Haraindiko begiradaren bila
Pello Otxoteko

Pasaiako Hiria, 1999

 

 

GOMUTARIK EZ

 

Areetan idatzi nuen zure izena

jakin gabe

inoiz existitu den argazki-negatibo galkorrena zela.

Airearen putzaldiek uneoro

gogoeten hutsuneak estaliaz

zure irudia ezabatzen dute

areak ez baitu hutsunea desberdintzen

ezta denbora ezagutzen ere.

Orduz geroztik haize hegoaren etorrerarekin

birgogorapenaren zarratak negar-lurruna badagi

ene begien txundidura geldian

oraina bapatean iragana bihurtzen delarik.

Denbora eta espazioa nozitzen dugun bakarrak

gu geu baikara,

eta guretzat

ez dago amets iraunkorraren erretraturik

ez dago gogoeta-oinarri zununik.

 

Haraindiko begiradaren bila
Pello Otxoteko

Pasaiako Hiria, 1999