www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ekaitza
Josemari Satrustegi
1973

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ekaitza, J.M. Satrustegi. Jakin, 1973.

 

 

aurrekoa hurrengoa

        Urria errosarioaren ilabetea izaten zen orai arte. Goizetan argiekin ibiltzen ziren haurrak elizako deia egiten. Ezkila txikia eskuan, kalez kale hau errepikatzen zuten:

 

                Ohatzea utzi ta

                goazen elizara

                errosarioa goiz

                errezatutzera.

 

                Errosarioa da

                erregu onena

                errezatu dezagun

                al-dan ondoena.

 

                Aita gurea da

                Jesusen esana,

                Ave Maria dugu

                aingeruarena.

 

                Arrosen ederra

                baita lirioa,

                baino ederragoa

                errosarioa.

 

        Gero, elizan, Domingo santuaren bertsoak erderatik hartuta:

 

                Bizi dedila

                Errosarioa

                Ama txit maitearen

                orazioa.

 

                Errosarioa danok

                esan dezagun

                gure fedea bizi

                izan dezagun.

 

                Nekazariak badu

                nahi frutu hartu

                errosarioa beza

                ondo errezatu.

 

                Hamarrekoak dira

                harrizko mailak

                zerura igotzeko

                kristau apalak.

 

                Agur Maria bada

                aingeru hitza

                errosarioa da

                zeruko giltza.

 

        Beste gauza askoren antzera, errosarioa ere galdu da. Aspergarri omen da hainbeste aldiz gauza bera errepikatzen ibiltzea. Gutxiagorekin entzungo lukeela, belarri onak balitu, Jainkoak. Gazte jendeak hitz ausartak ditu gaur ahoan. Udargi-n lastaila esaten diote urriari; beren urria aurreko ilabetea zen.

        Aspaldi mendira igo nahiak ginen eta, beti joatekotan, udazkena etorri zaigu. Hamabi-hamairu urteko neska mutil koskorrak ditut lagun. Oso goizik ateratzeko gogoa zuten bezperan. Goiztegi hotzak izaten direla sasoin hontan, adierazi diet nik; ez dela udan bezala. Bedratzitarako geldituak ginen, azkenean; baina, ordu hortan mugimendu gutxi zen herrian. Haurren kontuak.

        Goian hegoa. Beherean lanbro zirtzil eta hotza. Mutiko gehienak inguratu dira eta uste dute denbora txarra izan behar dugula. Nesketatik lau baizik ez dira etorri; hitza emana zutenen erdiak baino gutxiago. Bakoitzak bere jatekoa zorroan darana. Eskutan erabiltzeko puska gehiegi dela-ta, baten edo biren gain utzi dute dena. Aldizkatuko omen dira bidean. Bi neska motzek ez dute berena eskutik utzi nahi izan, gaseosa botilla hautsiko dieten bildurrez.

        Haste hastetik aurrea hartu digute mutilak. Irruti batean entzuten genituen, gero, haien irrintzi ta arramarrak. Zamaduna, berriz, atzetik izerditan. Noizbait oroitu dira lagunak eta kendu diote bizkar gainetik astazama.

        Hamarrak eta laurdenetan gosetuak ziren gehienak. Jarrita arrapatu ditugu lehenbizikoak. Portu gainean gosalduko genuela esan diet eta jarraitu dugu. Iruzki zoragarria zegoen azkeneko gerban. Lainoska arro batek estaltzen zigun beherean herria. Pozik zeuden gure mendigoizaleak. Iturri goxoa bada portuko buruan eta haren inguruan jarrita traskatu du bakoitzak bere jakia. Eguna luzea ez bada ere, geroko zerbait gordetzeko esan zaie. Zorroak eskutan hartu ta zernahi badutelakoan erakusten dizkidate. Hobe.

        Hasieran, gosearekin ixil zeuden. Gero, hizketari.

        —Nik badakit Gurutzetako harria nun dagoen, esan du artzain baten semeak.

        —Eta hori zer da? galdetu du neska txikienak.

        —Toki baten izena, zer izan behar din! erantzun dio anaiak.

        —Goazen ta ikusi?

        Lasterka joan dira denak. Oso bide gutxira zegoen. Haitzaren bizkar leguna eta odoldio puskak, besterik ez. Burnizko gurutzeren bat egongo zela uste zuten haurrak.

        —Oooh!! Eta gurutzea nun dago, bada!?

