|
Mugetan
IX IKERKETAN
Atxiloketa hartan fitsik ere ulertzen ez zuena, Beistegi abokatua zen: Madriletik etorritako gizonak bazekien zer galdekatu, eta Mikel eta Natik bazekiten zer ezkutatu. Beistegik komisaldegiko ate berdexka haien aurrean asper-asper eginda amaitu zuen, hainbeste denboratan alferrik zain. Manta tolestatua auto barruan gorde zuen amorruz. Gero, goiz epeletako hego haize batek hurbileko prentsa-kiosko bateraino lagundu zuen: egunkariek ere ez zekarten ezer atxiloketez. Natiren berri aspaldidanik zeukan Beistegik, baina ez hala Mikel Zuluetari buruzkorik. Tximuren emazte izandakoa zen Nati eta nahikoa zen datu hori Beistegirentzat. Horrekintxe bazekien nondik nora ibilitakoa izan zitekeen Nati Lasa, ez zeukan asko pentsatu beharrik. Ihesi ibilitakoen pausoak, denak ziren berdintsuak abokatuarentzat. Baina Mikel Zulueta? Nor zen bera? Zein lotura zeukan Nati Lasarekin? Eta Tximurekin? Jose Ramon Beistegik zekien apurra zera zen: Mikel Zuluetak irrati handi batean egiten zuela lan. Taxi bat hartu zuen eta irratiranzko bidea hartzeko agindu zion txapel txiki bat jantzirik zebilen taxista argalari. Zigarro bat piztu zuen Beistegik atzeko eserlekuetan kokatu bezain pronto, baina berehala esan zion taxistak ea ez ote zekien muturretan zeukan txartel handi hura irakurtzen. Zigarroa amatatu zuen Beistegik jenio txarrez; protestaka hasi behar zuen orduantxe baina taxistak pizturik zeraman irratiak kendu zizkion horretarako gogo guztiak:
«Bi pertsona atxilotu ditu poliziak bart. Bata emakumea, Natividad Lasa izenekoa, 31 urtetakoa eta Felix «Tximu» terrorista historikoaren emazte izandakoa. Bigarren atxilotua, Mikel Zulueta geure lankidea da, albistegietan zehar eguraldiaren berri eman ohi diguna. Mikel Zuluetak 32 urte ditu eta Natividad Lasaren txikitandiko laguna da».
— Bi horiek ere zerbait egingo zuten —bota zuen borobilki bere iritzia taxista txapel txikiak. Beistegik zerbait erantzun nahi zion txoferrari, baina alferrik zela pentsatuta ez zuen fitsik ere ihardetsi. Hamabi pisutako etxetzarrera iritsi zirenean, propinarik eman gabe irten zen abokatua atzeko atetik. Beirazko ate batetik aszentsorera sartu zen ondoren. Ispiluz eginiko kaxa karratu bat zen igogailu hura. Noranahi begiratuta ere, bere sudur handi hura baizik ez zuen ikusten ahal. Hamargarren solairua adierazten zuen botoia sakatu eta gero zigarroa piztu zuen azkenez, erretzea debekatzen zuen txartel nabarmenari kasurik egin gabe. Irratiko solairura iritsi eta igogailuaren atea ireki zuenean, parez pare topatu zuen irratiko atea. SARTU HOTSEGIN GABE jartzen zuen. Atea iragandakoan, uste ez bezalako hall argitsu bat aurkitu zuen. Ertz batean mostradore kurtsi bat zegoen, eta bere atzealdean, neska gazte beltzarana telefonotik hizketan. Beistegik, mostradore gaineko aldizkari baten orrialdeei begiratu zien, ezer zehatzetan erreparatu gabe. Halako batean, neska beltzaranak telefonoa eseki zuen. — Egunon Jauna, zer nahi duzu? —galdetu zion formula hotzezko hitzak erabiliz. — Beistegi naiz, Mikel Zulueta zuen lankidearen abokatua. Irratiko Zuzendariarekin hitz egin nahi nuke. Neska, hitz erdirik esan gabe, jaiki eta pauso arinez abiatu zen bulego ate haietako batera. Beistegi berehala ohartu zen: neska hura ipurdi-gizena zen eta pauso arinduak gehitu baizik ez zion egiten zeukan potolotasuna, gonetan ezkutatu ezinezko haragiak dantzan bailebiltzan, eroki. Hamarren bat minutuz aritu zen abokatua irratiko Zuzendariarekin hizketan, baina ez zuen ezer argirik atera. Egia esan, halako gizon mixkel eta epelik ez zezakeen espero hain irrati handiko Zuzendaritzan. Atera zion bakarra, azken finean, zera izan zen, Mikel Zulueta langile fina zela eta norbaitek berari buruz ezer jakitekotan, hori Daniel Gurrutxaga zela, Mikelekin batera eskolan ibilitakoa eta albiste zerbitzuetan, irratian bertan, lan egiten zuena. Beistegi abokatuak, Mikel Zulueta egunen batean lanera etorri gabe geratu ote zen galdegin zionean, Zuzendariak harritu aurpegia jarri zuen, erantzun ezinezko galdera luzatu izan balio bezala. — Azken sei hilabeteotan lanera zintzo etorri den jakitea, ez da ba asko galdetzea izango! —gehitu zuen Beistegik haserretze bidean. Zuzendariak karpeta urdin bat atera zuen kaxoi batetik. Azalean Mikel Zuluetaren izena zekarren errotuladore beltzez idatzirik. Folio zuri bat hartu zuen bertatik Zuzendariak: — Apirilaren seian ez zen etorri, baina bazeukan horretarako baimena. Oroitzen naiz sendagilearengana joan beharra zeukala. Hala esan zidan behintzat niri. — Nor da bere medikua? —galdetu zuen Beistegik, ageri zitzaion hari xume bakar hari tiratu nahian. — Ez dakit. Galdegiozu Daniel Gurrutxagari, berak jakingo du horren berri. Eskerrikasko hotz batez eten zuen abokatuak solasaldi antzu hura, eta zuzenean joan zen berriro mostradore atzeko neska ipurdi-gizenarengana. — Zein da Daniel Gurrutxagaren lanlekua? — Horko bulego horretan egiten du lan —erantzun zion neskak— baina ez da oraindik etorri. Arratsaldeko txandakoa da. — Emadazu orduan bere etxeko telefonoa. — Etxean ez dauka telefonorik. Berarekin hitz egin nahi baduzu, hots egiozu hona, irratira, arratsaldean. Gurrutxagaren helbidea galdetu ostean, agurrik esan gabe irten zen Beistegi halletik. Bere sudur handia gauzatu zitzaion berriro aszentsoreko ispiluetan, eta eutsi ezinezko irrika batek zigarroa piztera behartu zuen, erretzea debekatuta zegoela adierazten zuen txartel hartaz ohartzean.
Mugetan |