|
Mugetan
XVIII BERRIRO ETXEAN
Teresa Beitia, Nati Lasaren amak, erosketa bereziak zekartzan egun hartako bazkaritarako. Nolabait ospatu nahi zuen alabak atxiloketarekin izandako sustoaren amaiera. Itziarrek, Natik, eta berak, Teresak, ospatuko zuten. Zeharka bezala esana zion bere alabari, nahi izanez gero Mikel Zulueta eta Beistegi abokatua ere gonbida zitzakeela bazkaltzera, baina Natik ezetz esan zion, nahikoa zirela haiek hirurak ospatzerik merezi ez zuena ospatzeko. Gainera, goiz hartan bertantxe, Mikel Zuluetarekin gosaltzeko geratua zen, erdialdeko kafetegi batean. — Zeuk nahi bezala —erantzun zion Teresa Beitiak—, baina Itziarri etortzeko esan behar diozu, asko lagundu digu ta. Teresa Beitiak bere burua txarrenerako prestatu zuen Nati Lasa harrapatu zutenean. Tarte luze batean alabarik gabe egon beharko zuela uste izan zuen. Libro utzi eta gero ateko tirrinak jo zuenean, inondik ere ez zitzaion burutik pasatu bere alaba izan zitekeenik atearen beste aldean zain zegoen hura. Ustekabeko zorionaren jabe bihurtu zen, espero ez den opari bat hartzen denetan bezalaxe. Beistegi abokatuari, besterik ez bazen, zigarro habano kaxa eder bat bidaliko zion, bere ahaleginak eskertu nahian. Ohigabeko menu bat hautatu zuen: arrain pastela, legatz errea eta pantxineta. Edateko ardo gorri berezia ere bai. Bazekien oso gustuko zituela bere alabak jaki haiek. Eta baita Itziarrek ere. Sukaldeko lanetan ari zela, ate hotsa sumatu zuen lehendabizi eta alabaren pausoak pasilloan ondoren. Irratia itzali eta harrera egitera joan zitzaionean, alabaren aurpegiak albiste txarren baten iragarpena ekarri zion. — Zer duzu Nati? —galdegin zion—. Pozik egon ordez, zurbil sartu zara etxean. Erantzun beharrean, Natik guardasola utzi zuen albo batean eta ondoren bere gelara joan zen zuzen, amari ezer esan ezinik. Teresak ondotik jarraitu zion gelara, eta han jakin zuen egia osoa: joan zen apirilean, Mikel Zuluetak lagundu zuen Nati erraietan zeramanaz libratzera. Felixen umekia zen medikuak kendu ziona. Poliziak hori jakinik, Felix erakarriko zuen Hegoaldera, eta guzti hori gutxi balitz, Mikel Zulueta Iparraldera bidean zihoan Felix topatu nahian. Teresak telefonoa hartu zuen eta Itziarri mesedez bazkaltzera ez etortzeko eskatu zion.
Mugetan |