Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989

 

 

XV

AZKENEAN

 

      Ohean jira eta buelta, lorik ezin zuen ondo egin Beistegik: alferrik galdutako eguna zuen gogoan. Atzera eta aurrera ibili bai, baina argibiderik ez. Eta ez zen lehenengo aldia.

      Behin baino gehiagotan gertatua zitzaion gauza berbera: antzu gertatzen ziren bere ahaleginak ezertan sartu gabeko pertsonak atxilotzen zituenean poliziak. Berdin berdin jasan behar izaten zituzten galdeketak. Berdin-berdin pairatzen torturak, baina berak ezin deus argitu. Zerbaitetan sartutakoak atxilotzen zituztenean, handik edo hemendik, hariren bati tiraka, atera ohi zuen informazioren bat, baina Mikel Zuluetarena bezalako atxiloketetan ezer gutxi zen berak egiteko zeukana.

      Babesik gabeko pertsonak izan ohi ziren, inolako erakunde eta talderen laguntzarik gabekoak. Are desiratuagoak izan ohi ziren lan horiek Beistegirentzat. Polizien hermetikotasuna, albisterik eza, noraezean ibili beharra... zailtasunaren ederra ziren.

      Logelako mahaitxo gainetik zigarro paketea eskuratu zuen eta txiskeroa piztutakoan, Marta, bere emaztea esnatu egin zen.

      Zer ari haiz oraindik ere esna? —galdegin zion.

      — Ezin dinat lorik egin. Zulueta eta Nati Lasa direla eta, alferrik bota dinat eguna, neska. Ez zekinat nondik nora jo, Zulueta arraio horren kontuak jakiteko.

      Bihar ere ez duk gauza handirik egingo lorik egiten ez baduk.

      Bai, hori esatea erraza dun. Eta bitartean gizona han, auskalo zeinen eskutan eta blastio bizian.

      Mantzanila bat prestatuko diat, ea lokartzen haizen.

      Baina ohetik jaiki baino lehen, ezetz esan zion Beistegik, ez zedila lan horietan hasi. Alferrik zela eta zigarro huraxe bukatutakoan lotaratuko zela.

      Martak buelta erdi egin zuen senarrari bizkarra emanez eta arnasa lasai batek iragarri zuen bere loa. Beistegik berriz, beste hiru zigarro piztu zituen lokartzerako.

      Biharamun goizean, manta korapilatu artean esnatu zuen senarra Martak.

      Bazirudik gauean jolasean ibili garela. Haurrak sartzen badira, zerbait pentsatuko ditek ohea hain nahasirik ikusita.

      — Zer ordu da? —galdegin zion Beistegik, aho sabaiaren lehorra bustiko zuen txistua sortu ezinik.

      — Bederatzi eta erdiak.

      Beistegik eztul zikina egin zuen eta azkar baino lehen laga zituen atzean mantak, ohea, emazteak atondutako gosaria eta bizarra kentzeko tresnak. Adiorik esan gabe irten zen eskaileretan behera, beheko kioskoraino. Hantxe zetorren, egunkarian:

 

      «Beharrezko galdeketak egin ostean, poliziak libro utzi zituen bart Mikel Zulueta eta Natividad Lasa, Felix Artetxe "Tximu" errefuxiatuaren emazte izandakoa: Hasiera batean uste zenez, bi hauek izan ziren "Tximu"ri armak eman zizkiotenak eta zenbait ekintzatan lagundu ziotenak. Azkenean jakin izan denez, ordea, Natividad Lasa eta Mikel Zulueta abortatzera eta ez beste ezertara joan ziren, azken apirileko seian, Iparraldeko Peyhorade herrira. Agi denez, umekiaren aita Felix Artetxe bera zen».

 

      Beistegik oso-osorik irakurri zuen albistea eta arretaz begiratu zien azpialdean zetozen bi argazkiei: bata Mikel Zuluetari komisaldegian bertan egindakoa zen eta bestean, Felix Artetxe ageri zen Nati Lasaren alboan, terraza batean eserita. Natiren buru bueltan, errotuladorez eginiko borobil bat zegoen eta azpialdean lerro bat: «Nati Lasa bere senarraren ondoan, Donibane Lohitzuneko kafetegi batean 1982. urtean».

      Beistegik bi kale beherago zeukan autoa. Harantz zihoalarik, patrikak arakatu zituen txanpon bila telefonoz deitzeko.

      Kabina barnean, agenda atera zuen atzeko poltsikotik eta Natiren zenbakia sakatu zuen tekletan.

      Teresa Beitia, Nati Lasaren amak hartu zuen telefonoa.

      Ez, Nati ez dago. Mikel Zuluetarekin egongo da, nire ustez.

      Non egongo dira?

      Ez dakit. Agian Mikelen etxean edo.

      Jose Ramon Beistegiri, gehien gorrotatzen zuen pentsamendua etorri zitzaion burura: bera alferrikakoa zen historia hartan, beste askotan gertatu bezalaxe.

 

Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989