www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ekaitza
Josemari Satrustegi
1973

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ekaitza, J.M. Satrustegi. Jakin, 1973.

 

 

aurrekoa hurrengoa

        Denbora berritako lasterka eta ezin egon guziak baztartu ez dituzten gauzak badira bizian. Piper poto eta untzi zaharrekin jeiki dira, argitu orduko, Udargiko haurrak. Zulo txiki batzuk egin zolatik eta lorraki luzea ezartzen diote goiko ertzean. San Joan bezpera da ta atsaldean sua eramateko prestatzen ari dira, ihaz bezala, eta zaharrenak diotenez, herrian beti ezagutu den eran. San Joan festaren ikurrina sua da.

        Ilun nabarrean hasten dira ezkilak jotzen elizan eta gauerdi arte ariko dira. Mutilak berak astintzen dituzte, gauza haundia bezala, San Joanen poza adierazi nahi duten burnizko mihiak. Txiki eta haundi, anken gainean egoteko on den guziak egiten du gau hontan suaren legea. Eta haur txikiak ere bai, amaren altzoan.

        Eskolako mutil koskorrendako luzeegia da egun guziko epea, eta bazkaldu orduko hasten dira pototan sua biltzen. Garai bateko ubal-harria bezala dute besoarekin itzulikatzen. Sua ez hiltzeko, noski. Beste batzuk basora joanak izango dira egurra eske.

        Ihazko belar bedeinkatuekin piztu du edozein amatxik lehenbiziko sua. Frango argi da oraindik, eta arto jorratik denbora baino lehen heldu dira, ezkilengatik, gizonak etxerak Nunbait sakristauak ez du guk hainbat lan arto jorran, esan du nagusi zaharrak. Ongi bete dugu eguna, erantzun dio ilobak. —Bai; bazen gehiagorendako tare. —Bai, noski mutil ona! Gu joan-da ere beti izango da lana.

        Amonen sua, su txikia izaten da; belar bedeinkatuena. Arrisku gutxiko gauza. Beren neurrikoa. Baina, ez du utziko bizi den bitartean; besterik ezin badu, gona luzearen ertza pasatuko du, anka punta agiri duela, suaren gainean. Hiru aldiz bera, eta beste hiruz iloba txikia. Inguruko jendeak, halare, ez dio gauzak nahi bezala egiten uzten. Beste atari batzutara joan delarik jendea, ondar pindarrekin trebe da bera, eta orduantxe dizkio sarna guzien kontrako kemenak biltzen, erdi hila den suari. San Joan gaua, gau haundia eta indarrez betia.

        Mutilen suak belar gutxi eta egur asko izaten du. Lanik aski ibiltzen dute aurreko egunetan sugaia biltzen. Gurdi zahar eta alki baldar, berdin mahai eta oheak elkarren gaineka metatzen dira, ihaz baino gutxiago behintzat ez izan nahian. Garraren muga, inguruko etxe teilatutan dago. Keiarena, zeruan; baina hori ez da kondatzen. Garrak du balio.

        Suaren haundien haundienean han sartzea da koxka. Egur meta erortzen hasi arte ezin da gaintik jauzi egin: goregi. Gero ere, garrak estaltzen du gizona eta aho zabalik gelditzen dira, une batez, begiraleak. Behin baino gehiagotan gertatu da aurrez aurre bi, mutilek suaren erdian elkar jotzea ere: bekain ertza ideki bat gora behera erredurak du orduan lanik haundiena ematen. Norbaitek bizia galdu duenik ez dut inoiz entzuna.

        Azken une hauetan, kamioi zaharren txirrika gomak erretzen hasia da jendea. Zahar berritzeko sua balin bazen uda sarrerakoa, ez da gaizki goma zaharrak erretzea. Belartegitako ondar zaharrak, eta oraiko goma azalak, bi garaitako errebusak ohitura beraren iraupenean. Argi baino ilundura gehiago banatzen du erremendu hoien salda egoskorrak. Beltza zelakoan gaua, beltzaren itzala dirudi zerua jotzen duen kedar abeak. Zer gauza itsusia!

        Harri txabal bat ezartzen zuten gure aurreko zaharrek su hilaren gainean, eta han, aizturrak eta orraxia. Biharamonean San Juanen buruko txumeak egon ohi omen ziren, txoriak pika mukian bezala arrapatuak. Burnizko hariz borobildutako koroi osoa jaso lezake gaur, txirrika beltzen arima ikustera joan nahi duenak. Aurreramenduak. Makurrena, nunbaiteko emakume baten elizako liburuan ezin sartua izango litzake. Ez da, beraz, elizkoia. Deabrurena ote?

