|
Mugetan
XXIV IRRIBARRE BAT
Jose Ramon Beistegi abokatuak binaka igo zituen bere etxera bitarteko mailak. Presaka atera zituen etxeko giltzak eta atetik sartu ondoren zuzen-zuzen abiatu zen telefonoa zegoen gelara. Han emaztea ikusi zuen telefonotik hizketan. — Moztu azkar. Telefonoa behar dinat —esan zion Beistegik, jaka erazten zuen bitartean. — Itxoin ezak, amarekin ari nauk —erantzun zion Martak. — Gero hots egingo dion berriro. Orain utzidan telefonoa niri. Berehala amaituko dinat. Emazteak agur esan zion bere amari, Jose Ramon ero baten antzera zeukala alboan telefono eske, eta handik ordu erdira deituko ziola berriz agindu zion azkenez. Gero senarrari hitz egin zion telefonoa luzatzen zion bitartean: — Baina zer duk hainbesteko presarekin, zazpiki? — Poliziak Tximu garbitu din Natiren amaren etxeko sarreran eta neri agindu zidaten poliziaren aurka eraman beharreko auzia aurrera ateratzea. Nati Lasarekin hitz egin behar dinat ahalik eta azkarren. Martak aurpegia zimurtu zuen eta esku bat ahora eramanez batera ondoko eserleku batean jesarri zen, entzun berri zuena sinetsi ezinik bezala. Beistegi abokatuak agendan bilatu zuen telefono zenbakia eta norbaitek hariaren beste aldean aparailua jaso zain geratu zen zutik. Teresa Beitiarena zen ahotsa eta berari esan zion Natirekin mintzatu nahi zuela lehenbailehen, gauzak nola gertatu ziren jakin behar zuen derrigor. Teresa Beitia hotza izan zen bere erantzunean: Natik ez zuen inorekin hitz egin nahi. Nahikoa zeukan gertatutakoarekin. Zerbait jakin nahi bazuen berak erantzungo ziola adierazi zion, alaba eta bera etxean elkarrekin zeudela tiroketa izan zenean. Beistegi berehala ohartu zen emakume hura ez zebilela txantxetan eta inori ez ziola utziko Natirengana hurbildu ere egiten. Katamaren atzamarrak aterako zituen behar izanez gero bere alabaren defentsan. Argi zegoen zerbait jakitekotan Teresaren beraren ahotik jakin beharko zuela. Autoan zihoala irratiz entzundakoak baizik ez zituen ezagutzen Beistegik; beraz, gertatutakoa kontatzeko eskatu zion Teresa Beitiari. Minutu eskas batean adierazi zion Teresak berak zekiena. Esaldi motzak erabili zituen, soberako hitz bat bera ere esan gabe. Bukatu zuenean, telefonozko bere itaunketarekin jarraitu zuen Beistegik. — Datu bat dut oso beharrezko, eta ondo pentsa dezazun nahi dut erantzun aurretik. Tinbre hotsa entzun zenutenetik tiroak hasi bitarte, altoa emanez, entzun al zenuten nolabaiteko oihurik? — Ez —erantzun Teresa Beitiak berehala—: tinbrea izan zen lehendabizi eta tiroekin batera etorri ziren buila eta zaratak. Ez lehenago. — Ziur al zaude? — Erabat. — Lurrean zetzanean Tximuk hitz egin al zuen zerbait Natirekin? — Ez, gorpu zen guk atea irekitzerako. — Azken galdera bat egin nahi dizut Teresa —esan zuen abokatuak—: zer nolako zerikusia du Mikel Zuluetak gertatutako guzti honekin? — Batere ez. Berak ez dauka inolako zerikusirik. — Baina tartean zebilen bera ere... — Ezetz esan dizut —moztu zion lehor Teresa Beitiak—. Esan dizudana da egia, eta orain agur, Beistegi Jauna. — Agur bai Teresa, eskerrikasko. Telefono aparailua eseki zuen Beistegik, eta ondoren bere emazteari begira egin zituen gogoetak ahots altuan: — Nik uste nuena. Tiroketa hasi baino lehen ez da egon inolako abisurik. Nahiko arrazoi da hori Velez kapitain antiojodun hori auziperatzeko. Jaka jaso zuen lehen lagatako leku beretik eta jantzi bitarte, musu bat ematera makurtu zen Martarengana. — Agur, banoa maitea. Afalorduan etorriko naun. — Nora hoa? — Lehendabizi bulegora. Lanean hasi behar dinat. Gero lekukoen bila joango naun Teresa Beitiaren auzokoengana. Tiroketa baino lehen ahotsik entzun ez bazuten, burukomin pixka bat sortu behar zionat Velez kapitain horri. Hau ez dun horrela geratuko, ez ni saiatu ez naizelako behintzat. Agur maitea. Martak begira jarraitu zion atetik ezkutatu zen arte. Irribarre gozo bat azaleratu zitzaion orduan ezpainetan: alferrik izango zen ahalegina, beste askotan bezala ez zuen ezer lortuko Jose Ramonek, baina urteek ez zuten beraien poderioz fakultatean ezagututako sudur-handi maitagarri haren kemenik lausotu.
Mugetan |