www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ekaitza
Josemari Satrustegi
1973

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ekaitza, J.M. Satrustegi. Jakin, 1973.

 

 

aurrekoa hurrengoa

        Udazkena berez ederra da; neguaren bildurra du txarrena. Santakurutz eta Andra Mari urrikoa dira herritako jaialdi hondarrak. Ehiztari guzien uzta, uso-pasakoa. Gero, lertxunak eta elurra.

        Udargi inguruan badira feri egunak. Denbora txarra ekartzen omen dute. Eskaletatik ezagutzen ditut nik feriak. Argitu orduko —orai berandu argitzen du—, bazen zaldabai eta kriskitin hotsa kaletan. Batek jo ta biak dantza, sasoi oneko neskak anka aztalerainoko gonetan. Leiho asko ireki da, han hemenka; zirritutik begiratu ta berriz bultza. Jituak.

        Urteroko kanta. Egaztiak bezala, hauek ere badute beren pasa. Zoaz nundik nora joaten diren; baina, ferietarako plazan. Hemezortzi bat urte izango du dantzariak. Motots beltza ta begi zorrotzak, ilundura pixka baten ikatz sua darioten begiak. Txakurrik ere ez zaie atera aurten bidera; atari zulotatik egiten diete zaunka. Belarritako zintzirrin haundiak, ilargiak musuka beltzatutako larru gainean. Herriari itzulia eman da, egin dute berena; atzetik etorriko dira, haurrak galtzarpean dituztela, ama haundiak.

        Eta aitaren bat edo beste ere bai. Apaizarengana izana da bezperatik denen aitona. Ilobatxoa bataiatu nahi luke herrian. Apaizak badaki elizkizun hoien berri eta aurrerabide haundirik eman gabe eutsi nahi dio.

        —Nungoa zara?

        —Hungaroa.

        —Nun jaio da haurra?

        —Santander aldean.

        —Zenbat denbora du?

        —Ilabetetxo bat...

        —Eta ez al duzue bide guzian beste elizarik topatu?

        —Herriz-herri gabiltz, badakizu! Beheretik gatoz eta aitatxi amatxiak ipar-aldetik etortzekoak ziren; hain zuzen, hementxe dugu barda elkar ikusi. Egun haundia da guretzat.

        Itxura gaiztoko sonbela darama buruan. Iruzki askoren garrak jana dio, oihal ala larru zer den ere, berria zeneko antza ta kolore guzia. Koipe legunaren argia badu, zartain barneak bezala. Bataio aurretik ikastoroa egin behar izaten dela, adierazi dio apezak; eta gero, jai egun ala festa bururen bateko mezan bataiatu. Beraz, denbora behar.

        —Gaur hemen eta bihar ez jakin nun, hala da gure bizia. Nola egon hainbeste denboran! Lehen-bait-lehen nahi genuke; bihar baino ere gaur hobe...

        Alferrik zela ikusirik, diosola egin eta barnera sartu da apaiza. Bai gizona ere atzetik. Lan-gelako ataria ireki orduko nun ikutzen dion besagaina:

        —Barkatu! Barne hortan nahi nuke zurekin mintzatu...

        Hau dena, atzoko gertakizuna. Gaur jende txikien aldi da. Lau bost izanak dira atari joka. Zerbait hartu orduko beren amengana joaten dira lasterka: lursagar, tipula eta tomete gorriren bat edo beste da haien esku saretan ikusten den guzia. Garai batean ogia ematen zieten etxetan, baina orai ez dute hain gogotik hartzen. Katilu bat esne nahiago dute.

        Apaizari bere gelan sartu zitzaion gizonak duro ziderrak baino aurpegi gehiago zuen. Zazpi urteko mutiko begi urdin bat zekarren berekin. Txakur txikia bezala zetorkion ixilik. Baimena eskatzeko lanik gabe sartu ta eseri egin zen nere mahai aurrean. Lau hortz ihaundi, ori bezain makalak, erakusten zituen hitz egitean. Haurra zuti gelditu zen, eta apaiza aurrez aurre mahairen beste aldean.

        —Zer duzu besterik, orai? galdetu dio eliz-gizonak.

        —Ez; besterik ezer. Bataioa...

        —Ezin dut; entzun duzu.

        —Ezin? Nahi ez duzulako. Ur xorta baten joan etorria ez da hainbesteko lana... (begi keinu eta imintzio gordinarekin esan ditu azken hitzak).

        —Ez noski; lana bezala, bataiatzea ez da lan haundia. Hori besterik ez balitz?

        —Aizu! Fededuna naiz; horregatik nator zuregana (larruzkoa izan nahi zuen diru zorro batetik zerbait atera eta luzatu dio, eliz-baimen guzien giltzarria izan balu bezain jabe. Paulo seigarren Aita Santua eta Atenagoras besarkatu zireneko irudia zen).

        —Eta horrekin zer esan nahi didazu?

        —Sinestea badudala.

        —Ez dizut nik ukatzen. Beharbada nik baino gehiago, Jainkoaren aurrean. Eta zer gehiago?