        —Gurutzea urteoro uzten zen hemen, esan diet nik. Bada denbora ohitura galdu zela. Luzetxo da esateko.

        —Jarri egingo gara eta zuk kontatu.

        —Eseri, orduan.

        Uda minean ere ez du halako egun ederrik egin. Ez da zeru sapaian laino printza bat ikusten. Haize gutxi eta hotzik batere. Gustora daude haurrak.

        Gurutze sanduak egun bi ditu urtean: udazkenean eta maiatzean. Udazkenekoa izan berri da: ahuntzarekin komediak izan ziren egunean.

        —Ah bai! Txarrago! Eskilera hautsi ta lurrera ahuntza!

        —Ta maki joan zen, gero...

        —Zer barregura! Adarrekin gizona jo ta odola atera zion.

        —Borrokan ibili al ziren biak? —esan diet nik.

        —Eeez! Lurrera botatzean heldu egin nahi zion ta... adarrarekin jo. Aitak esan zuen txarki egiten zutela.

        Maiatzaren hiruan da —esan dut nik—, udaberriko Gurutze eguna. Egun hortan denok joaten ginen elizara; argitu baino lehenago izaten zen meza. Elizbira (prozesioa) ere egiten zen. Herriko lurralde guzia bedeinkatzen zuen apaizak, lau aldetara begira otoitz eginez. Asto txiki baten gainean bazkaria hartu eta mendira etortzen ziren, gero, agintariak: apaiza, sakristaua, aiundamenduko bi gizon eta herriko mutila. Bezperatik, hortarako, egurrezko lau bost gurutze txiki egiten zituen sakristauak.

        —Eta zer egiten zuten mendian?

        —Mugak ikusi eta gurutzeak sartu. Gu gauden leku hau bera Udargi-ko mendien muga da. Hortik aurrera Urbasa mendia, eta ardi haiek dauden lekua beste herri batena.

        —Lapurrengatik egiten zuten hori? galdetu du neska txikiak.

        —Tonta edo zer haiz hi? erantzun dio, berriz, anaiak. Nola ostuko dinate mendia? Bueno... ardiak ere hor ditun, bai —esan du, gero, berak.

        —Ez; ez zen lapurrengatik egiten. Badina lapurrak baino kalte gehiago ekartzen dutenak. Edozeinek ikusten du gauza txarrak eta onak badirela munduan: axuriak eta esnea onak dira. Gaitzak eta otsoa, txarrak. Lana egin eta dena ongi ateratzen zaigu batzutan; beste batzutan, berriz, gaizki. Hori ez dago gure baitan.

        Gure aurrekoan eritzian, on guziak Jainkoarengandik datoz; eta txarren aita deabrua da. Harri erauntsiak eta laino beltzak etsaiaren zaldiak ekartzen zituzten. Elizak bazuen deabruen kontra indar berezia; horregatik egiten zituen eskabideak eta letaniak. Eta horrexegatik maiatzeko Gurutzetik udazkenekora, ezkilak joaz, otoitza egiten zuen egunero eliza atarian.

        —Ah bai! Konjuroa! —erantzun du mutiko batek—. Meza laguntzen ibiltzen nintzenean jotzen nituen nik ere ezkilak: bi ta bat, bi ta bat... besoak nekatu arte.

        —Horixe! Ez du denbora asko horrek galdurik. Eta jostaiak bastean ez duzue etxetan erramu bedeinkatua erretzen ikusi? Beste batzuk Kandelerako argia piztutzen dute. Dena da Jainkoaren indarra deabruaren kontra ekartzea.

        —Gure amandreak esaten du ozpingarriaren erremedioa Jainkoaren harria dela. Ez digu uzten leihotik kentzen. Zerengatik esaten zaio Jainkoaren harria?

        —Gizonaren eskuz egina ez delako. Badakizue zein diren? Arrain, sube eta bihotza bezalako harrizkoak. Zer kontxa ta petral politak ikusten diren! Lehenagoko gizonak mendi hauek itsaso izanak zirenik ez zekiten; zerutik jetxitako harri santuak zirela uste zuten. Oinazturak etxean ez sartzeko ezartzen ziren leihoan.

        —Gure sukaldekoan bost segurik badaude. Amak ez daki zertako diren; Jainkoaren harriak direla, bakarrik.

        Gurutzea mendian zergatik jartzen zuten, ez diet esana. Etxea ozpingarri eta txarkeria guzietatik gorde nahi zuten bezala, herriko soro eta izerdi guzien saria ere, etsaietatik zaindu nahi zutela adierazi beharko nieke.

