www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ekaitza
Josemari Satrustegi
1973

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ekaitza, J.M. Satrustegi. Jakin, 1973.

 

 

aurrekoa hurrengoa

        Azaroak lertxunak eta elurra berekin ditu. Duela zortzi egun ikusia dugu lehenibiziko elurra Euskal Herriko mendietan. Ez da berandu, zioen artzainak; baina eskubidea badu. Ongi izatekotan, hiru aldiz ikusi behar omen da elurra Santu-guzien egunerako; bestela negu txarra. Aspaldi hontan inork ez daki zer den hoberena, negu ona hala gogorra. Garai bateko elurteak eta izotzak Joan dira, baina San Pedroak arte ez du jasotzen denbora. Eta gero ere, bero gutxi.

        Aurtengo urtea aurrera dijoa eta hiriko gizonaren manetofoi haria ez dut betea. Gauza horren kezka badut. Baina, zergatik kezkatu? Nik bilatu gabe sartu zidan lanbidearekin zer ikusi haundirik bai al dut? Ez ta bai. Hartu nion eta nolabait beteko dut.

        Domisantu eguna ez da lehengoa. Bezperatik prestatzen ziren Udargi-n elizako saskitxoak. Zumezkoak ziren eta beren neurriko ohol batekin berdindurik ezartzen zituzten argiak. Batzuetan bi saskitxo erematen zituzten: gizonaren aldeko hilendako bat, eta andrearen alderdikoentzat bestea. Meza nagusira etxe guziak ogia ala opila eramaten zuten eta meza onderean haurrei banatzen zieten. Denek opila nahi.

        Bi bezpera aldia egiten zen atsaldean: Domisantuena lehenik eta Animen egunekoa gero. Lau ezkilekin jotzen zen, banan banaka, hilen deia. Argi piztuekin egoten ziren meza laguntzaileak koruko atari aurrean. Azkenean sekulako erresponso aldia.

        Sukaldean egoten zen gau hartan saskitxoa eta ilun ezkila jotzean piztuta egiten zen otoitza. Aita-amak bizi baziren, hauen gurasoen argiak piztutzen zituzten. Gero, haiek utzi ta aita-amen alde. Senideek eta beste etxekoek ere bazuten argia.

        —Zer da zuretzat argia? galdetu diot adina haundiko emakume bail

        —Fedea, erantzun dit. Argia elizara eramatea fedea zen.

        Elizak bere elizkizunetan eman dion kristau erantzun jatorra. Gizonaren kezka eta nahigabe guziak argitzen dituen kriseilua bezala eman ohi da sinestea. Kristo da mundura datorren gizonaren argia (Jn. 1, 9). Argi piztuaren bidez adierazten du elizak bataioko bizi berria; eta larunbat Sanduko elizkizunetan argia da oinarri. Hori ote da bakarrik? Sakristau zaharraren alaba da bera.

        —Aldameneko Mari gaxo dago eta ikustera joan natzaio. Sandu guzien eguna du gogoan:

        —Garai bateko argi-punta ta elizkizunak! esan du. Etxeko hil guzien argia eta bat gehiago pizten nuen nik beti: bizkorrenarendako izaten zen.

        —Eta nor zen bizkorren hori? galdetu diot.

        —Laguntzailerik ez dutenetan lehenbiziko baliatzen zena.

        —Eta zertarako du animak argia?

        —Biderako. Hemen bezala bere bidea egiten omen dute hildakoak eta beltza izango da argi gabekoen ibilera... Domisantu egunean purgatorioko anima guziak kanpoan ibiltzen zirela esaten ziguten aurrekoek. Iluntzean beren argi ederrekin joaten zirela. Gau batez, norbait bidez heldu ta argidunak erretiratzen ikusi. Denen atzetik, ez argi ta ez mundu, omen zetorren haietako bat.

        —Argirik gabe nola habil hi? galdetu zion.

        —Hik eman bahu argiarekin joango ninduan, erantzun omen zion. Bere emaztea zen bidera atera zitzaiona. Senarra hil izan balitz lehenik, ez zitzaion argirik faltatuko. Hortarako emakumea.

