|
Mugetan
XII OROITUZ
Nati Lasak bazekien txarrenak etorri gabe zeudela oraindik. Bakarrik zegoen zelda umel bateko zokoan eserita. Han ez zegoen zumitzezko lanpararik. Han, bere pentsamenduetatik aparte, ez zegoen ezer, irudi abstraktu bat ez bazen: kartulina arre batean, bi marratxo marroi zertzelada gorriaren gainetik eta alboan lapa zirudien erliebe urdinxka bat. Irudikatutako artistaren baten eskuek eginiko lana zen hura. Argi nabari zitzakeen Natik egilearen dardarak marra haiek egiterakoan. Erliebe urdinxkaren gainean ere, hatz markak zekuskien. Lurraren organikotasuna zeukan irudi ezagun hark. Begiak itxi zituen Natik, baina han jarraitzen zuen irudiak, betazal eta begien arteko zirrikituan. Halaxe geratu zen minutu luze batzuetan, pasillotik zetorren giltzots batek ernatu zuen arte. Begiak zabaldu eta irudi abstraktua ez zegoela han ohartu zen Nati. Mikel Zuluetaz oroitu zen: korapilo ederrean sartu zuen nahi gabe. Ez zuten halakorik merezi, ez berak, Natik, ez eta Mikel Zulueta baketsuak ere. Baina alferrik zen, patuak deliberatua zeukan Nati bakean ez uztea eta bere inguruko guztia hondatzea. Felixekin ere halaxe gertatu zitzaion: hainbesteko maitasuna izan zen hura, birrinduta geratu zen azkenerako iheslari bizimoduaren tristurak eta beldurrak harrapatuta. Arrosa garaiak sasiz jantzi ziren pixkanaka, han, atzean lagata zeuzkanak gero eta nabariago desiratuz: bere sortiria, ama, lagunak eta Mikel Zulueta. Bai, Mikel Zulueta. Ihesi zebilela, arrazoiz jokatzearen ziurtasunak eragozten zion atzera begiratzea, ezinezkoa zuena nahi izatea. Apurka, ordea, bizimodu lasaia hasi zen estimatzen, eta ohartzeke, lagun luzexka haren begi erneak hasi zitzaizkion gero eta bazterretan agertzenago: ispiluetan, hormetan eta baita zumitzezko lanparetan ere. Ez zen damu egindakoaz. Felixen ondoan iragandako uneek ez zuten seguru asko parekorik inoiz izango. Onean onenak izan ziren, baina txarrean txarren bilakatu baino lehen egin behar zuen alde Hegoaldera, eta han, oraindik ere bere nahian zegoen mutilarengana jo, bizimodu epelago, baina agian ziurrago baten esperantzan. Hori ere ezin. Irudi abstraktu hura agertzen zitzaionean, bazekien Natik alferrik zela patuaren aurkako ahaleginetan murgiltzea. Zoriona, ziurtasuna, aterpeko berotasuna... ez ziren berarentzat egindakoak. Eguteran sortzen dira lili gehienak, eta harro loratzen dira martxoko eguzki gozoarekin. Bizirik dirauten bitarte, lerdenak izaten dira ezin gehiago, lurrari, urari eta eguraldiari, pozez, beti zorretan. Bera, ordea, Nati, lainezako lilia zen: ahul eta kolorgea. Eta ez zen hori txarrena, bazirudien lainezara erakartzen zituela inguruko guztiak, eguteran sortutakoak izan arren. Begiratu bestela Mikeli, hain bakean bizi zen mutila, espetxeko zelda umel batean zokoraturik. Ukitzen duen oro tristatzen duen Midasen kontrakara bailitz sentitzen zen. Eta ama? Zenbat min jasan zezakeen emakume batek erotzeke? Zenbateko bizi-gogoa zeukan bere amak hainbeste gertakizunen aurrean tente irauteko? Krisketa kendu zuten bere zeldako atean eta pasillotik zetorren argi berri batek igurtzi zituen zeldako bazterrak. Gizonezko bat sartu zen lehendabizi, eta bere ondotik Natik atxiloketatik ezagutzen zuen emakume polizia. Galdeketa berri bat zetorrela pentsatu zuen Natik. Berriz ere urre koloreko antiojodunarengana eramango zutela uste izan zuen. Baina ez, paper batzuk bete ostean libre utziko zutela adierazi zion emakume poliziak. — Eta Mikel Zulueta? —galdegin zuen Natik, pozez ala atsekabez, nola hartu behar zuen ez zekien albistea entzundakoan. Bera ere libre jarriko zutela erantzun zion poliziak. Beraien aurka ez zegoela ezer eta biak kaleratuko zituztela, beste bat arte. Nati Lasari berriro agertu zitzaion irudi abstraktua, eta Mikel Zuluetarekiko asmoak bertan behera amildu beharko zituela jakin zuen, istant berean.
Mugetan |