        Iruzkiaren erregetza da uda denbora; eguna luze bere itzulia geldiki, patxadan, ematen joateko. Beroa dakar, edo ekarri beharko luke behintzat, iruzkiarekin udak; eta beroarekin uzta. Ondasun guzien iturri izan da antzinako gizonarentzat iruzkia. Ekaineko festak egin izan zaizkio urteko egunik luzeenetan; eta neguko ekialdean, berritzera dijoan urte berriari, ongi etorria. Gertakizun hontatik du San Joan egunak bere iturria.

        Suak garrantzi haundia zuen antzinako denboretan eta festa buru gehienetan erabili ohi zen. Grezia aldean su bizkor batekin ospatzen zen ardantzetako Bako-ren jaia. Lastargiekin ateratzen ziren erromatarrak uztako garien festan. Zeres, ama nahigabetatuaren oroigarritzat zeukaten, alaba Proserpinaren bilan erreak bai zituen harek bereak. Palas-en jaialditan hiru jauzi egin ohi zuten agotzarekin egindako suaren gainean. Servio Tulio, Erromako agintari nagusiak, Italiako hiritan ereintza aroan jai egun bat egitea agindua zuen, eta agotz metarekin sua egin behar zuten.

        Ez dakigu San Joan sua noiztik datorkion Euskal Herriari. Oso zaharra izan liteke, eta berdin erromatarrek ekarria. Baina, gau erdiko suen ohitura bazen aspaldi gure artean. Estrabon eta beste historigile batzuk diotenez, ilargi egunetan inguratzen ziren gauaz dantzatzera. Udaberriko ilargi berrian izan zitekeen, berez; eta berdin ekaineko jai buruan.

        Erromatarrak, gainera, sua elizan sartua zuten. Hiltzen utzi gabe iraunarazteko, Vesta-ren aldare aurrean esate baterako, zuriz jantzitako neskatxa gazteak baziren. Ohore haundikotzat zeukaten eginkizun han. Agintaritzaren iraupena adierazten zuen, Vesta-ren elizan beti pizturik zegoen garrak.

        Gauzen iturrira joko bagenu, askoz zaharrago den beste ohitura baten ondorea baizik ez dela esan beharko genuke, erromatarrena. Herrialde askotako joera izan da, arbasoen oroigarri bezala, etxean beti argia pizturik eukitzea. Hildakoen argi, eta familia guziaren lokarri. Heriotzak ez zuen irensten arima. Gorputz hautsian ez zegokoena, sularda inguruan uste zuten. Etxea, bizitegi eta eliza izan ohi zen. Lanbideagatik, ala biziak eraginda etxetik alde egin behar izaten zuen gazteak, pizturik zeraman berekin sort-etxeko sua. Bere odoleko bizien eta hilen batasun iraunkorrean sartua eta txertatua zegoelako agiria zen.

        San Joan bezperako suari gorputzeko gaitzak sendatzeko indar berexia omen dario. Ezkabia, hatza eta larru azaleko gaitzak, sarna fuera esatean lekutuak dira.

        Sua garbitzale da. Kabalak bordaz aldatu aurretik, pertz ala beste edozein untzitan sua hartuta, hutsik egon den barneari itzulia ematen saio. Berdin, gero, kanpoko paretei. Gaitz, mamutza eta sorginkeria guzietatik garbitzen omen du suak. Oilarrak ordua baino lehen jotzen badu, sorginak etxe inguruan dabiltzelako omen da eta, hiru gatz bikor suari botatzera jeiki behar. Horrek hausten omen du sorginkeria. Sagu bat erori den bakoitzean suan pasatu ta jartzen da artea; bestela ez dira joaten saguak. Artaldetik otsoa lekutzeko sua bezalakorik ez dela diote artzainek; azkonarrak eta basurdeak kalterik ez egiteko ere sua piztu ohi dute arto alorretan nekazariek.

        Belar gaizto ta ekaitz beltzak kentzeko ere balio du, nunbait suak. San Joan bezperako ilitiak sutan hartuta, lau bost aldetara botatzen zituzten baserritarrak ezagutu ditut; soro ala larre bakoitzari berea. Gauerdi garaian elkarrekin inguratuta, beste egitekorik gabe joaten ziren euren garitara emakumeak: orai artean belar ta hemendik aurrera gari! jakinarazten zioten burutzeko zegoen gari alorrari. San Joan gaueko miraria.

        Su printzak hauts azpian gordetzen ditu amatxi xaharrak, ez dadin hil gauaz, eta ez heda. Bestela, nola erre bat-bateko sorginen gatz bikorrak! Etxearen arima sua omen da...

        Suaren gauzetan beroturik zebilen nere burua, esneketariaren burrunba senditzean. Nun da otsoa, ta azkonarra? Nun, San Joan bezperako ezkilak? Zer egin da mutilen garra haundiko sua? Ohe gainean nago, estalki guziak lurrean. Haize hegoa dabil kanpoan. Ametsetan berritu dut, noizbait entzundako guzia. Goizeko seiak.