        Beste munduan behar izaten den argia oso sartua dute zaharrek. Ilunbetari bildurra diote. Kriseilua itzaltzean otoitz antzeko zerbait esaten zuten: Emaiguzu, Juana, bizien eta hilen argia. Nagusia hil bezain laster erlategira joaten ziren berria ematen. Urte hartan argizari gehiago egingo zuten erleek; eta berria eman ez baliete hil egingo ziren.

        Atsaldeko elizkizun luze haietan erdi lo-eta, berdin lo zurrungan, ikusten zen jendea. Gona estamainazko ilunak eramaten zituzten burutik emakumeak. Ezin zen aurpegia ikusi. jantzi hori galdu da; gazteek ez dute halakorik nahi:

        —Tristura ta nahigabe beltza sartzen zidan animen egunak, aitortu zidan emakume ezkondu berri batek. Alde batetik hil-ezkilak dinbi, danba; eta bestetik andreak negarrez. Ni behintzat egun hori etortzeko bildurrak egoten nintzen; zama haundi bat bezala zen neretzat...

        Errespontso luze haietan joaten zitzaien Domisantuko atsaldea. Eliz estola ematen zien ezpainetara apaizak eta aldi bakoitzeko laukoa botatzen zioten sonbelan. Errekordia (Ne recorderis) sueldoa izaten zen, eta bakoitzak eskatu behar zuen. Etxe bakoitzak bere hilobia badu elizan eta haren gainean egin ohi zer otoitza.

        Ilun nabarrean ezkila jotzean etxekoandre bakoitzak bere argiak piztutzen zituen. Etxetik kanpo gertatzen zen emakumeak laster aldi bat egin behar izaten zuen. Sukaldean egoten zen saskitxoa.

        Animen egunean goizik hasten ziren elizkizunak. Seietan jotzen zen meza eta ordurako han zeuden, eliz-atarian, emakumeak. Lehenbiziko argia piztutzen zuenak purgatoriotik anima bat ateratzen zuela uste zuten. Egia ta fedea zen hori haientzat.

        Askitxo gauza bildu dut atsalde hontan; baina, demontrearen hari hau luzea da. Herburu aldera jo dut eta, hantxe, azkeneko etxean emakume adinekoa atera zait.

        —Zer! Hemengo aldi?

        —Hala! esan diot. Hitz aspertu baten ondorean harira eraman dut solasa:

        —Beteko ez den eskaintzarik ez omen da egin behar; hala erakutsi zidaten txikitan. Nere amari gertatu zitzaion orai esango dudana. Gauaz leihoan hotsak entzuten, eta ez jakin zerena izan zitekeen Kox, kox, kox, jotzen zioten kanpotik eta bera bildurrez hilik. Atera zen noizbait eta, uso bat.

        —Zer nahi dun? galdetu zoin amak.

        —Meza bat nere izenean agintzea. Bizi zelarik hitzemandako zorra. Basa eliza batean ere usoa agertzen omen da. Han hil zen norbaiten anima dela uste du jendeak. Arramaio zahar batean estaltzen omen da, inork ez ikusteko.

        Nafarroako herri askotan haurrak ere egiten zuten animen alde otoitza. Jendeari dirua eskatzen joaten ziren kalez kale eta, gero, elizan sartu-atera bat egin «Gure Aita» esanez. Auñamendi aldeko herrietan galdu berri da oraindik. Santuen eguneko izparringiak hain zuzen ere, harri haietako haurren esaerak jasotzen ditu. Oraintxe etorri da neregana. Hona hemen idazleak eman digun bilduma jakingarria:

        Duela hogei ta bost urte galdua da Zugarramurdin. Orduko apaizak eragotzi omen zuen Behauzu Aita Gurei (behar duzu Aita Gurerik), galdetzen omen zuten haurrek.

        Mai baten Aitaguria errein dut? (Amaiurren). «Mai» hitza, mahadi izeneko diru xehearen laburpena da. Berdin erabiltzen zuten Azpilikueta eta Erratzun ere.

