|
Graffitien ganbara
15 TXAPLATA ETA «APOKRIFO
1.
Izena izana omen, A zer gezur gizen!: Erhi erakuslea Sendatzaile dea?
(Jainkoaren izenean, arren; erhia beti eri)
2.
Bizitza ilauna da, baina ez du zertan iluna izan beharrik: «a» baten aldea, edo «ah!» batena, zeuk hauta. (oroit zaitez hala ere diptongoa «h»atsez ezin bereiz daitekeela)
3.
Oroimena dela diote saguok geure buruari atondu ohi diogun gilotinarik perfektoena.
Izan ere, eroa behar du harrek jotako arasa hauts- ietako iheki horis-katuetan usna egin gogo duen saguak.
(Lepotik ordaintzen dira buru- taz ziook)
4.
«Erdi-dakusat, han nonbait, argiaren totel-erlantza. Eta erdi-dantzut, hemen bertan, abaraska amaraundun hainbat erlauntza».
idatzi nizun lehengoan, maitea, poetaren imentzio eginez, baita zure txalo motel bat edo beste irabazi ere («erlantza» eta «erlauntza»ren esan-nahia hiztegira begira kontsultatu zenuen, ordea: ez dautsozu itaundu zeure bijotzari...)
5.
Unamuno, Celaya, Oteiza:
Requiem polit bana asmatu diozue gure herriaren hilarriari hiltzear den herria hitzez eta harriz hil-kizun harro bihurtuz.
Epitafio itsusiagorik bai makina bat hil-herrik: mila esker.
6.
Huntzaren nigar-murrikarena ez zen ergelkeria,
James, huntza aspaldidanik baitugu bihurrikatua zintzurrean gora, Joyce.
Zerbitza iezadazu kafe irlandarra, arren. Eta topa egin dezagun beren buruaz beste egin duten Herrien osagarri. Han eta Hemen. (in lingua franca, of course).
7.
Erran çieçón Guiçonaren Semeác putçu ondoan jeçarriz:
«Emazte, indan edatera»
lhardets çieçón emazte samaritanác:
«niri esquez aut? noizdanic diate conversationerik Iuduéc Samaritanóequin?»
8.
Zenon filosofoa bere Opus Nigrum bila zebilela, haren anaia —izenik ere ezin oroit!— erdi-banaka akitzen zen gudu-zelaietan eta lira-estrofetan, alor bateneko akatsak besteneko ardurez estaliz: soneto amaigabea topatu zuten haren korazaren azpian bonbarda etsaiak suntsitua zuen bihotzaren aldamenean.
9.
Ihardets çeçan Guiçonaren Semeac eta erran çieçón:
«Baldin bahequi nor den hiri erraiten draunána, 'Indan edatera', euk escatu inçaiqueon hari, eta eman baitzerauquenán ur vicitic»
Diotsa emazteac:
«Iauná, eztuc cerçaz idoqui deçan eta putzua duc barna: nondic duc beraz ur vici hori?»
10.
Luzeegia bisitatu ez ditudan hirien inbentarioa. Alderantziz baino luzeagoa. Bisitatu nautenena baino, esan nahi dut,
Nonnahi ikus dezaket hala ere Georg Samsaren zomorro-begirada izutua, baita —bakanxeago— Sokratesen dotorezia zikuta-kikarari eusterakoan, Praha nahiz Athenasera beharrik gabe.
Veneziako Intzirien Zubian, bestalde, —besteizenez Deustukoan— agurtu nuen lehengo astean bertan aspaldiko partez osaba Gabriel Arestikoa: Biba Berango-ka odoleste frijituak eta tomate freskoak afaldu genituen biok Artxandari begira.
11.
Bilintx gizaajoa: hain itsusia omen, Indalexio Moko. hain negartia omen... (hemen krokodil Orinoko beharko luke errimatzekotan)
hain herren gainera hain bere-buruaren gutiesle (eta poeta erdaldunengana arrimatzekotan «edeeeerra» esanez mireeesle)
Donostia Granada bihurtu baino lehenagoko kontuak dira, baina granada batek hain xuxen eraman zuen leihotik sartuta Antzoki Zaharreko konserje apala Josafateko Zelaira
zeina denok dakigunez Orinoko ibai bazterrean baitago arbola eta txoriz ondo baino hobeto hornitua eta zeinean omen baitabil harako Lope de Agirre menderagaitz hura auskalo zein Doradoren bila.
