www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ekaitza
Josemari Satrustegi
1973

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ekaitza, J.M. Satrustegi. Jakin, 1973.

 

 

aurrekoa  

        Bide baztarrean gelditu da artzain txakurraren gorputza. Ez du inork jaso, lurpean sartu; balio gabeko gauzak bezala estali du neguko gau ilunak. Bere bidez jarraitu du, horregatik, munduak: beribillak argi ederrekin, prisaka; kamioi haundi txakur-hiltzaleak, bat bestearen atzetik hotsa eta ke beltza dariotela. Bihotz gabeko mundua; gozotasun gutxiko bizia.

        Ona zen, esan du nagusiak. Baina, ez zen guretako egiten zena. Txakur arrotz itxura gaiztoko batek beteko du etxekoaren zuloa. Zer daki horrek ardien berri, ez mendiko biderik! Otso denborako borroka eta bizirik gordetako ardi galduak ipuin zaharrak dira. Nunbaiteko aita-ama erromesen agiriak gehiago balio du, bitxikeria bezala lagunei erakusteko. Alferra da eta ez du ezer egingo, era horrexegatik hezurren orde haragi gozoa emango dio. Haur txiki bat bezalaxe, egunoro dutxatu eta izara txuriz txukatuko dute. Gero, hede luze batekin lepotik hartu eta berekin atera. Besteak ez dutena erakusteagatik bakarrik. Txakur on batek etxea jazten bait du, eta nagusia ohoratzen.

        Etxekoandreak bihotzez senditu du txakurrarena. Joan-etorri guzitan laguntzen zuen eta, garbia zen urrea bezala. Inork jakin gabe, okel guriak ematen hasia zen. Lasai zegoen etxean, txakurra beti han zela jakinik. Denetaz adierazten zion. Gauza bat zuen txarra: merke hartua. Eta bestea, hori bezain txarra: bertakoa izatea. Geuria.

        Haurtxoari ez diote gertatua esan. Berriz itzuliko delakoan dago aingerutxoa. Ez daki munduko maltzurkeriaren berri. Ona izatea hainbat hartzen ez duen mundua; azalkeria hutsekoa.

        Aldaketa haundi bat gertatzen ari da gure egunetan. Mendez mende, eta milaka urtez idatzitako liburu mardularen azkeneko orria da artzain txakurraren heriotza. Herri jakintza aberatsa galtzen goaz eta sentipen sakonak hustutzen.

        Gure herria ez du inork hilko; baina, utzikeria eta ez-axolaren barne minez, bere burua urka lezake.

 

aurrekoa