        Beste batzutan ez da dirurik aipatzen. Naizu Aita Gure bat?, Urdazubi-ko haurren eskaintza. Arizkun eta Donamarian eskua luzatu eta Mattuttine errain dut? (Arizkunen) eta Xilmo, xalmo, bigarrenean.

        Elizondo, Elbetea eta Oieregi-ko haurrek matua eskatzen dute. Berdin, mattua eta matxua. Lehen esandako hitz beretik dator; mahadittoa besterik ez da mattoa. Emakumeei eskatzeko izea (izeba) erabiltzen zen Iruriten: Izea maitua. Gizonendako, osaba. Arraioz-ko esaerak laburpen gehiago badu: Ixo mattuat (Izeba mahaditto bat); bai gizon nola emakueentzat, gauza bera Ziga-n.

        Oronoz-Mugaireko apaizari iranjak (naranjak) eramaten zizkioten errespontso denboran emakumeek. Gero haurrei banatzen omen zizkien eliz-atarian. Ordurako ibiliak ziren Maittu, maittu, diru biltzen.

        Ituren: Ittungo haurrak marabitto esatean, marabeditxo hitzetik gertuago daude. Dirua eman aurretik belauniko jarriarazten omen zuten haurra. Marabittu, Oltz-en; Gaixoa marabittu, Sunbillan; Marabitxo bat, Zubietan eta, Maraittu Elgorriaga-n. Donezteben hitz berdina erabili obi zuten, Marauttu, marauttu, aldakuntza txiki batekin.

        Lesaka-ko Berentxi, eta Almandoz-ko Mixi birikua beste kanta bat da.

        Iruñeko diazkiak ez du ezer esan Luzaide-ko obituraz eta, handik lau bost egunera, manetofoia bizkarrean, Ibañeta aldera noa. Berandutu zait etxetik atera orduko eta Auritzen nintzen eguerdiz. Ostatu onik bada eta bertan gelditu naiz bazkaltzen. Ehiztarien bat edo beste, azken usoen atzetik etorria. Herria txukun eta hotz, beti bezala. Ortzanzurieta aldean elurra. Negu sarrera.

        Domisaindukari ohitura berexirik baden galdetu diot ostatuko etxekoandre gazteari. Ezetz erantzun dit; berak ez duela ezagutu. Edari on batekin etorri da gero berek eskaintzen didatela esanez. Amatxi xabarra sukalde inguruan eta zerbait jakin lezake. Mahai txiki pare bat baizik ez zegoen gelatxoan sartu naute. Basurde buru iluna paretan, hortz zorrotzak agiri. Pertz ori eta pitxer zaharrak nunahi, apaingarri. Egote oneko gela. Ez banu hainbeste presa...

        Besotik ekarri dute amatxi xaharra. Abegorri polita egin dit sartzean.

        —Zer galdu duzu alderdi hontan? Ehiztari bihurtu al zara?

        —Ele-xaharren ehiztari ni, beti bezala, erantzun diot.

        —Bai, erran dit alabak. Dominene izeneko ohitura bazen Auritzen; aspaldi galdua da. Eskolako haunditxoenak Domisainduko bezpera ondoan, elizaren erdian bildu eta, norbait joaten bazitzaien otoitzean aritzen ziren.

        —Eliza barnean?

        —Bai, bai; apaiza bezala.

        —Euskeraz, erderaz ala latinez egiten zuten.

        —Latin edo dena dela, liburuan ikasten zutena.

        Dominene hitza, besterik gabe, latinetik dator: «Domine, ne in furore tuo arguas me.» Auriz-ko gazteak erdi apaiz genituen. Astirik ez dut eta gertaera jakingarri zonbaiti itzulia emanik joan naiz Orreaga aldera. Auñamendiko lorea, betiko zoragarri; Euskal Herriko Ama polit. Otoitz labur bat eta Ibañeta gora.