12.
Demagun. Isadora Duncan zinen eta antigualeko kotxe dotore haietako batean zindoazen Balbeak —beti bezain desorduan— foulard-a gurpilean lehenik eta zure lepoan gero kiribil akatuz harrapatu zintuenean.
Hala bazan, sar nadila:...
Sergei Esenin nauzu. Errusiar poeta sobietikoa. Zurekin bai, Isadora, zurekin bazuen zentzua nire bizitzak. Peterburgoko hotel ziztrin honetan ari natzaizu azken lerrook idazten. Neure odoloez. Tinta eskatu dut eta ez dutela erantzun didate. Zer iruditzen, maitea. Tintarako ere baliabiderik ez gure plan kinkenalak. Hobe baina. Hartara neure estilo postromantikoarekin oso egoki datorren jestu hau egin dezaket. Zainak ebaki eta neure odoloez zuri idatzi. Eta ez metaforikoki, Isadora. Badakizu zenbateraino gorroto ditudan nire kolegek, elkarri kopiatuz gainera, erabili ohi dituzten lainokeria galanioso horiek. Neure benetako odoloez. Hemen doakizu nire azken agurra. Laster urkabilurrak laztanduko du garrazki nire zintzurra. Badakizu: Bizitza honetan hiltzearena ez da berria, baina bizitzearena ez da berriagoa.
13.
Amodioaren tenore denean, Euridize, ez dut zure bular marrubietan pentsatzen, are gutiago haiez gozatzen: idatzi nahi nizukeen ez dakit zein poema erabili ohi dut buruan, «infernuko galerietatik nola irten» edo antzeko izenburukote kirtenen bat leramakeena.
Orain, ordea, poema horri
ekiteko tenore denean, laberinto aspergarri honetan aharrausika, zure diti-puntak zein marmelada klasez —franbuesa?, gerezi?, muxika?— eztiagotuko nituzkeen, besterik ezin dut pentsatu.
Ez, Euridize: ez nauzu zeure Orfeo, Don Juan Des-Tenore baizik.
14.
Ez hadi fida. Poetak bakarrik bizi ditun. Beren burua gomutatuz gomitatuz gorrotatuz.
Beti ur uherretan xaplaka, Maiakovskiren irudimenaren harako sardinxaharraren antzera.
Maitatzekotan, nork bere zilborra maite. Zilbor-hestea, prezeskiago. Betizu bezatuak, normalki. Kaleko zarataz eta jendarteko gorabeherez gogait- eta etsi-errazak. Arteaz, politikaz edo beste edozertaz ari direnean, beti metaforikoki arizaleak, beti analogikoki, beren ume-ontzikeriazko aipu-amenez blai. Horrelakoxeak ditun gizonezko poetak.
Zer?... «Garela?»... Ni ere bai, esan nahi dun?
Ez, ez, maitea. Nik aspaldi abjuratu ninan poeta izateaz. Hire begien ahalgez...
15.
Erran çieçón Guiçonaren Semeác hartçara:
«Ur hunetaric edaten duen gucia egarrituren dun berriz: baina norc-eré edaten baitin nic emanen draucadan uretic, eztun egarrituren seculan: baina nic emanen draucadan ura, eguinen dun hura baithan ur iauzten denezco ithurri, vicitze eternalecótzat».
Emazte samaritanak pegarra hartu eta alde egin zuen, poeta hatroputzei buruz honako hau marmarka:
«Eguzki keriatsutan hanturiko mika erdi beltz erdi zuria zara Hegala eta buztana bereizten ere ez dakizuna.
Lurrrera ezazu zeure harrokeria, lurrera ezazu otoi». (Ezra Pound)
«Eta Peru Abarkaren barre-zantzoak Bizkai osoan durundiatu ziren» («Apokrifo markinarra»ren amaiera)
Graffitien ganbara |