Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989

 

 

III

E.G.S.

 

      Askotan alukeria bat izaten da bizimodu hau. Gizakiok, beste inongo izakik ez bezala, Eperik Gabeko Saltoak jasan behar izaten ditugu. Horietxek izan ohi dira gure burmuinei prantatzen zaizkien unerik zailenak.

      Esate baterako, bazoaz auto batean zeure bizpahiru lagunekin. Bilboko jaietan gaua pasa ostean, adiskide baten etxera zoazte, berak daukan piszina batean bainatu eta gosaltzera. Oraindik ere, gau guztian hartutako alkoholak eta kimikak pozten dizute barrena. Bizitza ederra da une horretan zuretzat eta zure lagunentzat. Kantari zoazte eta bost kilometroren buruan iritsiko zarete piszinara.

      Autoaren argiek itsuturik, zakurtzar bat gurutzatzen da errepidean, txoferrak bolanteari eragiten dio bazterrerantz, aurreko eserlekuaren atzean babesten duzu burua, errepidetik irteten da autoa eta maldan behera doa bueltaka; atzeko leiarretik jaurtitzen zaitu azkenean kolpe bortitz batek hegaka. Belardiko ihintza nabaritzen duzu bizkarreko azalean, eta burua altxatzean, autoa hamabost metro beheragoko pago lodi baten kontra jotzen ikusten duzu, gaua isilik geratu da eta oso urrutiko zakur batzuen zaunkak baizik ez zaizkizu heltzen belarrira.

      Eperik Gabeko Saltoa gertatu zaizu. Ez dakizu nola jokatu. Oihuka zoaz maldan behera lagunen bila. Hantxe daude hirurak odoletan blai. Ez dakizu hilda ala bizirik dauden, ez dira mugitzen. Eperik Gabeko Saltoa. Ez dakizu zer egin. Ez dakizu zer pentsatu, baina zuri piszina datorkizu gogora eta ilargiak ur azalean sortzen duen ñirñirra, zangada batez zimurtzeko gogoa.

      Nola pentsa dezakezu, ordea, piszinan, lagunak horrela, odoletan, direlarik? Lotsatu egiten zara piszinan pentsatzeagatik. Eperik Gabeko Saltoan, buruak nahi duena pentsatzen du, kontrolik gabe. Zuri, behin eta berriz, piszina datorkizu gogora, hain une larrian.

      Komisaldegian goizeko laurak ziren. Mikel Zuluetari ere Eperik Gabeko Saltoa gertatu zitzaion, berriro ere Pirinioetako bazter elurtuak eta beste bost irudi absurdo biltzen baitzitzaizkion buruan indarrez.

      Lau ordu lehenago, bandera eta Erregea telebistan ikusi ondoren, Ducados bat erretzen ari zen etxeko balkoian. Goizeko lauretan, berriz, Madriletik etorritako urre kolorezko antiojoduna zeukan berari so. Eta atzean, bizardun bat eta beste hiru polizia.

      Mikelek esanda zeuzkan ordurako apirileko egun hartan egindako guztiak: goizeko bederatzietan jaso zuen Nati bere etxean, bederatzi eta erdietan iragan zuten muga Natik eta berak Peyhorade izeneko herrira joateko. Zertara ziren joanak ezin zuen inola ere esan, baina ez zeukan zer ikusirik politikarekin edo Natiren senar ohia zen Artetxerekin. Ez haranzkoan eta ez honanzkoan, ez zuten inortxorekin hitzik egin, gasolindegi batean depositua betetzeko izan ez bazen. Herri hartatik bueltan zetozela, ez ziren inon geratu, gasolina muga pasa ondoren, Irunen, hartu baitzuten.

      Mikelek esandako guztiak entzundakoan, urre koloreko antiojodunari suak hartu zion aurpegia. Bere aurrean tonto bat edo heroi bat ote zeukan ezin zuen asmatu. Esan beharko zion, bada, zertara ziren joanak herri hartara.

      Ea adarra jotzeko gogoz ote zebilen galdegin zion Mikeli orduan antiojodunak, bizardunari keinu adierazgarri bat eginez batera. Honek, porra motx batez, berriz ere jo zuen saihespean Mikel eta beheraxeago ondoren. Hots lehor bat atera zitzaion Mikeli eztarritik. Izerdiak, bekokitik behera etorrita, begiak gorritu zizkion bere gatzez. Azkenean besoa okertu zion atzetik bizardunak, min izugarria egiten ziolarik.

      Eperik Gabeko Salto hartan pare bat hilabete lehenagoko Telediarioa zetorkion gogora Mikeli, atzo balitz bezalaxe. Aurkezle ederraren ezpain lodien artetik ezagutu zuen notizia: Felix Artetxe, alias «Tximu», hiru hilabetetarako bakarrik kondenatu omen zuen Frantziako tribunal batek. Horretarako arrazoia: norbaitek emandako pistola bat edukitzea eta bizileku aldaketa poliziei ez jakin araztea.

      Madrileko antiojodunak ea beraiek tontotzat ote zeuzkan galdegin zion berriro Mikeli:

      — Pasas la frontera con la mujer de Chimu y dices que no nos puedes decir a qué fuiste. Debes tomarnos por imbéciles —esan zuen bekainak tinkatuz.

      Boligrafo bat jarri zion ondoren Mikeli begi parean. Azkeneko aldiz galdetuko ziola esan zion, handik aurrera bizardunaren eta beste hiru polizien eskutan lagako zuela adieraziz batera. Gogorragoa izango zela gizon haien galdeketa. Zertara joan ziren iparraldera erantzun behar zion, hura ez baitzen señorita terkoentzako lekua eta.

      Ezin ziola erantzun esan zuen Mikelek berriz ere, ez zutela ezer txarrik egin baina zertara ziren joanak ez ziola inoiz inori esango hitz emanda ziola Natiri. Bere hitza gorde nahi zuen nahiz bizarduna eta beste hiruren esku laga. Berak ezin zuen esan bidaia haren arrazoi ezkutua. Hitza bete egin behar zuen.

      Antiojodunak pauso geldoz eta ernegatuta utzi zuen bulegoa. Atea ixtearekin batera, bizardunak hartu zuen hitza:

      — Por qué eres tan capullo, maricón? Si al fin y al cabo vas a acabar diciéndonos todo lo que queramos. Dónde crees que estás?

      Alde guztietatik hasi zitzaizkion kolpeak Mikeli, atzeko aldetik batez ere, giltzurrunetan.

      Kabash izeneko azoka famatu hartan Omar zen, seguru asko ijitorik ijitoena. Eta berari, Mikeli, tokatu behar hura ere. A qué fuiste? Gamelu ilez eginikoa zela ziurtatu zion Omarrek. Alfonbra hura erosten bazuen, ez zela inoiz damutuko. Toma hijoputa. Total, ehun eta hogei dolar aluren truke. Zer zen, bada, hori mendebaldeko batentzat? Huskeria. Quién le dio la pistola a Chimu? Vamos, contesta. Omarren hitzak baino ustelagoak ziren alfonbraren hariak. Ez gamelu eta ez ezer. Hiru hilabetetara botatzeko moduan zegoen alfonbra. Zapaltzen zuen bakoitzean Omarri emandako dolarren damua pizten zitzaion.

      Azkenean konortea galdu zuen hankartean bizardunak laugarren ostikada eman zionean.

      Orduantxe egin zion ihes Mikelek Eperik Gabeko Saltoari.

 

Mugetan
Hasier Etxeberria

Elkar, 1989