|
Mugetan
X BETEGABEKO HITZA
59 itzal ezberdin zebiltzan dantzari Mikel Zuluetaren gogoetan, baina jada ezin zuten ezer gehiago ezkutatu: suntsiturik zeuden esan nahi ezaren harresiak: bost ordu iragan ziren gizon beltzaren zeldatik atera eta galdeketa berrian murgildu zutenetik: galdeketa bortitza: erabateko E.G.S.a. Paisaia elurtuak. Cabasheko kalexkak. Fiordo izoztuak. Bidaia antzuak. Natiren begiak... ziren itzalak. Alferrikakoak. Madriletik etorritako gizonak behin eta berriz garbitu zituen betaurrekoetan biltzen zitzaizkion lurrunak. Nekeak ez zion galdeketaren haria eragozten. Argi zekusan bere parean zeukan gizon hura trumilka zihoala beherantz eta azkar baino lehen aitortuko ziola apirilaren 6an gertatutako egia. Mikel Zulueta, ostera, hotzak zegoen, neguan bezala, soto gris hartako aulki hartan lotuta. Hotz eta min saihetsean. Egia gordetzeko ahaleginen alferrikakoa nagusitu zitzaion pixkanaka, bere buruaz lotsatzeraino. Kaka zen. Koldar izutu bat. Emandako hitza gordetzeko gauza ez zen xinaurri ustela. Nati pasilloetan arrastaka zeramatela ikusi zuenetik, indarge geratu zen, ausardiaren azken indarrak akituta. Gerta zedila gertatu beharrekoa. Ezin zuen gehiago. Ezin zuen Natiren zurbildura ahaztu, haren betondo ubelak. Ezin zuen alkandora askatu hura burutik kendu. E.G.S.ak ez zuen deus balio. Madriletik etorritako gizonak beste jokaera bat hartu zuen Mikelek egia adieraziko ziola esan zionetik: eskuturrak askatu zizkion eta zigarro piztu bat jarri zion ezpainetan galdekatuari. Mikelek, polizien eskuak irudikatu zituen Natiren azalean behera. Atximurrak nonnahi. Zerriak. Putakumeak. Madriletik etorritako gizonak cassette txiki bat atera eta Mikelen aurrean jarri zuen, Play eta Rec. teklak sakatuz. — Cuando quieras —esan zion. Mikeli arnasa falta zitzaion hizketarako. Botalarria zeukan eta begiak gorri. Apirilaren 6an, Nati Lasa eta bera, Peyhorade izeneko herrira ziren joanak, mugaz bestaldera. Ez zen beste munduko gauza: Nati haurdun etorri zen Iparraldetik. Tximuren haurra zeraman erraietan Hegoaldera itzultzea deliberatu zuenean. Ez zuen nahi Tximuk ezer jakin zezan eta horregatik eskatu zion berari, Mikeli, abortatzera laguntzeko. — Eso es todo? —galdetu zuen Madriletik etorritakoak. Buruaz baietz adierazi zuen Mikel Zuluetak, hoben handi bat egin izanaz lotsatuko balitz bezala. — Pretendes que me crea eso? —jarraitu zuen urre koloreko antiojodunak—. No me creo que hayas aguantado hasta ahora por no decir una chorrada así. Ha de haber otro motivo. Mikel Zuluetak dena argitu zuen: Nati bueltatu zenean, berarekin jarri zen harremanetan, ez baitzeukan nora jo handirik. Bera, Mikel, zen atzean lagatako lagun bakarretako bat. Hainbeste denbora eta gero, obsesio ere izan zitekeen, baina Mikelek beti gorde zuen Natirenganako tirakada hura, altxor gaixotu bat bezala. Eta Natik bazekien hori. Hegoaldera bueltatu eta aste batzuetara ohartu zen Nati, erraietan zeraman hartaz: eraman ezin zuen Tximuren hazi hartaz. Mikelek lagunduko zion sendagilearengana. Natik ezagutzen zuen Peyhoraden mediku bat, hark egingo zion egin beharrekoa. — Eres un estúpido. Dinos dónde os encontrasteis con Chimu. Lo demás son chorradas —eta zaplada batez kendu zion Madrileko gizonak zigarroa hortzetatik Mikeli. Mikelek beste behin ere esan behar izan zuen bera ez zela inoiz Tximurekin egon Iparraldean. Berak ez zekiela ezer pistola kontuez. — Entonces, por qué has aguantado hasta ahora? Por qué no lo has dicho antes? Totelka hasi zen Mikel hizketan. Natiri hitzemana zion inoiz ez ziola inori esango. Poliziak jakingo balu, albistea Tximuren belarrietaraino luzatzen saiatuko ziren, edo prentsan argitaratzen. Natik bazekien hori horrela gertatzen bazen, Tximu berarekin mintzatzera etorriko zela. Hori zen Tximu hegoalderatzeko bide bakarra. Horixe zen beita, horixe tranpa. Madriletik etorritako gizonak irribarre batez eman zion cassettearen stopari. Mikel negarrez hasi zen aldi berean, txakurkume txiki baten antzera, eta esandako haiekin Nati betirako galdu zuela jakin zuen, etsipenez.
Mugetan |