Haraindiko begiradaren bila
Pello Otxoteko

Pasaiako Hiria, 1999

 

 

HILBERRIKO IZPIRITUA

 

Sakontasunez ernetzen duzu

norberak duen arima

erakutsita isladaz usu

nor-izatearen sima;

kezka guztiak hartu ereduz

koktel moduan nahas endreduz

nahia eginaz aldare,

arnas estuka baina soseguz

erantzun bila otoi erreguz

aurrebaldintzarik gabe.

 

Naufragoak ez dauka baliza

eta arimak ezin boga,

hutsunea da botila gisa

mezua berriz denbora.

Baina dakargu malenkonia

sortuaz guregan agonia,

hau da gure afasia.

Bizitzeak duen ironia:

izango da gure harmonia

isilpeko garrasia.

 

Ezerezaren pipi ustelak

ezarian-ezarian

gardamatzen barneko epelak

izatearen harian.

Kutsatutako zauripean lez

seinalaturik datza azalez

hutsunearen zornea.

Era berean geure tamalez

zainetan darigula odolez

ezizanaren bornea.

 

Argirik gabe ahanzturan itsu

galdurik duzu faroa.

Non zaude zu marinel dohaitsu?

Non arratseko fadoa?

Norarik gabe antzu zuzia,

entzungor kantua den guzia.

Zein da nomaden herria?

Eskutan nortasun erauzia,

dager izatea biluzia.

Hau dut nire luberria?

 

Ezjakintasunaren hatz-markak

galtzen gaitu, eta ezin

iratzarri sen sutsu ausartak.

Dagiegu-eta muzin!

Itsaso-saminak jakin beza:

ez du beregan jada ur geza

nahiz izan haren beharra;

oraturik hotsez ezereza

umezurtzak du ulerterreza

usapalaren negarra.

 

Haraindiko begiradaren bila
Pello Otxoteko

Pasaiako Hiria, 1999