Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989

 

 

XX

HEGOA

 

      Barrena zulatua zekarren Felix Artetxek Iparraldetik Hegoranzko bidean. Natiren haurgaia berea zela jakin zuenetik ez zeukan deskantsurik: galdera bat zetorkion beste baten atzetik, eta gero beste bat eta beste bat. Zulatua zekarren barrena eta zulo hartatik ihes egina, estirpazio bortitz bat bezala, Hegoalderantz itzultzeak zemaion beldurra: bueltarik gabeko bidaia izan zitekeen hura, baldin eta harrapatzen bazuten.

      Baina ez zuten harrapatuko: trenean zihoan muga arazorik gabe pasata, Belgikatik zetozen hiru portugaldarren gelatxo berean. Noizik eta behin leihotik begiratzen zuen beraietako baten batek, edo aldizkaria irakurtzen zuen gogo gabe besteren batek, baina denbora gehiena berbetan igarotzen zuten, bidaiaren luzera eta Belgikan egindako salmenta baten inguruan.

      Felix Artetxek ez zuen deus ulertzen, baina noizbehinka harrapatzen zituen hitzei esker, lau fresagailu salduta zetozela bueltan esan zitekeen. Nolanahi ere, atseginak ziren hirurak: leihoa ireki nahi zuten bakoitzean, baimena eskatzen zioten frantsesez Felixi. Oui erantzuten zien beronek buruarekin lagunduz, merci erantzuten zioten portugaldarrek barrez-barrez.

      Felixen pasaporteak Manuel Rubioren izena zeraman. Lehenago gizon beltzaxka baten argazkiak hartzen zuen lekuan, bere erretratua zegoen orain, betaurreko eta guzti.

      Ordu laurden barru iritsiko zen geltokira eta han autobusa hartuko zuen, baldin eta eskura bazetorkion, bestela taxi bat alogeratuko zuen hiriraino iristeko. Alabaina, geltokitik bertatik hots egin nahi zion Natiri telefonoz, hankak lurrean jarri bezain laster.

      Natik alde egingo zuela esan zionean, aspaldian espero zuena gauzatu zitzaion begien bistan, baina, hala ere, ezusteak harrapatu zuen, barruan bai baitzeukan Natik pauso hura emateko beharrezko ausardiarik ez zeukalako segurantzia. Ustea behintzat. Edo esperantza eta nahia. Baina beste behin ere harritu egin zuen Natik jokaera harekin, eta berriro ere jabetu zen denborak bere poderioz berdindu ez zuen ezberdintasunaz. Bi ziren beraiek, bi banako elkarri loturik, elkarri uztarturik, baina bi: bata harra eta emea bestea.

      Inoiz ez zuen sinetsi izan aldentze hura betirakoa izango zenik. Bere iheslari egoera argitu bitartekoa baizik ez zela izango esana zion bere buruari, ezin zitekeela elkarrekin egindako bide guztia eta elkarri emandako guztia hautsi. Gauzak baretutakoan itzuli egingo zen Nati, edo hobeto, bera itzuliko zen Natirengana, ihesizko egoera hartan handitzeko aukerarik izan ez zuen amodio hura zaindu eta hartaz gozatzera.

      Baina haurgaiaz beste egin bazuen, beti berari begira ibilitako Mikel Zuluetaren ondoan bazebilen, amaiera zen hura. Moztura. Atzera ibili ezinezko bide baten hasiera, sagastiko aldapan behera sagar borobilaren bidea bezalakoa.

      Agur esan zien arraiki merkatari portugaldarrei eta eskua eman zion hiruretako bakoitzak irribarrez. Trena iritsia zen, eta geltokian zegoen jendea, kolore bizitako iragarki handiak eta loteria saltzen duen itsua trenaren eskaileratik jaisten ikusi zituenean, azkartu egin zitzaion arnasa eta bizkortu bihotza. Ia ohartu ere egin gabe, ezkerretara begiratu zuen lehendabizi eta eskumatara ondoren, baina ez zuen ezer arrarorik sumatu, komun publikoetako ateetan eskale zahar bat kartoi gainean lotan izan ezik.

      Berrehun metrotara zeukan kabinarik hurbilena eta bertara abiatu zen pauso erabakitsuz. Teresa Beitiaren etxeko telefonoa markatu zuen: 74 82 67.

      Nor da? —galdetu zuen Nati Lasaren amak telefonoaren beste aldetik.

