Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989

 

 

XXI

MURTXANTEN ZAIN

 

      Nati Lasak ordubete inguru zeraman Murtxante tabernan zain. Kafesne baten ontzi hustua zeukan aurrean eta azukre koskor baten paperaz jostatzen zen behatz artean. Bezeroen begirada lasaiak ikustean, ezagunen bat agertuko ote zen kezka sartzen zitzaion eta apenas ateratzen zituen begiak bere adats luzeek eskaintzen zioten babesetik. Ez zuen inor ezagunik agertzerik nahi. Ez zuen inorekin hitz egin nahi.

      Hain denbora luzean era hartan ikusita, zerbitzaria hurbildu zitzaion beste ezer nahi ote zuen galdezka, baina ezetz esan zion Natik, aski zuela hartutako kafesnearekin.

      Bazekien Felix ez zela agertuko. Zerbaitek eragotziko ziola berarenganaino hurbiltzea. Eta arratsalde hartakoak porrot egiten bazuen, bazekien Natik berriro ere saiatuko zela Felix berarekin zelan edo halan topatzen. Behin Hegora etorriz gero ez zuen etsiko elkarrekin hitz egin arte. Natik bazekien Felixek barrena zulatuta edukiko zuela eta bere ezpainetatik argitasunik lortu arte ez zuela beteko. Ez umekiarena eta Mikel Zuluetarena jakin arte behintzat.

      Erabakita zeukan zer esan: «Hara Felix, badakizu ezin nuela egoera hartan aurrera egin. Ezin nuen estutasun luzeegi hura gehiago jasan. Zuk bai, zuk argi duzu beste biderik ez dela eta hil ala bizi jokatuko duzu guratakoa lortu arte. Zertarako Felix? Zertarako, ezin badugu geurea aurrera atera? Beste biderik ez dakusazulako agian?

      »Elkarrekin egindako bide guztiaz oroitzean, estazioak datozkit gogora, hotza eta ihesa. Nereak ez diren lurretako usainak. Akordatzen al zara Rue de la Porterie hartan alokatu genuen etxe hits hartaz? Akordatzen al zara han geneukan zumitzezko lanparaz? Bai, Monmartren erosi genuen hura. Holako gauzak datozkit gogora atzera begiratutakoan. Holako gauzak eta zenbat eta zenbat aldiz egon izan naizen bakarrik zu noiz itzuliko irrikan. Zu bai, zu harat-honat ibili izan zara beti zeurean, baina ni? Ni zer? Arrapataka ihesi ateratzeko prest edukitzen nituen maletak, eta askotan halaxe egin genuen gainera. Oroitzen zara zein presaka utzi behar izan genuen Rue Saint Deniseko etxea? Oroitzen zara zenbat bider laga ditugun atzean geuretartzeko astirik gabeko lekuak? Ez heroi eta ez martiri. Ni ez naiz ez bata eta ez bestea. Leku bat behar dut nik, leku iraunkor bat. Neure eskuez eta lanaz apaindutako babes bat. Hori Felix ez da asko eskatzea. Amodioak ezin dezake luzaro estal egonezina eta ikara. Nik ezin dut atzetik norbait segika ote dugun pentsatuz bizi. Nik ezin nuen bizirik eta sano itzuliko ote zinenetz uneoro kezkaturik ibili. Hautsi egin behar nuen inora ez ninderaman bide hura. Zorigaitzerako abantada hura apurtu. Beti zure atzetik, beti zure ondoren neure ausardi gabeziarekin, beti ihesi edo bakarrik, malkoa begian eta tristura barrenean. Ezin nuen gehiago, ikusten bainuen denboraren iragaitea neure azaleko zimur berrietan eta zeure begietan. Bukaerarik gabeko zurrunbilo antzu hartan nola eduki behar nuen nik esperantzarik? Zeren esperantza? Aukeratzeko ahalmena baneuka behintzat, baina zeren artean aukeratu? Ihesbidean segi ala gertakizun bortitzen batek bere hortzak erakutsi? Bizimodu hartan ez zen beste aukerarik. Eta hori aukera al da? Ez Felix, ez, beste zerbait nahi dut niretzat.»

      Behin eta berriz errepasatzen zituen hitzak Natik Murtxante kafetegiko mahai baztertu hartan, baina bazekien Felixen begi nabarrak parean edukitzean ez zitzaizkiola pentsatutako era berean kanporatuko. Bazekien ia mutu geratuko zirela biak elkarri begira, ezertarako hitzik topatu ezinik. Bazekien topo egindakoan elkar besarkatuko zutela eta besarkada hark ernatuko zituela Felixen alboan iragandako une gozo guztiak, sekula gehiago edukiko ez zuen gaztetasunean bizi izandako zirrara ederrak.

      Elkarri begira geratuko ziren luze, bata bestearen begietan elkarren ondotik aldenduz geroztikako gertakizunen bila. Eta arraro sumatuko zuen batak bestea, aldendurik zeramatzaten hilabete eskas haietan norberak egindako bide propialak ematen zien urruntasunaz. Ala, besarkada hark, ahazturikoak piztuko zituen, ondo amatatu gabeko sute batek dakarren triskantza ekarriz?

      Mikel Zuluetaz oroitu zen Nati, oroitzapen haietan iragana itzaltzeko adinako esperantza aurkitu nahian. Mikel Zulueta, beti berari so egondako mutila. Felixen bila zebilen Iparraldean gajoa, eta Felix hemen Hegoan.

      Umekiaz galdegingo zion Felixek, eta ea zergatik ez zion berari ezer esan.

      «Gaizki egin nuen zuri deus ez esatean, bai. Baina on beharrez egin nuela jakin ezazu. Ez nizun bizimodurik korapilatu nahi. Zer aurreratzen nuen haurdun nengoela adierazita? Inoiz ez genuen halakorik desiratu. Haur baten etorrera zama zen gure bizimodurako; gainera, badakizu nik ez nuela, gauzek horrela zirauten bitartean, haurrik nahi. Zertarako? Kezka baizik ez nizun sortuko haurdun nengoela esan banizu, eta nahikoa badituzu lehendik ere. Eten egin nahi nuen guztiarekin. Ez nintekeen zure haur batez erdi. Inola ere ez. Ez zegoen beste biderik. Aukera garbia neukan, horregatik eskatu nion laguntza Mikel Zuluetari.»

      Natik Felixen aurpegia irudikatzen zuen, parez pare baleuka bezala, eta Mikelen izena aipatze hutsarekin aldaketa ńimińoak sumatuko zizkion aurpegieran: ezpainak apur bat tinkoago jarriko zitzaizkion eta bekainak goraxeago.

      «Ez Felix, ez dizut Mikel Zuluetaz hitz egin nahi. Hori neure gauza da. Hemendik aurrera zeuk egiten dituzun gauzak zeureak diren bezalaxe.»

      Moztu egin zitzaizkion gogoetak Natiri, mostradoretik bi gizon zeharka berari begira antzeman zituenean. Hartutako kafesnea ordaindu eta irten egin zen Murtxanteneko ateetatik.

      Ziutateko lehen argiak zeuden diz-diz oraindik gauak ilundu gabeko arratsalde hartan.

 

Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989