|
Graffitien ganbara
BERTSO ZAHARREN MENDEAN (DARRAI)
3. Etxeko erara:
Kanta dezagun denok umore onean (bis) Euskadi Euskal Herria ez den bitartean indio-jitean kontsola gaitean eros ditzagun lumak prezio merkean.
Espainol eta frantses, bi hizkuntza azkar (bis) haien aldean, berriz, gurea hain kaxkar ez da, baina, baldar ta bentaja dakar: honi esker baikara geure jabe bakar.
Etxepare zaharra garbi mintzatu zen (bis) beharbada, aukeran, apurtxo bat ozen zentzatu gaitezen argalak ez gizen 'mundura'ezin, baina' plazara' bai zuzen!
(M.J.:...etabar ...etabar etabar... jolas zihatuak zaharminduak edozein tripa-festaren alaigarri, postalezko herri zarpaildu zizkolatsu baten souvenirrak. Aski.)
4. Shakespeareren eskola gartzean:
I
Argi-itzalez gomutak naratza gauaren altzo hezean adikor bigun denean aiztoen orbatza bizi-izanen jasale damukor.
Hitz-jokoak bete huts gera bitez gela lokartuan leihotik beha nintzen nerabea oroituz herabez isilak ez nazan areago zeha.
Hain ziren geldo Aldiren urratsak errukiz dakust ispilu hautsia urrun-hurbilduz zatikien hautsak ozta dazagut hats berantetsia.
Lanbrotsu dager izan ez nintzena naizentxoaren ilunki gardena.
II
Gertu dateke eta gu noski ez prest nahiz gabe garamatzakeen Balbe aspergaitz, arraunketa trebez, lainotik harantz, doilor eta zeken.
«Carpe diem» oro mintzo totelez etenik dagoke, kalaka kamuts, esanak esan, esankizunik ez: joran-izpien hatsbeherapen huts.
Berdin, dena dela, ditzagun gaitzets «Dies irae» hutsal ertarotarrok berez baitatorke, muzin zein onets, lur-zordun izaki odol lurtarrok.
Ama beha duket, so samur mehar, itzul nakion ur beltzetan zehar.
III
Uste ustelen hondorapen gori inoiz irudiz ala zinez izan ote den ez dakigun hori: irla sumendi?, isla huts erakan?
Hamaika arrotzen ni-elkargoa norbera beretzat: bai gogaikarri ispilu-lausoa, itzal-bilgoa, arragoa ustez, soilik euskarri!
Hari begira, bertan dagerkit zu hain maitatu omen zintuena, gaur, baina, urrun, nahiaren despit: zu bezain arrotz, denik arrotzena.
Bihar, agian, birmaita zintzaket irudi-jopu baletorkit laket.
IV
Hutsunearen betagarri beta: deitorearen aringarriari ongi-etorriz degiogun festa, barne-ziztadak ibitzen badaki.
Solas antzuak, ordea, zergatik ote dirauen, nigan dirakien, ezin asmatu, berbaren zergatik ni jaregiten nork ote dakien.
Gogoeta alfer soilok uxatzen Omarrek aholku emana garaiz: «Uraren jitoan etorri hintzen eta haize gisa itzuliko haiz»
Txinparten distira bihur dadino ilintien errauts: zatoz, maiteño.
(M.J. –Hamalaurkun urgunak
zahagi zaharretako ardo berria: aitor ez baduzu ere niago zara uste duzun baino zu zeu ere jakitun izanik aspaldi iraungi zirela jakiak hatzamarrez —edo hatzamaikaz— oratzen zireneko aldiak)
5. «Izokinaren kantua»
I
Ur gazi-gozozko padura lohitsutan nahi gaituzte itoarazi, nebarrebok...
Itsas bazterreko ihitzetan sakailaturik sakabanaturik hondakin erkinok..,
ur axal geldozko arnas larri etsituan —ibai kutsatuek helbiderik ez— itsasoa ala hil beste ostertzik ez gure zakatz dardartientzat.