        —Gurutzea da kristauen agiri ta seinale nagusia; Gurutzearen izenean izan dira etsai guziak menderatuak. Berek buruan sartua zuten eran, harri erauntsi, ostots eta beste bildurgarri guziak uxatzeko.ezartzen zuten gurutzea hegoaldeko mugan. Elizako paretan ere hor egoten zen, ilabete hoietan, beste gurutze haundi bat.

        Luzexko izan da gaurko ikasgaia. Zerbait gehiago galdetzeko gogoa bazuten; baina, bidean erantzungo diedala esanik, mugitu gara. Artzaien txabolara joatekoak ginen, eta berandu egiten ari zaigu. Bi gauza genituen han ikusi nahi: antzinako gizonen hilobia izandako barri pila bat; eta udan zine egiten ibili ziren lekua.

        Hamabiak aldera heldu gara. Gizona bazijoan etxera. Garai hontan ez da esnerik, ez gazta egin beharrik. Artzainaren lana laster bukatzen da. Egun erdia galduarazi diogu, etxeko lanetan sartu zezakeena. Barkazio eskatu ta harri pila aldera goaz.

        —Nun egon zarete? galdetu du berak.

        —Gurutzetako harrian. Izen horrek zer adierazi nahi duen jakin behar, gizona! erantzun diot.

        —Eta Luziferrena esan diezu?

        —Luziferrena? itsasi zaizkio haurrak. Hori ez digu esan.

        Nik ere ez nekien. Hala adierazi diot berari. Gelditu da, makila aurrean zuti jarri, eta hasi zaigu kondatzen:

        —Inguru hortan ba omen da leze bat Luzifer egoten zena. Gauaz ibiltzen omen zen mendi batetik bestera, sua dariola. Nik ez dut sekula ikusi. Berak ekartzen zituen, nunbait, haize gaizto eta zikinkeria guziak. Bildur haundia zioten nekazariek.

        Apaiza ta bere lagunak gurutzea sartzera etortzen ziren garaian, barnean zegoen ala ez jakin behar zen lehenik. Bere bonete edo beste edozein gauza botatzen omen zion zulora. Hura gora itzultzen balin bazen, Luzifer lezean zegoelako marka. Eliz otoitzak egin, gurutzetxoa leze ertzean sartu ta hara Luzifer urte baterako lotua. Ezin zen handik atera. Apaizaren boneta barnera erortzen bazen, lezea hutsik eta Luzfer Aralarra joana zelako seinale. Eta zuk ez zenekien hori?

        —Ez, ez, erantzun diot; estreineko aldia entzuten dudana.

        —Asko jakinen duzu, baina beti gauza berriak ikasten...

        Lezea nun dagoen ez diot galdetu nahi izan; lana galerazten gabiltz. Gehiegi egin du gizajoak gure zai egoten. Nik egingo ez nuena, haurrak lehertu dute:

        —Koba hori nun dagoen badakizu?

        —Ez. Askotan ibili naiz bilan eta ez dut arkitu. Ni baino zaharragoei ere galdetu izan diet eta inguru hartan ez da koba ta leze zulorik. Beste nunbait ez bazen...

        Harri pilan utzi gaitu artzainak. Ihuntzia bezala banatuak dira harriak. Ez da hura haurrekin ezertan hasteko lana. Eta nork esan ez dela ikutu behar! Eguerdi.

        Zer izan litekeen adierazi ondorean harri mugitzen jarri ditut denak. Itxuraz, hilobia erdian egongo zen, eta beste barne bat izango zuen, inguru osoan. Gorputz erdia sartzeko zirritua agertu da gero; bai sartu ere. Abere hezurrak zeuden barruan. Erdiko hilobi lekua lurrez betea eta nahasirik ikusten da. Gu baino lehen ibiliak dira. Hortz haundi bat agertu da; jende hortza.

        Bazkal aurrean eskuak garbitzeko gaizki ibili gara. Lohi gainetik zijoan ur zirrista batean sartu dituzte batzuk eskuak. Hautsa kentzeagatik lohia atera dute. Larratzean belarra bazen eta han igurtzi ditugu geuriak. Bero. Itzalean jarri gara. Nekatuak ginen.

        Konjuro ta beste ohiturak nola galdu ditugun jakin nahi zuten haurrek. Hain polita da Luziferren ipuina! Kristau denbora aurreko iturritatik datozela esan diet.

