www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ekaitza
Josemari Satrustegi
1973

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ekaitza, J.M. Satrustegi. Jakin, 1973.

 

 

aurrekoa hurrengoa

        Ezteiak dira Udargi-n. Bera ez zela inoiz ezkonduko esan zuen, behin eta berriz, Borda-berriko Iolik. Nahiago omen zuen, batez beste, edozein gizakirekin lo eginez bizi. Txikitan ikasitako seigarren agindua farregarri zitzaion. Seksu lokarriak sartu omen dizkigute gorputzean; haragi atseginen zapalketan hazi omen gaituzte. Bizia, bizitzeko dela esan ohi zuen Iolik; berak ez zuen ezkontzeko asmorik.

        Apaizarengana izana da, halare, Elizaz ezkondu nahian:

        —Harritzen naiz zurekin, erantzun dio eliz-gizonak. Ez al zenuen zuk eliza aspaldi utzia?

        —Utzia edo... dena dela. Ez dit ezer esaten elizak.

        —Eta zergatik, orduan, Sakramentu bila?

        —Beste biderik ez eta...

        —Bide asko da munduan: askatasun osoko bideak, baso baztarra...

        —Gaurkotz ez da aski hori; Estruktura zapalgarriak, gurasoak eta legea kentzen ez diren bitartean Jainkoa aitortu behar.

        —Elizan ezer egiterik ez duzu! Jainkoa guretzat beste zerbait da. Herriko etxean, behar bada...

        —Bataiatua naiz.

        —...eta Aitaren etxetik irrutira joana.

        Aurpegi hitsa zuen gaur hauzoko Iolik. Lau bost ilabetez haurdun gertatua dela zioten mihi gaiztoek; lehenago ezkondu beharra, gehienen eritzian. Berari axola haundia dionik ez dirudi. Aita amak erabat lur jota dabiltz eta lotsa bizian anaiak. Ez zuen ezkondu nahi.

        —Zertako ekarri ote nuen mundura! zion herriko artzaiari neskaren amak. Hutsa da beretako bakarrik galdua balu lotsa; denoi galduaraziko digu azkenean.

        —Euskal Herriko alaba! Nork esan!!! erantzun dio apaizak.

        Ez berehalakoan baina, hortaratu denean pozik. Ezkondu zazu behingoan, eta Jainkoak lagun dakiola.

        —Maialen; ez da hori. Kristau zeranez ongi dakizu zuk Sakramentuak fededunentzat ezik, ez direla ezer. Jainko gauzak lohitzen eta zapaltzen baizik ez gabiltz. Jainkoagatik! Ezin dut egin.

        —Otoi! Ez da halakorik inoiz entzun Udargin!

        —Beharbada, ez da azkenekoa izango.

        —Eta guri gertatu behar!

        —Zuri ez baino, berari. Jainkozaletasuna ta sinestea nor beraren gauza da. Duenak badaki eta ez duenari, utzi. Bakoitzaren sentimenduak errespetatzen ikasi beharra dugu.

        Negarrari eman dio ama gaixoak. Zertako ekarri ote nuen nik mundura! Bihotz gabeko alaba! Apaizak zer erantzun ez daki.

        —Jendea elizara bildu beharrean, sakabanatzen ez ote zabiltzaten apaizok!

        —Gogorra da zuk diozuna, Maialen. Ez zara zu halakoa; ama-minak esanarazten dizu, nunbait.

        —Ez dakizu zer den ama izatea. Ama izan denak bakarrik daki ama baten berri.

        —Ama horren antzeko da gizonentzat eliza.

        —Ez du gaur asko iduri.

        —Ez al duzu, ama bezala, zure alaba inoiz gogor hartu?

        —Gaurko gazte hauekin ezin du guraso batek nahi duenik egin.

        —Ez da, orduan, beste biderik berek nahi dutena egiten utzi baizik. Hortan nago ni.

        —Begitan hartu gaituzu eta ez da besterik. Dirudunak izan ba gina! Ez zen, ez, hori gertatuko!

        —Barkatu, Maialen. Ez dakizu zer esaten duzun. Ez dut hortan errurik. Nik ez baino, zure alabak du bere bidea aukeratu.

