Haraindiko begiradaren bila
Pello Otxoteko

Pasaiako Hiria, 1999

 

 

Beiren ertzetatik ibiltzera

oinazeak eraginda

ohitu naiz.

Jakitera iritsi gabe

oinazearen iturburua non datzan

odolezko arrastoa uzten dut

etengabe

ene pasioen ibilbidean.

 

Oraindik

desberdintzen dakit

zerutiar akordeak

irrintzien artean;

badakit beraz,

non dagoen

ibilbidearen arrasto biak

bereizten dituen zelaia.

 

Baina, non dago

oinazearen iturria?

 

Ezin atxekiturik nabil

antsiaz sortutako galderaren erantzuna,

amaraun malguak

ene ekintzen ildoa

lerratzen duen bitartean;

poligono irregularra bai, baina

bukaerarik gabe

bere bihotza aurkitzen ez duen

biru zetazkoa.

 

Haraindiko begiradaren bila
Pello Otxoteko

Pasaiako Hiria, 1999