        Apaizaren erantzunak itxaropen berria eman dio; harek baino fede gehiago izan lezakeela jakitea ez zaio gaizki iduritu. Hauxe da bere katexima guzien kontu emateko garaia:

        —Goizetan Adan ta Eba-ri beti egiten diot otoitz.

        —Adan ta Ebari esan duzu?

        —Bai, bai; jainko maiteari...

        Berek herriz herri daramaten jostagarria datorkit gogora. Hartzak hil dira, ximinorik ez dute; ahuntza baizik ez zaie gelditzen, eta hura zahartua; eskilera labur batzuk igotzen besterik es daki gaixoak. Baina, komediantak dira. Jostagarrian baino komedia gehiago badute beren bizian. Ez die apaizak Adan ta Ebaz ezer esan.

        —Hain kristau jatorra zeranez Jainkozaletasuna erakutsiko diezu seme alabei?

        —Bai noski!!

        —Kristau ikasgaien berri badakien galdetu dio mutikoari.

        —Ez! Ez dakit zer den... erantzun du haurrak aitari begiratu sakon bat egin ondorean.

        —Oso txikia da! esan du aitak. Bestea izan balitz! Zaharrenak dena badaki.

        —Otoitzean jakinen duzu! Ia «Gure Aita» badakizun?

        —Ez; ez dut ikasi.

        Nunbaiteko hizkuntza arrotzean zerbait esan dio aitak. Ez dakit haurrak ulertu ote dion; ez zuen iduri. Gero apaizari:

        —Geure hizkuntzan badaki.

        —Adan ta Ebarena?

        —Hori bera!!

        Mihiaz bezala jakintzaz jantzia balitz! Zinezko komedianta.

        Seme txikiarekin ez zaizkio gauzak berak nahi bezala atera, eta ongi gelditzeko gogoa erakusten du.

        Seme zaharrenarekin ditu orai kontuak:

        —Nahiago nuen hemen egon balitz! Apaiz ikasten egona da...

        Apaizgai zure semea?

        —Bai. Eta lanbide hortan oso aurreraturik zegoen. Jainko gaietan trebea da.

        —Nun eskolatu zen?

        —Mutriku-n. Badakizu nun dagon? Apaiz sail bat bada han eta nere semea beti haiekin zebilen. Denetarik egiten zien, eta ongi! Ez geuria delako baina, asko balio du.

        —Meza ematen zuen?

        —Ia, ia, bai.

        —Eta hitzaldirik?

        —Haiek lagunduz.

        —Idazten ere badaki?

        —Nik uste baietz.

        —Zenbat urte ditu?

        —Hamazazpi. Ahaleginak egin zizkioten han geldiarazten.

        —Eta ez zen gelditu?

        —Nola! Guk ere jan behar, badakizu? Bera. da gure tropan soinularia, eta hori gabe ezin...

        —Eta seme apaiza zeurekin izanez neragana zatoz haurra bataiatzera? Ez behintzat inori esan.

        —Apaiza, apaiza... —erantzun dio orduan, zer esan ez dakienaren irri maltzurrarekin—; baina, helduko zen jarraitu balu.

        Urarekin ez du ezer atera, apaizari ordu bat osoa galarazi ondorean. Lehenbiziko aldiz lotsaren antzeko zerbait senditzen hasia da eta ez daki harira nola joan. Azkenean biderik motzena hartu du:

        —Laguntzaren bat emango bazenit! Gaurkoarekin zortzigarren eguna bada, inola gure teatro txikia egiteko biderik izan ez duguna.

        —Hemen bezain gaizki eginez ez zaizu katurik ere joango.

        Gaurkorik ez zaio eliz-artzainari inoiz gertatu. Berez husturik bezala egon da gizon arrotzari entzuten. Hain gauza harrigarriak ateratzen zizkion! Bi aldiz eraman ditu eskuak burura, bakarrik gelditu delarik. «Ez da gauazko ametsa izan —zion bere baitan—, esnaturik nago; eta neke saparen erredura izateko ere, goiza da.» Danbolin, zaldabai eta kriskitin guziak ixilduak dira karrikan. Bezperako gizona bakarrik du gogoan.

        Barregura ematen dio, alde batetik; baino, irri egiteko kemenik gabe gelditu da. Hautsia. Jarralkia ta bera lurrarekin dardaratu, eta, leze baten aho zuloan sostengurik gabe bezala, bere jakintza guzien orma zabalak batbatean lurrera etorri dira. Hutsaren labe mutua ikusi du gizonaren barnean.

        Entzundakoak erreberrituaz, nolabeiteko jainkozaletasuna aitortzen zuen bere hortz makalak erakutsita: goizeko otoitza, Paulo seigarrenaren argazkia, ilobaren bataioa. Ogibide bezala?

        Hori bai; gauza jakingarria agertu dio apaizari ahuntz zaharraren nagusi beltzak: Adan ta Ebaren sinesmena. Hitz hutsak, beharbada, haren ahoan; baina, komediaz betetako gizon baten egia. Bere biziko urak, harri ta malkor guzien kontra jotariko gizasemea, lehenbiziko Adan zenaren mailan gelditu da baztartua. Bigarren Adan eta gizon berriaren argirik ez du bihotzean. Gaua da, ilargiz asetako gizonaren ariman.

 

aurrekoa hurrengoa