www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ekaitza
Josemari Satrustegi
1973

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ekaitza, J.M. Satrustegi. Jakin, 1973.

 

 

aurrekoa hurrengoa

        Jende gutxi zen karrikan ni etxetik ateratzean. Hobe. Manetofoia neraman eta batzuk usteko dute jostatzeko dela. Atsaldeko seiak dira. Madrilgo gizonak utzitako zintak bultzatuta nabil. Lotsa ematen dit garbi eukitzea. Haurtxo batzuk eskola aldetik datoz; baina atsaldean eskolarik ez dute. Erdi-opor, uda-aurrea; ebaluazio edo etsamina berriak.

        Sokatik eramaten ikusia nuen txakurra atera zait, aurrez-aurre, etxarte batean. Ikaratu egin da eta badijoa zetorren aldera. Ni poztu, berriz, bat-batean. Bizi da!, esan dut nere baitan: Ez dakit txakurraren biziak emandak poza den, ala bere hiltzaleen biguintzeak. Nola nahi dela, hor dago: bizi da.

        —Norena da txakur hori?, galdetu diot ezer jakin ez banu bezala eskolako haurrei.

        —»Txutxo» da! erantzun dit sei urteko neskatxa eder batek. Mutiko haundiak ibaira bota zutena...

        Han joan dira nere pozak. Ez zioten, beraz, kupiturik bizia barkatu; ahalegindu ziren azkeneraino beren asmo beltza betetzen.

        —Ibaira bota bazuten nola ez zen ito?

        —Soka hautsi ta, atera bai zen...

        —...eta ez diote orai ezer egiten?

        —Ihes egiten du eta ezin dute harrapatu.

        —...ikasi du nor diren, eta zer asmo zuten. «Txutxo gose dabil eta, beharbada, goseak eraginik oilategiren batean sartuko da eta arraultzeak jan. Gero esango dute gaiztoa dela, eta norbaitek ttiroz botako du. Bizian baztartua.

        Neretzat «Txutxo», gaur arte izenik ere ez nekien txakurra, bide txarrean sartu den gizadiaren irudia da. Gazte haiek, zortzi hamar urteko haur motzak, odol-giroa daramate bihotzean. Txakur gose baten oinazeak ez die minik ematen; bizidun baten odola dute jostagailu. Edo ibaian ito-arazteko soka. Nork erein du bihotz txiki hoietan hazi garratza? Ez ote gara denok hobendun?

        Ikusia ikasten du haurrak, eta argizaigilearen etxean erortzen ez dena lerratu egiten da. Bildurgarri zait zezen lasterketa TV-an, eta ez nuke haurrentzat tiro-kontu, eta zapalketa bortitzik emango nik. Indioen oihuekin esnatzen dira gero gauaz ametsetan.

        «Txutxo» udaberrian baino hobeki da, haragiz ez bada ere, jakintzaz behintzat. Lepoko soka, urkabidea, bota du; adiskidetzat zeuzkanak ezagutu ditu eta inun lagunik ez duela badaki. Alde bat ; laguntxarrekin baino bakarrik hobe.

        Herri goienean laurogei ta bost urteko aitona topatu dut. Sugaiak daramazki, neguan bezala:

        —San Joanetan egur bila! Buruzpide ona!

        —Zuk esan. Iruzkia ere, nunbait alfertu egin zaigu; ez du berotu nahi. Noiz ikusi da urteko egunik luzeenean sutondoko giroa!

        Ez haundi ta ez txiki kunkurtu antza Burua txuri eta begiak argi: gizon polita. Gerritik gora ez du gaitzik, burua ongi; ankak ez balitu hain nagi! Ladux.

        —Ezkerreko izter honek lotzen nau, gizona...

        —Zer nahi duzu! erantzun diot; atzean utzitako laurogei ta bost hoien ondorea.

        —Eskubiak beste horrenbeste baduzkela esan liteke ba...

        —Bai; hori ere hala da. Gauzak.

        Mandozain herria izana da, noizbait, Udargi. Ongi bizi omen zen jendea. Arma-harri asko da etxetan. Estallerri eta Erriberako ardoa eramaten zuten Prointzira. Zaragoza jotzen zuten, beste alde hemezortzigarren mendean.

