|
Mugetan
XXII BERRIRO
Ducados muturra leihatilatik bota eta giltzari eman zion Mikel Zuluetak eskumarantz. Autoaren motorrak istant berean erantzun zion burrunbaz, handik alde egiteko prest bailegoen. Egun oso bat, hogeita lau ordu egin zituen etxe pare hartan geldirik. Mikel Zuluetak rictus berri bat zeukan aurpegian, lehen ez zegoena: begiak urrunean zeuzkan galduta. Sekula ez zuen pentsatuko, gizon haiek hogeita lau orduz bahituta eduki behar zutenik. Inoiz ez zitzaion halakorik burutik pasa ere egingo. Mañolo Goñi bera izan zen egun oso bat etxe hartan igaro beharko zuela esan ziona. — Zer? Ez da egia izango —esan zuen Mikel Zuluetak zuri-zuri agindua entzun zuenean. Ez zitekeen egia izan hiru gizon haiek hartara behartuko zutenik. Atleta itxuraz jantzitako bietan txikienak hartu zuen orduan hitza: — Hara, guk ez diagu sartu nahi Tximu eta hire arteko arazoetan, baina bera Hegora joana duk eta han salbu deino, ezin diagu alde egiten utzi. Tximu gure erakundekoa duk eta derrigorrez babestu behar diagu, nahiz eta hire gogoz kontra izan. Hogeita lau ordutan egon beharko duk hemen, hik nahi ala nahi ez. Gure araua duk. — Baina zer? Ez zabiltzate benetan. Nola edukiko nauzue hemen preso? Ez zabiltzate benetan. Ni Tximuri laguntzera etorria nauk eta ez kalterik ekartzera. — Entzun duk. Hogeita lau ordu barru joango haiz hemendik. Tximuk ordu horiek behintzat beharko dizkik. Hori duk araua. Lasai hadi eta har ezak patxadaz. Mikel Zuluetak ez zien gehiago hitzik esan. Hogeita lau orduak igaro zituen mutu eta ezer jan gabe. Hermetismo hura zen berak zeukakeen arma bakarra. Ez zuen deus nahi. Ez zuen nahi hitz egiterik, ez zuen beraiekin afaldu nahi, ez zuen ezer nahi, hogeita lau ordu haiek ahalik eta azkarren pasatzea ez bazen. Gustura esango zien arau haiek beraienak zirela baina ez Mikel Zuluetarenak. Gustura esango zien bera han kateatzeko agintzen zuen araua ez zela bidezkoa, ezin zela zuzena izan. Gustura esango zien ea nortzuk ziren beraiek bera han gordeta edukitzeko. Baina isilik geratu zen eta ez zuen hitzik esan egun oso batean. Lehenbailehen egon nahi zuen Hegoan, Nati Lasaren alboan. Presente egon nahi zuen Tximu agertzen zenean. Ez zuen ezer txarrik gertatzerik nahi. Komisaldegikoa eta gero, Nati Lasak ezingo zuen burutik ezabatu beraren errua, hitz egin izana. Tximuri zerbait gertatzen bazitzaion, bera, Mikel, eskuetatik baloi berria kentzen dioten umea bezala geratuko zen: Nati gabe eta begiak malkotan, barrena urtuta hainbeste denboratan desiratutakoak ihes nola egiten zion begira, ezer egin ezinik. Egun bat lehenago gorantz egindako bide berberetik zetorren beherantz, errepidearen erdiko marra zuriari so eta azeleradorea inoiz baino zapaltzenago. Apenas erreparatzen zien inguru garbi haiei. Ez zuen harkaitz gainetako etxe zurietan begirik ezartzen, ez zuten olatu zuriek hunkitzen. Mañolo Goñi zeraman gogoan sartuta, eta beste bi atletak. Eta etxe hartako Nenuco usain sarkor hura. Ziztu biziz aurreratu zuen anbulantzia batek ezkerretik. Argi gorriak ikusi ere ez ziren egiten egun hark