Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989

 

 

XXV

OFF

 

      Mikel Zuluetari harrera ezin hobea egin zioten irratira itzuli zenean, denek jakin nahi izan zituzten azken egun haietan gertatu zitzaizkionak. Agidanez, bera izan zen denbora hartako marmarren eragile bakar, hain lagun ez zuen lankide zenbait ere hurbildu baitzitzaion jakin-minez. Hala ere, bera ez zegoen lan horietarako, ez zeukan inorekin hitz egiteko indarrik. Eguneroko lanaren hipnosi bila itzuli zen hara eta ez beste ezertara. Denei luzatu zien erantzun berbera:

      — Ondo nago. Susto handi bat baizik ez da izan guzti hau. Beste egun batean kontatuko dizuet gauzak nola izan diren, orain ez nuke horretaz hitz egin nahi, nekatu samar nago, konprenituko duzuenez.

      Lankide guztiek erreparatu zioten Mikelen aurpegiari, guztiek nabaritu zuten behartutako irribarre berbera eta guztiei iruditu zitzaien parean zuten mutil hura egun batzuk lehenago baino helduago, edo agian zaharrago zegoela: lehen ez zeukan zerbait ikusi zioten begikeran.

      Mikel Zulueta irratiko zuzendariaren bulegoan sartu zen atea jo ostean, eta estreinako aldiz sumatu zuen gizontasuna gizaseme harengan. Eskua eman zion arraiki. Ondoren esertzeko eskatu zion, eta lasai egon zedila, lanera etorri gabeko egun guzti haiek berdin-berdin ordainduko zitzaizkiola, jakinekoa izaten baita halako zorigaitzak gertatzen direnean denen laguntza ere gutxi izaten zela sustoa gainditzeko. Berari eta bere anaia bati ere, hamar urte lehenago, halako zerbait gertatu zitzaiela kontatzen hasi zen.

      Mikel Zuluetak bere begi berri haiez begiratzen zion hitzak entzun ere egin gabe.

      — Gaur hasi ordez, bihar ere has haiteke lanean hala baderitzok Mikel, egun hauetan hi gabe konpondu bagaituk, gaurkoa ere egingo diagu.

      Ez. Lanera etorria naiz eta gaur bertan hasi nahi nuke. Ez dit kalterik egingo lanean hasi eta burua, apur bat bada ere, gertatutakoetatik aldentzeak.

      Heuk nahi bezala.

      Mikel Zulueta eserleku berde hartatik jaiki eta, esandako guztiak eskertuz, irten egin zen bulegotik bere mahaia zegoen lekurantz abiatzeko. Agertu gabeko sei egun haietako parte meteorologiko guztiak, mapa eta guzti, bildurik zeuden berari zegokion apalean.

      Neuk jaso dizkizut Mikel —esan zion alboko mahaitik neska lodi samar batek—, hobe izango zela pentsatuz egin dut —eta irribarre batez borobildu zituen bere azken hitzak.

      Ederki egin duzu Asun. Eskerrikasko —erantzun zion Mikelek bere lekuan kokatuz.

      Mapa guzti haien arabera, errazki ikus zitekeen antizikloi handi bat zegoela zeru gainean geldirik. Ez zegoen euri arriskurik, eta pixka batean ere ez zen izango haize haien neurriak egiazkoak baldin baziren.

      Bezperan Tximuren hiletaren ostean Natirekin hitz egindako guztiak zeuzkan buruan dantzan, baina entzundako guztien artean Natiren azken hitzak gertatzen zitzaizkion burrunbatsuenak.

      — Beti izango gaituk lagun Mikel. Agur —eta lagun arteko besarkada batez egin zion adio.

      Baloirik gabe geratu zen umea betirako. Errekan behera joana zen kortxo zatia ihesi, betirako.

      Mikel Zuluetak orduro eman zuen antizikloi haren berri, ekaitzik eza azpimarratuz. Haizerik ere ez zebilen. Hogei gradu. Itsaskirri arin bat ezik, ez zegoen ezer aipatzekorik.

      Arratseko hamarretan amaitu zuen bere lana, eta ondoren, ohitura zuen legez, ogitarteko bat erosi zuen etxera bidean. Tabernetako argiengatik ez balitz, dena hilik zegoela pentsa zitekeen: apenas zebilen trafikorik, arboletako hostoak geldirik zeuden, marasma sarean harrapatutako tximeleta hilen antzera.

      Etxera iritsi bezain pronto telebistaren botoi gorriari sakatu zion eta aparailuaren parean eserita jan zuen bideko tabernan erositako ogitartekoa.

      Erregea eta Espainiako bandera izan ziren itzali ezinezko pantailan ikusitako azken irudiak. Botoi gorriari sakatzean ilun geratu zen etxea telebistaren argi urdinxkarik gabe. Ondoren, gaueroko zeremonia berbera hasi zuen erretzaile porrokatuen antzera: Ducados paketetik zigarro bat atera, txiskeroa patrikan bilatu eta balkoira irten zen, erretzera.

 

Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989