        —Galera izeneko gurdi haunditan zebiltzan orduan. Tresna horrek zapaldu zituen bizkarkako mandozainak; eta trenak baztartu zituen manda-gurdiak. Bizia hala da.

        —Haurtzarotik aldaketa haundiak ezagutuko zenituen zuk herrian?

        —Uuuu laa!! (ixilune bat) Eta nola adierazi? Gaurko haurrak ez dute, sinesten; gure asmaketa balitz bezala hartzen dute garai bateko bizia.

        Magnetofoia piztua dut. Berak ez daki zer den hori eta lasai mintzo zait. Madrilen jakinen dira Ladux-en gauzak.

        —Bederatzi urtetan hasi nintzen ni txertzai; hamabitan egin ninduten haltsai, eta herriko behi guziak zaintzen nituen. Handik laster, makila eskuan eramateko gauza izan nintzenetik, oihan-mutil edo goarda. Basoko aritz eta mendiko pago guzien berri banekien nik azkenean. Txori ta basa-pisti guziak ezagutzen ninduten eta nik ere bai bakoitzaren kantua. Seiak aldera jeikitzen nintzen uda denboran. Lehenago ere bai, askotan. Oihaneko musikak zoratzen ninduen. Polita da txoritxoen abestia; zoragarria... egazti mota askoren doinua erreberritu dit Ladux-ek. Ezin hitzez adierazi; magnetofoiez jasoa dut eta behin baino gehiagotan entzun dut geroztik.

        —Zer jaten zenuten?

        —Jan! Ahal zena. Sardina gauza haundia zen etxean; birendako sardina bat... eta pozik. Burua harrapatzeagatik asarratzen ginen anaiak. Buztanak baino jaki gehiago zuen buruak. Aberatsak bakarrik jaten zuten ogia. Artirinarekin egindako opil haundi bat zen gu bezalako pobreen janaria.

        Ladux-ek etorri ona du. Euskal Herriaren zorigaitza agertzen digute bere esamesek. Amestu ere ezin diren zirritu beltzak:

        —Hamazazpi urtetan Bizkai aldera joan nintzen. Hura zen herriko gizaki guzien joera. Puentenuevo-ko harzulo ta minetan eman zidaten lana. Hango gure bizimodua ez esateko hobea da. Goizeko seiretatik atsaldeko zazpitara lurpean sartuta. Eta zer lana! Kapataz haiek mandoendako eginak zituen Jainkoak. Ez zuten hitz bat bestea baino politagorik; zer ahoskera!.

        Eta makurrena, ez ginuela jaten ere. Behar bezala jan izan bagenu, janak eramango zuen gure irabazia. Zerbeit aurreratzeatik, erdi janean, goseak ibiltzen ginen beti. Gizonaren biziak oso gutxi balio zuen minetan. Eta bizirik ateratzen zena, bularretatik erreta itzultzen zen etxera...

        Gure aita-amek hezurretaraino sartua zuten bildurra. Berri txarraren zai egoten ziren urte guzian. Orai esango dizut ene izeko bati gertatua. Sorra zen gaixoa, eta oso emakume ona. Pobre zarrapailtsua gu bezala.

        Gau batez, txerriak kurrixka eta erausika hasi zitzaizkion etxean. Zerbait bazela konturatzen zen eta ez jakin zer.

        —Naun eta gure mutikoa dela! esan zuen bere baitan. Beti txarrena gogoan.

        —(...hotsak; lehenagoko hotsak)

        —Miel-Anton, hi alhaiz? Pentsatzen nian, bai... Onez heldu haiz?

        —(erantzunik ez).

        Bihotza punpaka duela, erdi jantzian badator ama gaixoa ataria idekitzera —Ba nian bildurra!— zion bere baitan, eskiletak jeistean. Zer egin behar diau orai, hi gaixotuta?

        Jetxi da, ataria zabaldu ta inor ez. Ilargi ederra zeruan eta izotza ari kanpoan. Goizeko hiruak. Txerri hotsak.

        —Jesus, Jesus! Zer den sorra izatea! Ustez semea zen eta txerrien hotsa. Hala hobe.

