Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989

 

 

VII

GIZON BELTZA

 

      Mikelek ez zuen ezer ikusten iluntasun hartan. Ez zekien non zegoen, ez eta noiz eraman zuten hara ere. Egurrezko ohol batek igurzten zizkion gorputzeko bazter mindu guztiak, gauean jasotako kolpeak gogoraraziz.

      Hotz handia egiten zuen zeldan; besoak eta eskuak poliki-poliki izterretarantz jaitsi zituenean, manta zahar antzeko oihal txiki bat aurkitu zuen Mikelek belaunetan kizkurturik. Tira egin zion gorantz, estal zezan, baina metro eskas bat luze baino gehiago ez zen izango manta erdi hura. Izterrak babesten bazituen, enborra geratzen zitzaion airean, eta bestera eginez gero, izterretatik sartzen zitzaion hotza hezurretaraino.

      Mantak erabat estal zezan, ohe antzeko ohol haren gainean triku baten itxuran kizkurtzen hasi zenean, bizardun polizia txabala etorri zitzaion gogora, eta hark emandako guztiek haragian nola irauten zuten erreparatu zuen. Ezin zuen gehiago kizkurtu: gerriko minak ez zion uzten.

      Ezkerreko alboaren gainean jarri zen orduan etzanda, eta burua oholetik apur bat harantzagotuz, botaka egin zuen.

      Berriro ere etzan zen gora begira. Lehen ez bezala, begiak ohitzen ari zitzaizkion ilunpe hartan. Itzalitako bonbilla zahar bat antzeman zuen sabaian, eta harantzago, zeldaren bestaldean, norbait bazela sumatu zuen.

      Berriz etzan zen alboka botaka egiteko. Bere zapatak ikusi zituen orduan lurrean, lokarririk gabe eta botatakoez zikinduta.

      Gero ate hotsa nabaritu zuen. Horrekin batera argia piztu zen eta alboko ohetik gizon beltz luze bat ikusi zuen altxatzen. Hotzez dardarka zegoen gizagaixo hura, niki txiki bat baizik ez baitzuen soinean. Bat batean polizia potolo bat sartu zen zeldan, beraien zapatak jaso zitzatela aginduz. Mantak eta bi ohe-antzekoak erretiratu zituen eta ondoren hiru baldekada ur bota zituen zeldako lurrean, inor zoruan etzan ez zedin. Krisketaren zarata baino lehen, urrutitik zetozen intziri pare bat entzun ziren, pasillo luze eta ilun batek multiplikaturik.

      Gero eta argiago bihurtu zitzaion Mikeli gizon beltza. Pareko angeluan zegoen zutik baina etzanda bezala, bero handia egiten duen herrietako jendeak bakarrik egoten dakien eran. Mikelek zerbait esan zion, baina beltz hark ez zuen deus ulertzen, ez zegoen berarekin mintzatzerik. Zigarro baten keinua egin zion Mikelek eskuak ahoan jarrita, baina beltzak ezetz egin zuen buruarekin, berak ez zeukala tabakorik.

      Bazter batean kiribildu zen trikua legez. Izua zeukan zainetan Mikelek. Amesgaiztoren amaiera ikusi ezinak, espantua sortarazten zion.

      Zergatik, berari? Zergatik Natiri? Beltzari behatu zion berriro eta bere nini ikaztuetan etxera bueltatzeko gogoa ikusi zuen, islaturik.

 

Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989