      Neu —erantzun zuen Felix Artetxek siku—, esaiozu Natiri jartzeko.

      Ez dago etxean, ez dago hemen —esan zuen Teresa Beitiak urduri.

      Esaiozu jartzeko mesedez —berriro Felix Artetxek—, badakit zure etxean dagoela.

      Ez, ez da etxean...

      Felix Artetxek elkarrizketan sumatu zuen Teresa Beitia telefonoaren beste aldean. Norbait ari zitzaion hizketan. Beste ahots bat sumatzen zen urrutira.

      Bai, nor da? —galdetu zuen orduan Natik, seguru asko amari telefonoa eskutatik kenduta.

      Neu naiz, Nati. Ordubete barru, betiko lekuan elkartuko gara. Larunbatetan joaten gineneko tabernan —esan zion Felixek, kafetegiaren izena aipatzeari ihes eginez, badaezpada—. Elkarrekin hitz egin behar dugu —gehitu zuen azkenez.

      Hori ezinezkoa da... —hasi zen esaten Nati, baina besteak kendu egin zion hitza.

      Ezin dugu telefonoz luzeago hitz egin. Ordubete barru betiko lekuan. Kontuz etorri. Agur.

      Bere lekuan eseki zuen Artetxek aparailua eta kabinako ate metalikoak ireki bezain pronto, berriro egin zuen oharkabeko keinu hura: ezkerretara begiratu zuen lehendabizi eta eskumatara ondoren. Gero, taxi bati jaso zion besoa, etor zedin. Erabakita zeukan autobusez ez joatea.

      Erdi aldera —esan zion gidariari, behin auto barruan egokitu zenean.

      Erdi aldera bai, baina nora? —galdegin zion honek.

      Prim kaleko Murtxante kafetegira —erantzun zuen zalantzarik gabe Felixek.

      Ederki —eta martxan jarri zen taxia.

      Bide osoan ez zuen ahorik zabaldu Artetxek. Gidariak trafikoaren egoera zoroaz hitz egiteko egin zituen ahalegin guztiak antzu gertatu ziren elkarrizketarako. Felixek hiriari begiratzen zion leihoaren kristaletatik eta denborak oroitzapenei ezartzen dien herdoilean pentsatu zuen, hamar urtetan ikusi gabeko paraje haiek begiratzean: kale eta etxe haiek zer ikusi gutxi zuten berak puzturik zeuzkan gogorazioekin. Hura ziutate bat zen, beste guztien antzekoa. Kaleetako zorabio anonimoa zen nagusi han ere: autoak harat-honat semaforoekin lehian, dendetako oihal distirantak, etorbideetako zuhaitz gazte okerrak trapu zuri batez makila sendoagoei loturik eror ez zitezen, eta banketxeak nonahi.

      Murtxante kafetegiaren parera iritsitakoan, aurreraxeago joan zedila agindu zion taxistari. Ordaindu egin zion ondoren taximetroan jartzen zuen beste, propinarik eman gabe, eta gero, automobiletik kalera jaitsi bezain pronto, ahazturik zeukan zerbait sumatu zuen sudurrean: hiri hark beti izan zuen burdinolen usain berezi hura.

      Aproposko betaurreko haiek zeramatzan oraindik jantzita. Ez zuen nahi inork ezagutzerik. Okerrena horixe litzateke: bera han zegoela vox populi bihurtzea.

      Sekula sartu gabeko taberna batean hartu zituen bi kafe, bazter batean egokitutako mahaitxo batean. Egunkaria irakurriz eman zuen denbora, Natirekin egindako zitaren tenorea iritsi bitartean. Azkenean, kafeak ordaindu eta gero, irten egin zen taberna ezezagun haren ateetatik. Nati iritsia izango zen ordurako.

      Murtxanteranzko bidea hartu zuen oinez, eta iritsi baino lehen, hiru gizonezko ikusi zituen urrutira auto baten barnean geldi, eta beste bi kafetegiaren ondoko eskaparate bati beha, eta beste lau harantzago furgoneta zuri batean.

      Felix Artetxek ibilera aldatu zuen eta ordu haietan erdialdeko denda ugarietan erosketak egiten zihardutenen artean galdu zen pauso lasaiez.

      Natiren atzetik etorriak izango dituk, pentsatu zuen berekiko. Ez naitek berehalakoan harrapatuko.

      Biharamunean ekingo zion berriz.

 

Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989