Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989

 

 

XXIII

ATEAN BERTAN

 

      Teresa Beitiak atera berri zion mahai gainera kafesne ketsu bat. Nati Lasak bertan busti zituen gurin eta masusta marmeladaz igurtzitako ogi zati xigortu batzuk.

      Eguzkia ozen sartzen zen leihoetako gortina zaharren artetik, baina etxea apenas alaitzen zen, beste garai batzuetako dekorazioak harrapatuta zuen denboretatik esnatu ezinik. Gaua linterna bakar batez argitzekoa baino ahalegin antzuagoa zegiten izpiek. Airean dantzatzen ziren hauts molekulei baizik ez zieten ematen arnasarik.

      Teresa Beitiak bere alabaren begietan zekusan han ez zetorrela ezer onik eta patuaren seinale zirela urrutira begira zeuden Natiren bi begi haiek. Iruditzen zitzaion ikusten ez zuen norbaiti beha geratzen zela Nati, gatzezko estatua baten antzera, aurpegia zuritzen zion argizarizko maskara mehe horizta batez.

      Zer duzu Nati? —galdegin zuen Teresak—. Felixen beldur al zara?

      Ixo ama. Ez hitz egin. Zaude isilik —erantzun zion Natik bare-bare, hartaz hitz egiteak zorigaitza hurbilduko balu bezala.

      Azukre ontzi urdina hurbildu zion amak eta ondoren bere parean eseri zen isilik, gosariaren zeremonia betikoari ahalegin guztiak eskainiz. Mutu bera ere, urrutira beha bera ere. Inora ez. Akaso kolore batzuk baizik ikusten ez ziren lekurantz.

      Alaba zeukan parean, eta bere atzean forma zehatzik gabeko kolore arraro batzuk antzeman zituen: bi arraia marroi etzanda eta beren gainean marra gorri bat zutik. Ondoan, lapa baten antzeko kolore urdina.

      Tinbreak jo zuen lehendabizi. Ondoren tiro baten zarata entzun zen atetik harantz, eskaileretan. Gero beste bi eta gero mordo bat, buila handien artean. Azkenez, sarrerako atearen kontra jo zuen pisuzko zerbaitek bortizki.

      Ama-alaba biak zeuden beraien aulkietatik zutituta. Mahai gainean zituzten gosarietako ontziak, baina beraien begiak ateari so ziren, ez beste ezeri. Ateaz haranzko zarata haiek pregoi ziren.

      Nati izan zen aterantz abiatu zen lehena.

      — Zaude Nati, zaude geldirik. Ez iriki aterik, zaude geldirik norbaitek zerbait agindu bitarte.

      Natik atearen maratilari heldu zion amari entzuteke. Ireki zuenean, gizonezko bat ikusi zuen hankak garbitzeko alfonbratxoaren gainean zetzala. Traje urdina zuen soinean eta odolezko zazpi zulok zikintzen zioten arropa. Pistola zeukan oraindik ere behatz artean helduta. Betaurreko batzuk zeuden apurtuta harantzago, eta peluka bat, burutik ihesi joana, metro batzuk ezkerrerago zegoen, eskaileretako baldosa gainean jarritako aza hori baten antzera.

      Eskaileraren azpiko eta gaineko mailetatik gizon batzuk hurbildu ziren, eskutan pistolak zituztela.

      Quieto todo el mundo —esan zuen Madriletik etorritako gizonak—, que no se mueva nadie.

      Nati makurtu egin zen Tximuren gorpurantz eta musu bat eman zion begietan. Teresa Beitia, ostera, zarataka hasi zen gizon haien kontra. Asasinoak, ignoranteak zirela esan zien garrasika.

      Cállese! —oihukatu zion amerikana berde batez jantzitako polizietako batek— y métase en su casa!

      Nati zutitu egin zen. Banaka begiratu zien eskaileretan zeuden poliziei, aurpegiak betirako gorde nahian bezala, eta atea hertsi zuen segidan, urguiluaren kabi bakarra zen etxea babestuz bezala.

      Felix da hildakoa —esan zion amari.

      Ondoren, besarkada estu batean galdu zituzten besoak, eta hala egon ziren geldirik berriro ere atea jo zuten arte.

 

Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989