Haraindiko begiradaren bila
Pello Otxoteko

Pasaiako Hiria, 1999

 

 

ARGIA ETA ITZALAREN SARRERAKO

 

      Begirada argiaren dantzaria da, gauez bihotzera joan eta bere burua urkatu nahi duena. Argia begiradaren barre algara da, gauez, nonbait, zehatz ezinezko barne urrutitasunean, laztanean, barrean, begiradan, dantzan, garraisi bilakatua goibeltsu eta hotz loratzen dena. Begirada itzal guztiz xamurra da, egunez ikaragarrizko nekeaz esna eta ernai jartzen dena. Eta itzala, irribarre batek bezala, ilunpetan distira egiten duen begirada, egunez, berekin biltzen duen goizalba iheskorraren xarma guztia galtzen duena. Argiak eta itzalak errealitate bera ezabatzen dute. Errealitate bera liluratzen dute. Elkarri begira. Pello Otxotekoren begi sakon distiratsuek argia eta itzala ezabatzen dute, liluratu egiten dute. Liburu honetan argia eta itzala elkarrekin ari dira dantzan, ezpainak elkarturik, eta dantzan eta maitemindurik Otxotekoren aurretik igarotzen dira. Eta poetak, bere begirada ederrean biltzen ditu.

      Orain arte, argia eta itzalak Pello Otxotekoren begiak enamoratu dituzte. Baina orain bere txanda dator. Eta segituan maitemindu da beraiekin. Eta dena bere barrenerako bidean erakarpen liluragarri bilakatzen da. Poetazko jantzian dagoenez, ikutu ere egin gabe, begiradaz, hitzez dantzan egiten du beraiekin, laztandu egiten ditu, eta lilura horrek bere egitekoan jarraitzen du. Pello Otxoteko argia da eta itzala da. Zein ongi ezagutzen ditu berak, eta zein erabat berri azaltzen dizkigu egun honetan, gau honetan!

      Behin eta berriro azaltzen da argia, itzal barretia, buruaz keinu egin eta berriro gauan galduz. Behin eta berriro itzala, argi barretia, eskuaz keinu egin eta berriro egunan hondatuz. Behin eta berriro begiradak, nork beregan dituen argi eta itzalminak, bere baitatik haruntz eta haruntzago bultzatzen Otxotekori ezinezkoraino. Alferrikakoa eusten saiatzea. Eta une hontan hasten da ezin-eginik zailen zailena gizonarentzat: izatea. Gorputzez eta gogoz bizitzaren argi eta itzaletatik etengabe urrutiratzen ari garelaren nahigabea, elkarrekin gogo-bizitza aurkitzearen zorabioa, orainmina sentitzearen oroimena, arnasa gure baitan galtzearen misterioa. Argia bizitzaren gogo sutsua da begiradaren haitzuloan. Itzala berriz, giza-bizitzaren zalantza eta desesperantza.

      Bere begirada ez da gehiago berea, bere nortasuna argia eta itzalaren zorabioan, denbora ordularian bezala, urtzen da. Argiarekin eta itzalarekin egiten du dantzan, eta ez da bera bakarrik begiradan nahi dituena, eusten saiatzen dena, beraiekin bat bihurtu nahi duena, denak gara begirada berean, dantza berean, bera bezala argian eta itzalan murgildurik gaude gizon eta emakume guztiak, gu ere haiengan gaude, eta Otxotekoren begiradak gureak dira, haien grina eta halabeharrak gureak, gureak haienak, denok gara elkarren zati. Eta elkarri begira.

      Haraindiko Begiradaren Bila bere lehen poema liburuak sortu duen bidetik, begiradaren barne-bidaia itzuli gabea aztamatutzeko gogoz eta barne-mugak ukitua dator egilea. Eta ba du doairik, bai, bere baitan galde-erantzunka, arreta guztiaz, naturarekin hizketan, maite-galdezka, iluntasunari bultzaka, goizargiaren kantua besarkatuz, etsipenaren ustegabetan pausuak berrituz, doinu, errima eta neurriz eder osatua bidea argitzeko eta begirada gidatzeko. Ez dabil segurtatutako etorkizun bila Pello Otxoteko; unearen benetako bikaintasunaren kausitzea nahi du, izatea erabat bizitzeko: ez du ezerez bilatzen, aurkitu egiten du oro. Argia eta itzala, begirada eta bidea, batera elkartzen ditu.

      Pello Otxoteko Vaqueroren poesia barru-barruraino sartzen zaizu eta han, bihotz-bihotzean erakutsiko dizkizu begiradaren bide berriak. Haraindiko Begiradaren Bila liburu emankor horrekin argiaren eta itzalaren irri-joku eta geldiezinezko pausuak erakusten dizkigu. Begiradaren argia eta itzala agertzen du. Egunero. Gauero. Eguna itzaldu aurretik. Gaua argitu aurretik.

Jose Luis Padrón

 

Haraindiko begiradaren bila
Pello Otxoteko

Pasaiako Hiria, 1999