zeukan eguzki argitan; sirenak, berriz, bide bazterretako zozo eta bele guztiak altxarazten zituen, paisaiaren bake berdea bizitza beltz hegalariz jantziz. Seguru Tximu Natirekin hitz egina zela ordurako, baina ez zen hura berak zeukan kezka bakarra: komisaldegiko antiojodunak ematen zion batez ere burukomina Mikeli. Tximuren atzetik baldin bazebilen, eta halaxe zebilen, harrapatu egingo zuen. Mikel Zuluetak txartel handi urdin baten geziari jarraitu zion: Frontière 500 m. Tximu harrapatzen bazuten, Nati joan egingo zen bere albotik, errekan botatako kortxo zatia bezala. Frantsesen muga iragan ondoren, espainiarren muga kontroleko txabolatxoraino iritsi zen, ia trafikorik gabeko egun hartan. Funtzionarioak paperak begiratu zizkion arretaz eta ondoren eskuetara bueltatu. — Está bien, siga —agindu zion hotz. Hamabost metrotara ohizko bi karabineroak zeuden zain beti bezala. Beraien parera iritsitakoan leihatila jaitsi zuen Mikelek. — Algo que declarar? —galdegin zion bietako batek. — No, nada —Mikelek. — De dónde viene? — De Biarritz. — Ya, pero de dónde? — De turismo. He estado dando una vuelta —erantzun zion Mikel Zuluetak. Pistola motx bat jarri zion masailaren ondoan karabineroak besoa leihatilatik sartuz, eta aldi berean, autoaren gainerako ateetatik polizia gehiago sartu zen. Beraietako batek eskuak hartu zizkion atzeko aldetik. Beste batek poltsikoak eta berna inguruak errekistatu zizkion presaka. Gero goantelekuan eta eserlekuen azpian begiratu zuen. Mikel Zuluetaren aurpegia bolantearen kontra eusten zuen eskuetatik oratzen zion polizia berberak. Begiak irekita zeuzkan Mikelek, baina bozinan idatzitako autoaren marka baizik ez zuen ikusten ahal postura hartan: Fiat. Ezin izan zuen ikusi paisanoz jantzita zetorren gizonezko argal bat. Ezin izan zuen ikusi poltsikoak eta goantelekua errekistatu zituen polizia berak tinko jarri eta nola esan zuen: — A sus órdenes mi capitan. No va armado. Poliziak urduri zebiltzan inguruan bildutako jendetza guztia handik urrundu nahian. Mikelek ohartzeke bozina jo zuen masailarekin. Helduta zeukan poliziak ileetatik oratu eta leihatilarantz zuzendu zion aurpegia. Orduan ikusi zuen paisanoz etorritako polizia hura: Madrileko gizon bera zen. — Con que de turismo en casa de Manuel Goñi. Pero hombre, cómo puede ser que nos veamos tan a menudo? —esan zion irribarrez. Mikel Zuluetak burua bere lekuan zeukan. Ez zegoen E.G.S.rik. Ez zegoen ihesbiderik. Gorririk zebilen urre koloreko antiojodun haren aurrean, ipurdia ere bistan, bai baitzekien Goñiren etxetik zetorrela. Azkenez, auto barneko eta inguruko poliziei begira hitz egin zuen Madriletik etorritako kapitainak: — Vamos, sáquenlo de ahí y llévenlo a mi despacho. Y despejen la zona inmediatamente. Eskuburdinak jarri zizkioten eta ondoren autotik atera zuten, FRONTERA jartzen zuen etxe batean sartzeko. Zigarrorik ere ez zeukan gizon beltzaz oroitu zen beste behin ere Mikel Zulueta. Oraindik ere kalabozo ilun eta heze hartan dardaraz irudikatzen zuen, niki motx bati beherantz. tiraka, sabela berotu nahian.
Mugetan |