Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989

 

 

XVI

ELKARREKIN

 

      Bezperan telefonoz hitz egin zuen Mikel Zuluetak Nati Lasarekin, libro utzi zuten bezain pronto, baina gauza haiek ezin zitezkeela telefonoz konpondu eta, biharamun goizean gosaltzekotan geratu ziren biak.

      Gabardina alferrik hartu zuela ohartu zen Mikel Zulueta; leihotik ortzia behatu zuenean, hodei ilun batzuk ikusi zituen zaparrada mehatxuz; ataritik irten bezain pronto, ordea, haize zantarra zebilen bazterretan eta urrundurik zeuden hodei ilunak jada. Kale oraindik bustietan, goizeroko sukarrak harrapatua zeukan hiria: autoak eta jendea presaka. Eskoletara zihoazen haurrak, autobusaren zain ilaran.

      Ikuspegi arrea zen Mikel Zuluetarentzat, hirietara ohitu gabeko herritarraren arroztasuna.

      Semaforo bat noiz berdetuko zain zegoela, alboko pertsonei begiratzen zien. Aurpegi adierazkorrak. Aurpegi hitsak. Larry Seeger-ek hiriari eskainitako blues zaharra etorri zitzaion gogora ziutatearen erdian, ikasle garaietako hiri ezagutzaren adierazle oihartzundua:

 

            Hiriko arratsetan, tristeziaren usaina baizik

            ez dakit usmatzen, natorrenetan.

            Aparkaleku bila dabiltzanen haserreak

            eskale ugarien ninietan islatzen dira,

            ispilu txikietan bezala diz-diz.

            Noizean behin gizonezko bat iragaten da,

            pauso saltariz barrezka eta bakarrik hizketan.

            Edo emakume gazte bat, zapiaz zintz eginez,

            malkoak bistan, zotinka.

            Semaforoak ez dira ia ikusi ere egiten

            neoien konpetentzia bortitzean.

            Txakurrik ez da ageri inongo bazterretan

            (trafikoak garbitu zituen denak, duela bi hamarkada).

            Katuak lurrik sekula ukitu gabe hiltzen dira

            teilatu hotzetako antena artean.

            Ilargia ere gaueko giza piztia koloretsuek harrapatu dute,

            eraman egin dute, den-dena beraientzat.

            (Neretzat batere utzi gabe)

 

      Semaforoa ireki zenean, giza uholdean barrena abiatu zen Mikel Zulueta bere gogoetetatik irten ezinda: noizbait aukera bazuen, alde egingo zuen handik, berriro ere lehenera.

      Nati Lasa ikusi zuen gosaltokiko atetik sartzen, hark ere alferrik hartua zuen euritako urdin motx bat.

      Aparte antzean zegoen mahai bat aukeratu zuten. Nati Lasa izan zen hizketan asmatu zuen lehenengoa.

      Musu hotz batez egin zion harrera neskak eta ondoren:

      Egur asko jaso al duk?

      Ikusten dun nire aurpegia. Saihetsetan ere oraindik bazeuzkanat ubeldu batzuk.

      Putakumeak!

      Eta hiri, zer egin dinate? —galdegin zuen Zuluetak, oharkabean bezala neskaren eskuak bereaz bilatuz.

      Ez, Mikel, ez nazak ukitu oraindik —esanaz batera, indarrez erretiratu zituen eskuak mahaipera.

      Baina, zer dun?

      Ezer ere ez.

      Gorbataz jantzitako zerbitzari bat hurbildu zitzaien, zer gosaldu nahi zuten galdezka. Bakoitzak berea esan eta alde egin zuenean, tarte luzeegi bat utzi zuten isilik, hitzak bilatu ezinik.

      Esadan, zer egin dinate?

      Zer egingo zidatean, bada, ohizkoa. Azkenean esan huen isilik gorde beharrekoa. Zer egin behar diagu orain? Berriro ere Felixen garaietara itzuli?

      Mikel Zuluetak mutu egon nahi zuen. Bete gabeko hitzaren damua komisaldegiko oroimenen gainetik ari zitzaion hegaka, itzal beltz nardagarri bat bezala. Bazekien Natik ez ziola inoiz barkatuko. Bazekien gertatutakoa ez zutela sekula ahaztuko.

      Zerbitzari gorbatadunak opiltxo batzuk ekarri zituen kafesnearekin batera. Beste ezer nahi ote zuten galdegin zien segidan. Mikel Zuluetak ezetz adierazi zion buruaz.

      Komisaldegian pasatutakoen aztarna nabari zen Natiren begietan eta, batez ere, kontrolagaitz bihurtu zitzaizkion ezpainetako dardara berri batzuetan.

      Hitz erdirik ere ez zuten esan gosaldu bitarte. Nork bere kafesnea hartu zuen eta Natik bakarrik dastatu zituen eztiz egindako opiltxo haiek. Gainbehera zetorren Mikel; elkarren begietara begiratzen ere ezin zutela asmatu ohartu zen. Batak besteari komisaldegian gertatutakoa argitu beharrak ez beste ezerk lotzen zituen biak hain hurbil, gosalmahaiaren inguruan.