        —Bularretatik gaizkitzen zirenak laguntzarik bazuten?

        —Lagundu? Bai zera! Atsaldeko zazpitan lanetik atera ta afari legea, egin orduko kapataza ondoan:

        —Joan behar duk lanera? —galdetzen zigun.

        —Ez ginen zuti egoteko gauza izaten, eta ezetz esaten bagenion kopeta txarra. Gau erdiraino berriz lanera. Goizeko seietatik egin zazu gau erdiraino lana. Ezin zuena etxera; eta gaixo zegoenak ezin zuen hori eta gutxiagorik ere. Hala despegitze gintuzten.

        —Zenbat irabazten zenuten?

        —Egunean bederatzi sueldo, eta eskonbrotan zebiltzenak hamaika.

        —Zenbat denbora egon zinen Bizkaian?

        —Zazpi urte.

        —Euskalduna hala ibilia da, eta bestela Ameriketara joan behar. Ego Ameriketarako joera gehiago zuten, garai hartan, gure mutilak. Gero etorri zen Ipar aldeko artzainena.

        Landux Nafarrora itzuli orduko olagintza (industria) hiru lau puntutan sartzen hasia zen eta hortaz baliatu zen bera. Gure dirudunak, halare, ez zuten bide hortatik jarraitu nahi; eragozpen haundiak ikusten zizkioten langileriari: nahasketak, ohitura onen arrisku, elizaren heriotza. Hitz batean esateko, infernuko etsaia bere galtza gorriekin. Horregatik, Nafarroan bazen dirua, baina eltze mututan sartua. Ez zen aurreramendu haundirik ikusiko denbora luzean.

        Udargin ez zen dirurik ikusten, gizakiak minetatik ekartzen zutena ez bazen. Beste alde, familia haundiak izaten ziren eta emakumeak ere ogia ekarri behar.

        —Udargi-ko emakumearen bizia latza izan da munduan, dio Laduxek. Inun baino gogorragoa. Ezkondu aurretik ihitera joaten zen Iruñerrira eta udazkenean subesketara Prointzira. Behin ezkonduz-gero aitzurra ta laia hartu ta lurrarekin borrokan.

        —Gaztetan ere aterabidea bazuela esan duzu?

        —Bai, beharko! San Joan eguna festa haundia izaten zen herrian. Lizar ostoz eta iraz betetzen ziren atal aurreak; soinua ta suak. Elizan, berriz, din-bi dan-ba gelditu gabe ezkilak. Urteko jairik politena. Gaueko hamarretaraino ibiltzen ziren neskixak dantzan. Gero, buruko azaletan beron puska guziak sartu ta gauaz Iruñera. Argi sentirako, Santo Domingo esaten dioten plazan salgai egoten ziren Udargiko langileak.

        Berrogei ta gehiago kilometro bada Iruñera. Egun guziko dantza anka puntetan zutela egiten zuten, oinez, bide guzia. Ez zen autorik orai bezala. Eta lorik gabe gari epaitzera...

        —Lanaren arabera ordaintzen zieten: hemezortzi sueldo eta libera bat ogi, erregu-herriko. Lau pezta ta erdi, alegia. Behar zuten baba guzia ematen zien gainera nagusiak. Okela beren kontu. Etxe batzutan ardoa eskaintzen zieten eta beste batzutan ez. Obanos, Gares eta Santa Feliziaren berri ongi bazekien hemengo emakumeak. Baina, ez zuen beti denbora ona egiten; orduan baba bakarrik botatzen zien nagusiak.

        —Ikusten denez, baba hutsean bizi ziren gaixoak?

        —Etxetik eramaten zuten urdaia eta hori sartzen zioten eltzeari koipetako. Denbora berean okeletako balio zien. Sasoi hobereneko jendea.

        —Sosarekin zer egiten zuten?

        —Jantzi lehenik; emakume ziren oraikoak bezala. Bi, hiru eta lau gona berdin jazten zituen festetan emakumeak. Ondotxo zegoenak, gehiago. Gona gorri eta nabarrak izaten ziren. Txori-begidun eta marra luzeak. Denen azpitik, mihixazko zuria. Manton ederrak ere agertzen ziren, etxean gelditu ziren lagunen indibidiagarri. Hori zen orduko fantesi guzia.

