guztiak, gelditu zan bertan bera aoa zabalik, itxi zituan begiak, eta iarri zan zurrungaka, zurrungaka, etxe atan lotan egozan beste batzuei soiñuan laguntzen: baiña irudimen eta adiñak ez euken lotarako gurarik, eta gorputza zabal zabal ezeren ardura barik egoan bitartean, azi ziran euren aldetik lengo gogamenakaz aria lotu naian. Portun amesetan egoan. Mendiolako nagusi bera zala irudituten iakon: il zirala, ez ekian noiz eta zelan, andre Luzia eta Arnoldo. Riktrudis etxeko andre on on bat zan. Aitorren egunetako bizitzea egiten eben. Abere asko eukezan: artalde andiak. A, ze artaldeak! Zelaiak bete-betean, eta mendi egaletan gora eta gora, gaillurretaraiño, bata besteari bultzaka eta bee-ka danak. Bee eta bee eta beee: geiegia zan. Eta esnea? Zenbat esne! Artzaiñak bekarren esnea, lurrezko eta burdiñazko ontzietan, gaiñezka zipli-zapla bidean boteaz. Bera be, Portun, esnez bete eben, bekokiraiño. Bai, bekokia bustita eukan, esnez... Esnez? Odola zan eta! Odola, bai, prankotarrak emondako zartaldeak atera eutsana. Prankotarrak! Baiña, zeintzuk ziran prankotarrak? Ezin asmau! An, urrun, urrun, zer edo zer. Edozetara bere antxiñako gauzaren bat, egokida gitxikoa... Riktrudis... Aitor... mendia... laiñoa... gizonak borroka... Zer gizon gero? Ardiak ziran eta. Ez euken bear aiña lekurik, asko ziran, guztiz asko: batzuk itota egozan, eta, bera, Portun, danen erdian ioteko zorian egoan, eta ito bear eban, ito bear eban!..

        Ozinbelzko seme nagusia larri-larri esnatu zan, izerdi patzetan, eta estalkiak idunetik biran estu-estu zituala: egon zan piska batean ganorabaga, etorri zan bere konortera laster, eta iagi zan bereala.

        Leio zulora gaztaiña andien itxurako begiakaz urten ebanean, mendirako bide ziorretik gora gizon-soka luze bat ikusi eban. Ozinbeltzetik euren etxeetara eioazan azkenenko gudariak ziran.

        —Ez da ardura —esan eban Portunek— ez da ardura; etorriko iat niri ondiño garai obea.

 

aurrekoa hurrengoa