MARI PETRALIN
Etxeko ezkaratzean entzun nituen
zure lehenengo garraxiak nireak
eskilarak izan ziren
malkoen lehen ur-jauziak
geureak
supazterra bilatu zenuen berehala
hala nago bertatik ezin urrundurik
etxeko ezkaratzean jolasten dituzu
bitxilore eta mari-lokak
galaxiak loratzen ditut
eskilaretatik begiratzen zaitudanean
aldabak jotzen du gure ernean
sukaldean gaudenean
Zuk ez dakizu ezer
gerraren horroreaz
ni heldu naute
beldurraren zomorroek
eta azalpen silabak urratzen ditut
etsipenak inoiz harrapa ez gaitzan.
Heriotza dakarte beraiekin
jendea kabitzen ez zaien suntsitzaileek
gutxi batzuk zelatan daude
hatz seinalatzaileen jauregietan.
Zainduko zaitut
Mari Petralin.