Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989

 

 

VI

TERESA

 

      Abokatuaren bulegoan inortxok ere ez zuen telefonorik jasotzen eta azkenean, Teresa Beitia, Nati Lasaren amak, Itziarri deitzea erabaki zuen. Itziar Natiren bizilaguna zen, eskolatik ezagutzen zuten elkar eta beti izan ziren lagun handiak, Nati Felix Tximurekin ihesi ibiltzeak apur bat urrundu bazituen ere.

      Nati mugaz bestaldetik itzuli zenean, hala ere, Itziarrek berehala eskaini zion bere etxea bertan gera zedin. Teresa Beitiari ez zion graziarik egin bere alaba bakarra, amaren etxera joan ordez lagunarengana joateak, baina bestalde ulertzekoa zen ama alargunaren zama ez zela onena izango ihesetik etorri eta bizimodua konpondu nahi zuen neskarentzat.

      Lehenengo asteak iragandakoan, ahaztu egin zitzaion Teresari Itziarrek sortarazi zion mintxo hura, ohitzearen goroldioak estalirik.

      — Zaude lasai Teresa —esan zion Itziarrek telefonotik—, neu enkargatuko naiz. Horretarako gara bizilagunak zure alaba eta biok.

      — Eskerrikasko Itziar —erantzun zion Teresak—, ea dena azkar pasatzen den.

      Teresak telefonoa eseki zuen sala dotoreko mahaitxoaren gainean. Natik Felixen garaiak berriro zetozela eta esan zituenak, oihartzunaren antzera zetozkion gogora. Gaztainondoak gaztainak zikloka ematen dituen bezalaxe etortzen dira honelako zoritxarrak. Ekaitza etortzen da, eusten diozu zaparradari pasatu arte, baina deskuidorik txikienean berriro bueltatuko zaizu zorigaitza gaztaina-gormutxa bezala.

      Bere senar zenak ere, gorriak eta bi ikusi zituen gerran, bai, eta harrez gero beti izan zen osasun kaxkarreko gizona: beti erietxeetan sartua, beti ohean minez, halako egun batean, pneumonia alu batez, alargun gaztea eta alaba txikia lagata, betirako alde egin zuen arte lurpera.

      Baina zalantzarik gabe, gogorrenak bere alaba Natiri tokatu zitzaizkion bizitza honetan. Horrela ihesi ibili beharra, hori baino kastigu latzagorik! Ai, Nati. Nati! Eta orain hau!

      Oroitzapen mordo haren artetik, Natik bazihoala esan zionean nolako negarrak bota zituen etorri zitzaion burura: berak bazekien amodioaren pausoak hondamenditik hurbil daramala askotan emakumea, baina nola esan ezer ihesi dabilen mutila maite duen alaba bakarrari? Nola agindu, estazio tristeetako hotzen ordez, maite ez duen senarrarekin esposatzeko? Nola esan, Felix utzi eta egun guztian berari begira egoten zen Mikel Zuluetarengan erreparatzeko? Nola esan behar zion berak ezer Natiri, inork baino hobeto bazekien beronek bizitza bakar honetako pausoak norberak ibili behar dituela?

      Mahaitxo gaineko telefonoaren hotsak hautsi zituen Teresa Beitiaren gogoetak: Jose Ramon Beistegi zen, komisaldegi ondoko kabina batetik. Orduantxe sartu omen zuten Nati komisaldegian. Ez, ez zen ezer gertatuko, dena konponduko zuen berak berehala. Lasai egon behar zuen Teresak. Errutinako zerbait izango zen seguru asko.

      Berarentzat behar zuen orduan Teresak kamamila, tilo hosto batzuekin. Pasilloko gortinen artetik negarrez joan zen sukaldera, oraindik ere abokatuaren formulaz eta dardarez betetako ahotsa belarrian zuela.

 

Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989