      Ezin izan al huen isilik eduki? —galdegin zion Natik.

      Erantzun bakarra begi beheratze bat izan zen, eta alkandorako poltsikotik zigarro paketea ateratzeko keinua.

      Bazekiat gogorra dela egoera hau. Bazekiat hik ez huela halakorik nahi —jarraitu zuen Natik— baina hemendik aurrerakoek kezkatzen naute. Zer gertatuko duk Felixekin? Gaizki egin diagu dena. Ez zeukak konponbiderik. Alferrik duk.

      Heuri lagundu besterik ez ninan nahi.

      Bazekiat, baina ez duk hori gauza. Irakurri al duk gaurko prentsa? Litekeena duk orain Felix nirekin hitz egitera bueltatzea, eta badakik horrek zer ekarriko duen. Zain edukiko dizkik poliziak, ziur.

      Ezin al dion ez etortzeko abisurik eman?

      Berdin duk, etorri egingo duk hala ere.

      Mikel Zuluetak burua makurtu zuen bi eskuen artean. Denbora behar zuen guzti hura konpontzeko. Ez zuen Nati berriro galdu nahi. Bera joango zen Tximurekin hitz egitera. Guztia argitu beharra zegoen. Ez zegoen beste biderik. Iparraldera joan, Tximu aurkitu eta ez itzultzeko esango zion, gera zedila han Iparraldeko babesean.

      Non dagoen esango al didan? —galdegin zion Natiri—. Neu joango naun berarekin mintzatzera.

      Ezta pentsatu ere. Hau, bera eta nire artekoa duk. Ez hadi sar.

      Nik ez haut galdu nahi, ordea. Zerbait egin nahi dinat, ezin naun zer pasatzen den begira geldi egon. Esadan non topa dezakedan.

      Ez duk deus ulertzen. Nik ez zioat sekula inori Felix non dagoen esango, ezta hiri ere. Zer nahi duk, poliziak berriro atxilotu eta haren berri galdetzea? Jakingo al huke isilik edukitzen?

      Mikel Zuluetak bazekien galdera hark ez zuela erantzunik behar, Natik berarekiko mesfidantza edukiko zuela betirako. Etsitzeak, ordea, ez zuen berea konponduko. Iparraldera joango zen kosta ahala kosta.

      Hire laguntza gabe joango naun. Aurkituko dinat.

      Ez hadi joan, ez duk hire gauza.

      Ezin dinat begira egon; Felix aurkitu eta gertatutako guztia argituko zionat honuntz etor ez dadin.

      Ez hadi tartean sartu. Utz ezak bakean. Ez dik kasurik egingo.

      Joan egingo naun.

      Jaiki egin zen Zulueta mahaitik eta poltsiko txikitik ateratako diru batzuk barreiatu zituen gosariko katiluen inguruan.

      Agur, banoa.

      Bizkarra eman zion Natiri aterako bidea hartu zuenean. Zerbitzari gorbatadunak mahaian eserita geratutako neskari begiratu zion: zurbil zegoen, paper zuria baino areago. Amoranteen arteko kalapitaren bat gertatu zela pentsatu zuen berekiko.

      Haizea zebilen kanpoan, kaleak lehortuak ziren jada, Mikelek gosaltokia atzean laga zuenean. Denbora behar zuen. Atsedena. Egin beharrekoa egingo zuen, baina okerreko pausorik gabe.

      Eskuturreko erlojuari behatu zion lehendabizi eta ingurura ondoren. Bi auto ezberdinetan lau gizonezko ikusi zituen. Beraietako bi bere atzetik abiatu ziren, eta beste biak gosaltokiko atea baino bi ezkaratz harantzago geratu ziren, Natiren zelatan seguru asko.

      «Hemen dituk poliziak —pentsatu zuen—. Natik arrazoi dik. Tximu harrapatu nahian zebiltzak.»

      Espaloia gurutzatu eta parke zabal batean sartu zen. Poliziak ikusi zituen autoa laga eta bere atzetik nola abiatzen ziren. Unibertsitario itxura zuten beste ezer baino gehiago.

      Parkearen atzean ibaia zihoan itsasorantz. Pretilean eseri zen hankak uretarantz zintzilik zituela. Poliziak ere eserleku publiko batean eseri ziren, berrehunen bat metrotara. Mikelek gauean eginiko euriak ikusi zituen pasatzen bere zapaten azpian ibaian behera. Plastikozko poltsak, enborren bat edo beste eta spray poto hutsak zeramatzan urak, jostailuzko ontziak bailiren.

      «Bi horiek atzean galtzen ditudanean, Tomas Goikolearengana joango naiz, hark emango dit Tximuren berri.»

      Hankak pretil gainetik altxa zituenean erne ibili beharko zuela pentsatu zuen, eserlekutik jaikitzen ari ziren bi haiek atzean laga nahi bazituen behintzat.

 

Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989