—«Lehen, amuarrainak ginenean ez ginen honen errukarri»— diote erostaka leinuko goibelek samaldaka nola datozen ikusiz gure padura geltokira sats-isurkinetatik ihesi ezkailu gazteak paduraren patu hitsera itomenaren labe mortura: urlo-zoko bakanetan iraun ala geure buruaz beste itsasora «Lehen, amuarrainak ginenean...»
Ez gara, ordea! Ezin jadanik izan gaitezke! indar anker batek aspaldi bilakarazi baikintuen
IZOKIN
amuairrain-ohiok.
II
Oroit. Oroit eta berpiz. Oroit, berpiz, berbizi: goazen gorantz, nebarrebok! Ur latsetan jauzi! Ur latzetan errime! Ausart eta azkar goazen gorantz, izokinok!
Han daude-eta Han zeuden eta han behar dute izan:
sortibaiaren iturburuan oroitzapen omen den geroaren bazter amoltsuak: langarrak doi-doi eztituak pentze mardulen zorabiotan urki lerdenen laztanetan bedats-adatsetako hatsa den haize librearen aberria.
Jaramonik ez ezponda ertzetako sahats negartiei! («Euskera ibaia da erdera den itsasora daramana»)
Jaramonik ez Bidasoaren alde banatako gilbor-gizen kirtenen amu pozoinduei!
(«Bien sûr, la Cophradie du saumon del salmón la Cofradia, por cierto»)
Gu izokinak gara: ez ahaztu.
Ibaizabalak Nerbioi bihurtu bazaizkigu ere.
Eta Aturri-Errobi hilobi-hurren.
Ur mehea datorren arren.
Oria ez delarik Ur-ola. Harroa ere ez Debaldekoa. Eta Artibai xume. Eta Urdaibai xehe.
Gu IZOKINAK hala ere!
sortibaian gorako bidazti ur lasterraren gaindi ur lasterraren kontra
erderaren gazitik euskararen gozora
etengabeko erromes minbizitik biziminera.
Aurrera, nebarrebok! Errun dezagun etorkizuna iturburuan! Bihur dezagun itzulbide geure arnasbidea!
III
Orduan bai. Itoitz erraldoirik gabeko urlats jostarietan barreiatu ahal izango gara Urederraren gaindi Argan barrena Ebro zaharreraino
eta berritzuli eta berrosatu eta berritsasoratu ere izokin lerdenok.
Ez baikara itsasoaren beldur ez hango olagarroen ez inongo marrazoen eta gu menderatuko gaituen sare pelagikorik ez da.
Sortibaiaren ikurra baitaramagu beti bekokian fierki gozotan bezalatsu gazitan ere arnaska arnaska eta igerika...
eta sortibaiaren gomuta gure burmuin bipilen plegu ezkutuetan bizirik...
Ezagutzen baitugu uneoro geure baitarako itzulbidea.
Ez baikara nondik-nora gabeko ontzi hordiak.
Ezta itsaslapur deslai basatiak ere: hortz-haginetan daramagun ezpatak ez du inoiz inoren mihirik trenkatu.
Urruneko irletaraino ere joan gaitezke noiznahi adorez eta atseginez apalki bezain harroki zeren gu izokin baikara ur gazi-gozotara izotz-galdatara zailduak: ez inoren morroi ez inoren nausi geure buruaren jabe baizik jabekizun den Izokin Herriko kide garaitezinok, nebarrebok...
(M.J.— Ene, zenbaterainoko itsukeria dagoen ezkutaturik zure abade-hizkera erretorika zaharrez eri horretan! Duela bi mende errezu kristinau-giristino-kristau guztiak euskalkiro buruz ikastarazten zeunstazan-zenizkidan-zenerauzkidanean zenerabilen erretolika gogaikarri berbera darabiltzu oraindik ere, Pindaro herren urrikalgarri,
taumaturgo abarkadun aurrerazale ustezko iraganean ainguratu horrek!
Poesia bizio pribatua delakoa onartu nahi-ez temati horretan.
Hain ene ez bazintut, zenbat gorrotatuko zintuzkedan...)
Graffitien ganbara |