        Hizbide haundiak dabiltz azken aldi hontan herrian. Ioli gaizki dabilela uste dute batzuek; besteok ere izan gara gazte hainbeste arrokeria gabe. Lagun txarrek kalte haundia egin omen diote. Apaizaren aurka atera dira beste zenbait. Ez omen da hori etxetan bakea sortzeko biderik hoberena, ez ardi galduaren bila joateko modua. Arin hutsak omen dira oraiko apaizak; nun da garai bateko apaizen errespetoa!

        Herriko artzainaren etxetik ateratzean aldi txar bat izan du Maialen nahigabetuak. Bere etxeko ezkaratzean zabal zabala erori da. Sendagilea lasterka deitu ondoan zainena izan dela esan du.

        Zainendako eztigarria emanik lo gelditu da eria. Apaizarengana jo du gero sendagileak

        —Paper txarra da zuretzat, esan dio adiskide bezala eliz gizonari; eta ez nuke hauzi hontan sartu nahi. Sendagile naizenez Maialenen berri emango dizut bakarrik. Bihotzetik gaizki zebilen eta oraiko hontatik joan liteke. Oso barne hartua du alabaren trastukeria.

        —Ez zuen zergatik harturik. Alabaren jokabideak ez du inun gurasoen bizia kutsatzen.

        —Hotz hotzean begiratuz arrazoi duzu. Baina, giza mailan bihotza ere hor da. Ama!

        —Aitak zer dio?

        —Ez du hitzik esaten; ixilik dago. Bildur naiz ondore txarra ekarriko duen. Askoz hobe litzake norbaitekin hustutzen joango balitz.

        —Berez zentzuduna eta ixila da. Amak baino hobeki ulertuko du.

        —...edo ez. Burua husturik bezala ezertaz konturatzen ez dela dabil gizajoa. Beren indarrentzat haundiegia erori zaie. Sineste arineko batzuk izan balira ere... Baina, nor eta hoiek!

        —Eta zuk zer egin zenezake?

        —Sendagile naiz, zure egitekoa da bestea.

        Kezkatsu gelditu da D. Babil. Ustez argi dago beretzat Ioliren jokabidea; Jainko bidetik alde egina du, utz bitzaio here bidez ibiltzen. Ez zuen Kristok inor indarka hartu ta ereman: norbaitek nahi badu... Zalantzarik gabe, garbi ikusia.. Beste aldetik, berriz, gurasoen osasuna eta bizia arriskuan. Zer egin?

        Zorabioak etortzen zaizkiola-ta biharamonean ez da jeiki Maialen. Jateari erabat utzi dio eta ahultzen joango da. Hogei ta lau orduz ez da haren ahoan urik ere sartu. Apaizak badu beretako hainbat. Gau santu guzian ez du begirik itxi eta gotzaiarengana joateko erabakia hartua du.

        —Neskarena ikusirik dago, erantzun dio apezpikuak. Gurasoendako izan litzakeen ondore txarrak ditugu aztertu behar.

        —Edozein gauza gerta liteke han...

        —Elizaz eskontzea eskatu al dizu neskak?

        —Eskatzez, eskatu du.

        —Baina.., berean delarik!

        —Noski.

        —Lege aldetik ezin zenuke ezkondu; baina, ez da hau lege kontua. Araudi guzien gainetik dago artzain eta aita bezala dugun eginkizuna. Sakramentuak dira gizonentzat, ez gizona sakramentuentzat. Gehiegizko hestutasunez baino esku zabalez errudun gertatzea nahiago dut munduan. Geuretzat gure kontu hartze hestuenak.

        Ioli ta Iurgi-ren ezteiak ziren gaur Udargin. Ezer gutxi esan daiteke gertakizun hontaz.         Beti bezala egin dute dena; Jauna hartu ta guzti. Dardara latzak eragin dio D. Babil jatorrari; Ioli berriz, lasai. Gazte jende asko bazkarian eta zarata haundia. Ozpin garratxaren bixia bazela diote, halare, han egon direnek. Herriko apaizak ez du joan nahi izan.

 

aurrekoa hurrengoa