|
Mugetan
XVII IPARRALDEAN
Felix Artetxe «Tximu»k bere auto urdina hartu zuen eguerdiko hamabietan. Miarritzeko lagun batzuk haurra izan berri zuten eta horixe ospatzera zihoan. Autoaren atzealdean zeramatzan opariak: arrosa sorta eder bat amarentzat, Calvados botila fin bat aitarentzat eta plastiko horizko katu txiki bat jaioberriarentzat. Ez zuen zalantzarik eduki opariak aukeratzerakoan, aspalditik ezagutzen baitzituen Mañolo Goñi eta bere emazte Edurne. Bazekien Edurnerentzat ez zegoela arrosen pareko lorerik eta Mañolok okasio handi guztietan Calvados zurrutada zuela laket. Arazoak haurrak sortu zizkion. Hasiera batean zilarrezko txintxarri bat erosi nahi izan zion, sehaskan zintzilik jartzen diren horietakoa, baina ez zuen inon aurkitu. Azkenean katua erabaki zuen. Hala ere bazekien jaioberriarentzat ez zela hura aproposena. — Zer arraio. Haziko duk! —pentsatuz kendu zuen gainetik halako buruhaustea. Bi solairutako etxe arrunta zen. Zazpiren bat auto egongo ziren atarian bildurik. Lagun zaharrenak ziren gehienak. Etxe barrura sartu zenean, festa giroa sumatu zuen larunbat eguerdi hartan. Mañolok egin zion harrera. — Kaixo mutil. Ongi etorria gurera. — Zorionak Mañolo, ekin eta ekin azkenean lortu duzue. — Kostata baina etorri duk. Mutiko aparta, hiru kilo eta berrehun gramotako erraldea. — Ez zegok gaizki. To, hau hiretzat duk —esan zion Felixek, paper beltz dotoretan bildutako botila luzatuz. — Paketea ireki aurretik asmatu baietz zer den. — Ezetz! —esan zion Felixek aita berriari, eskuetan zeuzkan arrosak zuzen mantendu ezinik. — Calvadosa izan baietz. — Nola asmatu duk? — Hirugarrena haiz opari berbera ekartzen. — Jakin izan banu, beste zerbait ekarriko nian. — Ez hadi kezkatu, edango diagu eta. Umea ikusi nahiko duk, noski. Hortxe zeudek Edurne eta biak, gela horretan. Sartu bezain pronto ohartu zen beste bi lorontzi ere bazirela arrosa gorriz beterik, baina berehala kendu zitzaion burutik loreen kontua Edurne haurrarekin ikusi zuenean. Hurbilduz musu bana eman zien biei, opariak baino lehen. Edurne eder zegoen, begi piztu-piztuekin; haurra ostera, beste guztiak bezalakoxea zen Felixentzat, itsusia, iletsua eta haragi puska gorri baten antzekoa. Jangelako mahai handiaren inguruan, dozena bat lagun zeuden, bazkaltzen hasteko prest. Erdiak inguru ezagunak zituen Felix Artetxek, bera bezala ihesi zebiltzanak ziren gehienak. Besteak Mañolo eta Edurneren lagun zahar eta senitartekoak ziren, Hegoaldetik etorriak. Hala ere, denek agurtu zuten oso bero, betidaniko ezagunak bailiren. Konplizitatezko karpa zabal batek babesten zituen guztiak, eta jakineko kodigo ezagun batek agintzen zuen keinu eta harremanetan. Felix, mahaiaren buruan zegoen Mañoloren alboan eseri zen. Parean, urtetan sartutako gizonezko bat tokatu zitzaion. Gizon argia zirudien eta etorri handikoa. Mañoloren osaba eta gainera aitapontekoa zela esan zuen beste ezer baino lehen, eta kezkatzen hasita zegoela ea bere ilobak haurra egiteko ahalmenik ez ote zeukan pentsatuz. Guztiek egin zuten barre haren hitzak entzunda. Bazkaldu bitarte, buila handian ihardun zuten denek festa handietan gertatzen den legez. Kontu ugari zegoen han, batak besteari kontatzeko. Beti isilik ibili beharraren mugak hautsitakoan ozenagotu egiten dira iheslarien ahotsak jan-edan ugariaren aitzakia betiere gogozkoan. Kafe garaira iritsitakoan, parean zeukan osabak adierazi zion ospakizun hartaraxe zela etorria Hegoaldetik. Felixek ezin izan zuen ohizko galdera isildu: — Nola daude gauzak gure paraje haietan? Gizonak, gauzak beti bezalatsu zebiltzala adierazi zion Felixi: ez zegoela aparteko berririk, bere emazte izandako Nati Lasaren atxiloketa ez bazen. — Zer diozu? —galdegin zuen Felixek eskuetan zeukan edalontzia mahai gainean utziz—. Nati atxilotu dutela? — Ez al zenekien? Atxilotu, eta askatu ere bai. Bazenekiela uste nuen. Horregatik ez dizut orain arte aipatu. — Ez nekien ezer. Nola izan da? — Egunkarian ere badator. Tori —esan zuen, Hegoaldeko egunkari bat luzatuz. Felix Artetxeri aurpegiera aldatu zitzaion bat batean. Jangelako begiak oro zeuzkan berari beha. Lehentxoagoko builak isiltasun astun batek zapaldu zituen. Erabakia, Natik erraietan zeramana berea zela irakurri zuenean hartu zuen, ez zeukan zalantzarik, Hegoaldera joango zen lehenbailehen. Egunkaria mahai gainean utzi ondoren, Mañolori barkatzeko esan zion, baina joan beharra zeukala. Ia ahapeka kontuz ibiltzeko erantzun zion beronek; ez zedila itsutu. Azkenik zutitu egin zen bere lekutik, eta gonbidatu guztiei begiratuz hitz egin zuen. — Barkatu lagunok, baina ez daukat hemen gehiago segitzerik. Joan beharrean nago. Ondo segi guztiok. Ondoren Edurne eta haurra zeuden gelatik iragan zen adio egitera. Beso batean haurra zeukan Edurnek, eta beste eskuan Felixek berak ekarritako katu horia. — Natiren berri jakin duzula zoaz, ezta? —galdegin zion Edurnek. Buruarekin baietz egin ostean, musu bana eman zien Felixek biei. — Adi ibil zaitez Felix —esan zion Edurnek ohetik—, eta Nati ikusten baduzu, musu bat emaiozu gu bion partez. Bere auto urdina hartu eta alde egin zuen Felixek Miarritzeko etxe hartatik. Bihurgunez betetako kostako errepidean zihoala, arrazoirik ezin zion bilatu Natik haurdun zegoela ez esateari. Eta hori baino txarrago zena, ondamua zeukan Mikel Zuluetarenganako. Berriro egin behar zuen alde, nahiz eta poliziek egunero komisaldegian agertzeko ordenua emana zioten. Berriro hautsiko zuen konfinamendua, baina oraingoan Hegoalderantz, udazkeneko antzarrak bezala.
Mugetan |