        —Subesketa ere aipatu duzu?

        —Liho lanari esaten zioten subesketa. Gure ardazketa. Iruinera San Joan bezperan bezala, Andra Mari urriko egunean joan ohi ziren Prointzira. Gehienek hartuak zituzten beren etxeak. Altsasuko feritan itzultzeko joaten ziren batzuk eta Gabonetaraino besteak.

        Entzuna diot norbaiti nagusi moxkorrarekin izan zuen bildurra. Bestela ona omen zen gizajoa; besoa gehiegi jasotzen. Gau batez etxekoandrea falta eta bera bakarrik gertatu etxean. Nagusia, beti bezala ostatuan. Anketako lokarriak kendu eta itxi omen zion barnetik ataria. Heldu da, noizbait, gizon hori eta hasten da ate joka:

        —Arraioa! Zabaldu ataria!

        (neskamea ixil.)

        —Nun da etxekoandrea?

        —Ez da oraindik etorri.

        —Ireki zuk...

        —Argitu arte ez diot nik inori sarrerarik ematen.

        —Apereju ona ez zera zu, Nafarroatik etorri ta etxez jabetu!

        Biharamonean etxekoandreari gertaera —pasaizua— kontatu ondoan, etxe hartatik :alde egitea hobe lukeela adierazten dio:

        —Ez, gaixoa —erantzuten dio etxekoandreak—; Jainkoak emandako gurutzea jasan behar du bakoitxak.

        Denborarekin, beste edozein lani lotzen ziren Prointzian. Ira (garoa) biltzen eta berdin sagarditan.

 

* * *

 

        Gaurko egoera zortzi hamar urtez lortu da Udargin. Herria ustutze zijoan. Frantzia eta Suiza aldeko, oihan lanak erremin kiratsa utzi zuen oraiko gaztetan. Ez zen, han ere, baratze guzia lore. Beti gertatzen dena, batzuen izerdiaz beste batzuk balia.

        Alpes menditako itzuliaren ondotik Prointziako lantegitako gurutze bidea. Zortzietan lanera sartzeko sei ta erdietan, gutxienez, jeiki behar. Trena hala autobusa hartu; ordu galduak. Irabazirik ez eta lanean hasterako gastu bat egina. Atsaldean lanetik atera ta, etxera orduko gaueko hamarrak. Eta Udargi-ko neguak ez dira motorrean joan etorrika ibiltzekoak. Jakiak eta ostatuak, berriz, asko eramaten du gaurko egunean.

        Udargi-ko jendea, egia esateko herrikoia da. Eta, ez gaiztoa, askok uste duten bezala; azal gogorrekoa bai, behar bada. Nunahi gertatzen dena, badira ere larru-xuri hitz leunak, eta hoiek ematen didate bildurra. Lagunen saretatik gorde nazala Jainkoak, etsaienetatik neroni aterako naiz.

        Herrikoia izatea zerbait da, baina beharrak bultzatzen du azkenean gizona. Eta, esan dena, herria hustutzen zijoan. Lanik ez zen eta lantegi ingurura ezkontzen ziren gazteak. Bitartean, etxe zaharrak belartegi eta, gerota kafi gehiago hutsik.

        Fabrikaren bat ekartzeko gogoa zaharra zen herrian. Azken urte hauetako agintarien joera ikusita, ez dagoen zulotik dirua ateratzeko prest dago jendea. Lehenbiziko urratsak eman ere bai: lurrak erosi, urak hartu, argia ekarri eta zor haundi baten emaitza gozoa erromesa guziei eskaini. Gertatzekoa zena etorri zen orduan: uda aurretik kukua, eta kuku maltzurraren gezurretan erori ziren denak. Haizeak ereman zuen, gero, amets haundien hostajea.

        Ladux-en bizi gailurretik herriari begiratua ematea, bide mehar neketsuen ondoreaz jabetzea da. Ez da bat bateko lana izan herrian fabrika bat sartzea; ez eta ere erraza. Orai horda. Uda.

 

aurrekoa hurrengoa