        Nere haurtzaroan etxean ezagututakoak nituen bagien aurrean: beti pizturik egoten zen purgatorioko animen argia, erdiraino urez betetako edontzi kristalezkoan. Paperezko sugaia olioaren gainean, itsas untzi bat bezain gauza ikusgarria izaten zen neretzat. Neguan, batez ere, eulitxak erortzen ziren hegoak erreta. Ikutzen hasten nintzen orduko hila zen errekeitua. Onaren aurpegiarekin amatxo, esaten nion, hila da Jesusitoren argia. Zure anaia txikiaren lana izango da, esaten zidan berak. Gero, lan guziak utzi eta piztu egiten zuen berak. Amatxo hiltzean galdu zen gure etxean argia pizturik eukitzeko ohitura. Txiki denborako Jesusen Bihotzaren gela ikusten nuen gaur ametsetan. Errainuarekin dantzan zebiltzen mahai eta alki guzien egurrak; batzutan erdi hila, argi oriz betetzen zuen noiznahi barnea.

        Leihora atera naiz eta animarik ez zen kanpoan. Esneketariarengana etorri direnen mintzoak ixilduak. «Txutxo» esne arrasto batzuk lurrean milikatzen. Auto hotsa irrutian. Egun berria.

        Aspaldiko urtetan ez da maatz arbolarik ezartzen herrian. Gau bateko lana berekin zuen txara menditik lorrean ekartzeak. Idi pare hoberenak behar izaten ziren-eta, zortzi hamar txintxarriko larru uztaiak jazten zizkieten, lepoan. Bidean galtzen zueri azala eta legun leguna gelditzen zen egurra. Katagorria bezain biguina izan behar zuen goraino igo nahi zuena.

        Garai bateko lizarrak ere galdu dira. Etxe inguru guziak betetzen ziren hostajez, eta irak botatzen lurrean. Urteko festarik alaiena bezala jotzen zuten San Joan eguna. Senargaien kontu zen maitearen etxe aurrea jaztea; eta neskatxa askoren loa, urteko arinena. Leiho zirritu gehienak begiz josiak izaten ziren goiz aldera. Gero, egunaz, esames haundiak baztarretan, Maitale askoren lehenbiziko agerpena. Hori ere, abantxu galdua.

        Elorri txuria ozpingarri ta oinaztura guzien babesgarri bezala ezartzen dute etxetan. Iruzkia atera aurretik bildu behar izaten da eta, goizean goiz, josi atal buruan. Egurrezko gurutze txikiak ere ikusten dira bordetan. Berdinn laurel-orri bedeinkatu eta iruzki belarrak.

        Hobekienik gorde zaiguna, belar onen bedeinkazioa da. Elizkizunarengatik izan liteke. Gaitz askoren sendagarri, goiko ganbaran edo egatz azpian egoten dira urte guzian. Behien erro-sagar mina, nahiz txerrien gernu-oinazea dela, San Joan belarrak egosten dira. Eta besterik ez bada, bigarren urtean sua pizteko erabiltzen.

        Urteko egunik luzeena dela-ta, hau esaten da gure herrian: etxe guzitan ahuntzak baziren garai batez. Ahuntzak gastu gutxi du eta laguntza ona. Gose asko arindu du ahuntzak munduan. Goizeko zazpitan eramaten zituen ahuntzainak basora eta ilun nabarrean ekarri.

        San Joan eguna seinale, iturri ondoan inguratu omen ziren, oso goizik, emakume bi. Ari dira biak gestora hizketan eta, halako batez: «Tuuuu!!!», ahuntzainaren deia.

        —Oi! Eta nik ahuntzak deizteko...

        Ahal zuen bezala, tarrapatan, ahuntz hoiek prestatu ditu eta badaramazki lasterka herritik aurrera:

        —Eee! Zuuu! Ahuntzaina! !, garrasika. Espeatzeko! Banihuala!

        Azkenean entzun dio. Pixka bat egon eta hartu dizkio ahuntzak.

        Berriz iturri ondoan, beste emakume batekin topo. Hasi dira, hasi, hizketan, eta gustora ari ere, ezin sinesturikako zorion goxoan.

        Ordua joan eta ordua etorri, iruzkia gain behera eta, biak han goizean bezain fresko kalakan. Noizbait, konortatuz bezala:

        —Neska! Ahuntzak heldu ditun! esaten dio batek besteari.

        —Hago ixilik! Atsaldeko zazpiak ote ditun! Bai, eta... ahuntzak!

        —Adizan: gaurkoa joan dun, baina eguna luzeren luzeena den garaian egin behar dinagu beste bat halakoa.

 

aurrekoa hurrengoa