        Ez da polit arranoz mintzatzea. Ez dira usoak. Eta hoiek ere Jainkoak eginak. Txirriskin-go zuloan ikusi ditugu, gertu, harrika hiltzeko moduan. Ibañetako portua jeistean, dela erbi ala azori ikusi ohi da bidean. Sekula ez bezala, arranoak genituen oraikoan; eta ez bat edo bi; hamasei, hamazazpi. Gelditurik egondu gara begira. Ez nuen uste hain haundiak zirela; haundi bezain itsusi. Janak ziren eta beren hegal luze haiekin lurra jotzen zutela, ezin ziren hegaldatu. Ardi beltzak izan balira bezala joan dira, lerro lerroan, bide medarra gora. Malda bideko haitz tontor batera igo eta hasi dira jasotzen.

        Luzaiden edozeinek badaki animen eguneko berri. Duela une gutxi galtzen utziak dira zenbait ohitura berexi. Hilen eguneko manteleta seriotasun eta arrespeto haundiko gauza izaten zen. Bizi dena, gutxiena uste den lekutik etorriko zen Animen egunerako —Omia Saindutako— herrira. Hilarriak apain eta garbi, etxeko beste gela bat iduri.

        Haurrak ere beren eguna zuten. De profundis sosa, zen haien leloa. Eta gehienek egiten zuten, diruaren ondotik, elizako, itzulia. Eskuaraz, hori bai, latin guziak erromatarrei utzita.

        Adiskide ikusten nenbilen eta gertakizun xahar bat etorri zait burura. Ez nekien galdegin ala utz.

        —Oroitzen zira hilarritako keiaz? galdetu diot amatxi xahar bati. Lehen berak errana zidan.

        —Zuk errazu! erantzun dit. Eta nahi nuen hura zer zen jakin! Ene familiako baten enterramenduan nintzen Ezterenzubin. Gorputzari lurra eman ondoan nun ikusten dudan gizon bat, paperra eskuan, hilarrira urbiltzen. Hauts miko bat bazuen barnean.

        Kurios nintzen zer egiten zuen jakiteko. Ezarri zuen paperra hilarri gainean eta su eman. Burrustan atera zuen garra; gero keia. Manteletadun bait nintzen ez nuen nere burua agertzera eman. Galdetu nuen, haatik, gero, zertako egin zuten. Keia zoin aldetara joaten zen ikusteko zela, erantzun zidaten. Keia joaten den aldetik etorriko omen da lehenbiziko hilaren kutxa.

        Ez zen itzulia alfer egina; abiatzen ahal nintzen etxera. Ez nuen, halare, Arnegi ikusi gabe etorri nahi. Gauza berriak badira beti beherean: orai, halare, sekula baino gehiago: aduana berria eta kamioi asko. Baina, Luzaide behera dijoa. Hiru eskoletatik bi itxiak; irakasle bat baizik ez da. Lantegitxoren bat beharko litzake gazteak bertan gelditzeko.

        Arnegi-n aspaldiko ezagun batekin egondu naiz. Harreman asko izan genuen garai batez. Esku tartean zer daramadan galdetzean egia esan diot, eta baliatu zait. Hona bere hitzak:

        «Irisarri-n nintzen adiskide baten enterramendian. Hilarritatik itzultzean ez ninduten etxean sarzen utzi: behar zela lehenik suia egin. Jende anitz bazen eta inguru haundi bat eginik suia piztu zuten etxe aintzinean. Zertako zen hori, galdegin nien nik. Hilaren anima, erran zaten, etxekoen ondotik etortzen da; eta itzul dadin handik eta ez dadin etxean sartu egiten dakogu borta aintzinean suia.»

        Euskal Herriaren jakintza ondo gabeko iturriak dituen putzu aberatsa da. Arrazoi zuen hiriko jakintsuak. Berak utzitako haria bigarren aldetik erdi betea da. Beste egun bateko lana. Neretako izan balitz baino gehiago poztu naiz. Lagunekin ongi gelditzea gauza haundia da. Ez du dirurik ematen; baina, gehiago balio duen adiskidantza indartzen.

        Etxerakoan, iluna genuen bide erdian. Ezertarako atsalde gutxi dago. Herriska batean «Txutxo» gizajoaren antzeko txakurra ikusi dut. Ez; ez zatekeen hura. Harek ez zuen naguserik eta, etxe polit baten aurrean etzanik zegoen hau. Gizajotarako jaioa ez inoiz hortatik aterako.

 

aurrekoa hurrengoa