        —Eta nola gorde zaizkigu orai arte?

        —Kristautasunak ez zuen gizonaren bizibiderik aldatu munduan. Ordu arte nekazari eta artzain zenak, bere aitzur eta artzain makilari itsasirik jarraitu zuen, gero ere. Lanbide berria ez baino, lanaren argidura berria ekartzera etorri zen Jauna mundura. Kristauen artean, aurreko denboretan bezala, euri onen eta iruzki gozoaren baitan zegoen soroko neke larri guzien saria. Elizak egin zuena, Jainko bakarraren izenean ezarri, aurreko festa zaharrak. San Markosetako letaniak esate baterako, garai hartan Erromako Milbio ibaiaren inguruan egiten ziren festen ordez ezarriak ziren. Robigo zen haien jainko bat, eta garien erdoia eta ainoa kentzeko otoitzak egiten zizkioten.

        —Eta orai zer? Ez gauza bat eta ez beste. (Zorrotzak dira ihizi hauen begi txikiak. Heuren gurasoek ere nekez egingo lituzketen galde moduak egiten dizkidate.

        —Oraikoa beste gauza bat da. Lurrarekin borrokan bizitu den gizonak aitzurra bota eta beste lanbide bati eman dio. Zortzi ordu eta berdin hamar aterpean sartzen du. Oilategi antzeko etxe mordo haunditan du bere bizitegi txikia. Zer axola dio hari garien ainoak eta ardien bazkak? Euriari aurpegi txarra jartzen dio, bustitzen duelako; eta idorte garaian bizkarrari eragin eta kito. Lan ordu astunak eta nagusiaren kopeta beltzak erretzen du bere on guzia. Eta bera baino hobeki bizi direnen mailara ezin helduak...

        —Gure denborak, beraz, ez dira haiek baino politagoak?

        —Ez nuke nik hori esango. Denbora ta bakoitzaren bizia, magnetofoi honen haria bezala da: gauza onak hartu lezazke eta, berdi txarrak. Zer ematen zaion, hura. Diferentzia batekin; lehen ez zen magnetofoirik eta orai bai. Aurreramenduak. Zoritxarrez, gure jakintza, askotan txarkeriarako baliatzen dugu. Geure hutsa.

        Gure filosofia guzien artetik, barri pila ikustera joan zaizkigu batzuk. Lasai geunden, halako hots tarrapatako bat entzutean. Makurrena etorri zait burura. Mila bat kilotik gora zen harria lerratu zaie, azpijanean egina zuten zulora. Hitzik gabe harrapatu ditut mutikoak. Hiru ziren han zeudenak, izu bezain zuri.

        —Bazen norbait barrenean? galdegin diet.

        —Ez, erantzun didate. Hau zebilen ta ateratzeko denbora eman dio.

        —Gaur jaio zerala esan dezakezu zure etxean. Hobe izango da, bestela, ezer ez esatea.

        Udan zine egiten ibili zireneko lekua ere ikusi dugu. Erremendu zaharrez ereinik dago. Lastoz betetako zaku haundiak; mandotzat sartzen zituzten. Zaldi-gurdi zaharrak, kañoi antzeko tresna elbarriak eta Coca-Cola botilla hutsak. Ez dute behintzat oso garbi utzi mendia. Zer ikusi gutxi dago.

        Etxerakoan bidea galdu eta aurreregi joan gara. Beste herri bateko argiak ikusi ditugu irrutian. Ilunabarra. Lasterka abiatzeko, neskak ez dute jarraitzen; eta geldi ibiltzeko, gaua gainean. Egun betea izan da , gaurkoa; gehixegi, beharbada. Errosario deia ixildua, Gurutzetako harria hutsa, gauazko Luziferren sua itzalia. Lehengo denborak joanak. Bai, bai; duela mila urte asko ezarritako harriak lehertu ez gaituenean!

        Ilunpeko indarren mendean zapaldurik bizitzetik, munduko hariak bere eskuz eragitera jo du gizonak. Hartzale hutsa izatetik, emaile aberatsa gerta liteke, gaurko giro berrian. Baina, bidea galtzeko arriskua bada: bide baztarrean lo egonez, hala saetsetik aurreregi joanez letorkiguke gaua.

        Kristau majia pixkaren bat gora behera, jainkozale zen gure nekazari eta artzain aroko herria. Jakinen du ilargira joan den gizonak Jainko bidea bilatzen?

 

aurrekoa hurrengoa