|
Mugetan
V GOIZEAN OSO GOIZ
Jose Ramon Beistegi abokatuaren etxean oso goiz jaikitzen da Marta bere emaztea: umeak jantzi, gosaria prestatu eta bezperakoak garbitu behar izaten dira. Logura mantapean uzten dute eta presazko sukar bizi batek harrapatzen ditu guztiak egunekoak prestatzen hasteko. Umeek ere beraien blok eta lapitzak bilatzen dituzte salako sofaren azpian edota etxeko beste zoko aldrebesenetan. Beistegi abokatuaren emazteak ikasia du etxetik kanpo lan egiteko bere ametsak uxatzen. Unibertsitateko garaian ezagutu zuen Jose Ramon eta garbi zeuden orduan etorkizunarekiko helburuak: Jose Ramonek karrera bukatu eta lana aurkitutakoan, esposatu egingo ziren. Gero Martak berak izango zuen karrera bukatzeko aukera eta lanen bat aterako zitzaion berari ere. Baina gehiengoaren patu berberak harrapatu zituen biak: haurrak. Lehenengoa mutikoa izan zuten, mutiko sano eta lerdena, aitaren begiak zituena. Ume bakarra, ordea, bizimodua dagoen bezala egonda, oker txarren batek eraman dezakeen oroitzapen bilaka daiteke noiz edo noiz. Halaxe pentsatuz deliberatu zuten bigarren bat sortzea. Bigarren ume batek beti dakartza bentajak, izan ere, lehenengoa hazten asmatuz gero, bigarrenak lan erdi baizik ez du ematen, normal badator behintzat. Eta halaxe, mutikoak urte eta erdi bete baino lehen, haurdun geratu zen Marta, neska eder batez erditu zen arte. Ibon eta Sara ziren Martaren egun osoa osten zuten bi deabrutxoak. Ibon eta Sara ziren Marta betirako etxean kateatu zuten golardo tinkoak. Ibon eta Sara ziren Jose Ramonentzat Martak txukundutako aingerutxoak. Egun hartan, gosalorduan, gurinaren bila zebilen Marta hozkailuan, telefonoaren tirrinak jo zuenean. — Jose Ramon etxean al da? —galdegin zuen emakume ahots urduri batek telefono bestaldetik—. Nati Lasaren ama naiz eta berarekin hitz egin nahi nuke lehenbailehen. — Ba, ez, ez dago etxean. Gaur goiz atera da, Mikel Zuluetarena zela eta... — Bai, badakit. Non harrapa dezaket? — Ez dakit, ba. Dei egiozu 44 46 23ra, akaso hortxe, bulegoan, harrapatuko duzu. — Eskerrikasko. — Ez horregatik. Agur. Baina Jose Ramon Beistegik ezingo zuen telefonorik jaso, bi ordutatik gora baitzeramatzan komisaldegiko ateetan, manta tolestatu bat eskuetan zuela, Mikel Zulueta han ote zeukaten galdezka: — Han traído aquí a Mikel Zulueta? Soy su abogado. Goardia egiten zuen polizietako batek, eskua sartu zuen poltsikoan txiskeroa ateratzeko. Ezpainetan zeukan Ducadosari su eman zion eta kea botatzearekin batera, honela esan zion abokatuari: — No sea usted pelma; me va a cabrear. Ya le hemos dicho noventa veces que no sabemos nada de ese tal Zuleta. Así que váyase de una vez. — Usted dirá lo que quiera, pero tiene que estar aquí forzosamente —erantzun zion Beistegik— y estoy en mi derecho de... Une hartantxe, Logroñoko matrikula zeraman Alfa Romeoa agertu zen abiadura biziz. Garajerantzako bidea hartu zuen abokatuaren ondotik eta guardiako lau polizien erditik pasatuz. Bolantean bizardun txiki-txabal bat zihoan; bere alboan gazte luzexka bat. Atzeko jarlekuaren bi muturretan, neska eta mutil bat. Beraien erdian Nati Lasa zeramaten. Leiarren artetik justu-justuan ikusi ahal izan zuen, baina bai, Nati zen, aurpegia zurbil-zurbil eta begiak urrutiko zumezko lanpararen bati so. Abokatuak bazter batean laga zuen manta tolestatua eta poltsikoan sartu zituen eskuak txanpon bila. Gero korrika joan zen kabinarik hurbilenera, handik Nati Lasaren amari deitzeko.
Mugetan |