Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989

 

 

XI

EURITAN BLAI

 

      Irratiko ataria gibelean laga eta pareko espaloira iragan zen korrika Beistegi, abiada bizian zetozen autoen artetik. Eguraldia txarrera zihoan: goizean goizeko hego haizea geratua zen jada.

      — Haizea geratutakoan, euria datorren seinale —pentsatu zuen berekiko—; hauxe bakarrik behar nian oraintxe!

      Ernegatuta zegoen. Ezeren aztarnarik ez, autoa han, hiriaren beste puntan, eta gainera euria aurki. Eskua indarrez altxa zuen gorantz eta «taxi», egin zuen deiadar, semaforo ireki berritik zetorren Peugeot zuri bati begira.

      Beteta zetorren, ez zen geratu. Zaparrada handi baten lehen tantoak erori ziren, espaloietako hautsak harrotuz. Jendea hara eta hona hasi zen pausoa azkartu eta aterpe bila. Beistegik amorruz eta begi kilikariz begiratu zuen ortziko hodei beltzen artera. Ile apurrak urak kizkurtu zizkion, baina ez zegoen etsita. Berriro ere altxatu zuen eskua taxi baten eske. Euripeko estatua busti bakarti bat zirudien era hartan ikusita.

      Renault 21 zuri batek jaso zuen azkenik. Txofer gazte bat zen gidaria, eta arropa busti haiekin tapizeria ez ziezaiola honda eskatu zion beste ezer baino lehen.

      Beistegik ez zion kasurik egin. Ez zegoen horretarako.

      — Eraman nazazu Urdanpilleta kaleko 123garren zenbakira —agindu zion txofer gazteari, eta ondoren masail-begiak leihatilako beiraren kontra pausatu zituen, liiri euritsuko gorabeherei begira.

      Dena aldatua zegoen goizetik ordura: bazterretako erliebeak lausotzen zituen aire bero haren lekuan, guardasola multikoloreek agintzen zuten paisaian. Une batez, hiria entsalada baten antzekoa zela pentsatu zuen Beistegik: toldo berdailak, tipula koloreko gabardinak, auto gorriak, oliba beltzak ziruditen guardasolak... eta guztien gainetik, olioa ematen zuen euri lodi hura.

      Urdanpilleta kalea hiriko auzo garai bateko kale mehe eta aldapatsua zen: presaka hiri bihurtutako mendi baten magala. Taxia 123. atarian geratu zen. Beistegi aringainga irten zen atzeko atetik aterpe bila baina plastikozko poltsa batzuk eragotzita, erretenean goitik behera zetozen urak bildurik zeuden putzu handi batean sartu zituen zapatak oharkabean.

      Hantxe bizi zen Daniel Gurrutxaga, bosgarren etxebizitzan.

      Bi edo hiru aldiz jo zuen txirrina Beistegik. Piztutako irrati baten hotsa zetorkion atearen bestaldetik: han bazen norbait aterik zabaldu ez arren.

      Azkenean atea mugitu zen eta hogeita hamar urte inguruko mutil bat agertu zen bertatik, oraindik ere oheko jantziak kendu gabe.

      — Egunon. Zer nahi duzu? —esan zuen mutilak hortzak oraindik garbitu gabekoaren ahotsaz.

      Beistegi abokatua nauzu eta Mikel Zuluetaren berri jakin nahian nator.

      Harriturikoaren aurpegia jarri zuen mutilak eta berehala adierazi zion ezin zuela etxean sar arazi, ez baitzegoen bera bakarrik etxe barruan.

      Beistegik ez zuen etsi, eta beheko tabernan itxarongo ziola adierazi zuen.

      Baietz erantzun zion Daniel Gurrutxagak, ondo zegoela, jantzi bezain pronto jaitsiko zela.

      Bar La Bañeza zeukan izena taberna hark. Hormetan, ia dekorazio bakarra neska borobilen egutegiek osatzen zuten, eta guztien gainean, futbol talde baten argazki handia, sinaduraz beterik eta egurrezko lauki baten barnean: Salamanca C.F.

      Beistegi bere ikasle garaiez oroitu zen bat batean taberna hartan, batez ere urdaiazpiko hezurren usainak eta barran erruz biltzen ziren zezina zati nabarmenek eraginda. Etorkinen taberna zen. Hiriko auzo periferikoetan ugari ikus zitezkeen horietakoa.

      Beistegi formika urdinezko mahai ahul batean eseri zen zerbitzatzera etorriko zitzaizkion ustetan, baina azkenean altxatu beharra izan zuen tabernari zaharrarengana. Egunkaria irakurtzen ari zen barra ertzean eta zigarro muturra ahotik aldendu gabe galdegin zion ea zer nahi zuen. Beistegik kafe hutsa eta egunkaria eskatu zizkion, baina tabernariak berehala ihardetsi zion une hartan egunkaria bera ari zela irakurtzen eta itxoiteko.

      Kafe katilua eskutan hartuta itzuli zen mahaira. Kafea hartu, zigarroa piztu eta Mikel Zulueta nor arraio ote zen hasi zen pentsatzen berriro, eta ea zein ote zen Nati Lasarekiko zeukan lotura.

      Pentsamendu horietan zebilela, doministikuka hasi zen, zaparradak eta erreteneko putzuak erabat blaitu zutela ohartuz.

 

Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989