www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ekaitza
Josemari Satrustegi
1973

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ekaitza, J.M. Satrustegi. Jakin, 1973.

 

 

aurrekoa hurrengoa

        Gaua. Argazki tresnaz betea da gela. Hiru ziren kanpotik etorritako jaunak; eta hiruak hiru, bai larruz eta gantzaz. Gizon alai eta atsegina, zaharrena. Zorionekoa —zion berak— mendi alde hauetan bizi daikena. Bere buru soila orrazten San Pedrok baino lan gehiago ez zuken. Ikusten denez, ez du kalparrak egiten gizona: beste bien buru agertzen da.

        Oraiko gazte, artist entzeko, erromesak iduri zuten besteak. Garai bateko fraile bizar kuzkurrez jantzia baten aurpegia. Bizkarra beteko txume molkotsa zuen bigarrenak gainean. Ipar aize finak aurpegira ekartzen zion, jostetan bezala, herriko neska mutilen barregura eta irria zerbait bazen baztarretan.

        Hari mordo batekin dabil bizarduna. Bospasei mailako eskileran igorik txumaduna. Beltxarana hura; hau berriz gorri antza. Zuzendaria gurekin mahaian gaztaia jaten ari da.

        —Zer adierazten du ohitura honek? —galdetu du.

        —Ez dakigu, ba! erantzun dio Urbasa mendiko artzain izanak. Guk beti hala ezagutu dugu, eta hala jarraitu. Zergatik? Nork daki!! Auskolo noizkoa izango den.

        —Nola nahi dela —esan diet nik—, ur horrek une berriarekin zer ikusia izango du. Zertako, bestela, hamabiak jotzeko puntuan hartu? Egunez ere iturria hantxe egongo zen, ur eske joateko...

        —Itzuli asko eman izan dizkiot nik gauza horri, esan du beste batek. Uda ta negu atertu gabe darion iturria eta gizonaren egunak ez al dira, itzultzerik gabeko joaneran, elkarri iduriak?

        —Izan litekeena, dio artzainak. Itxura badu. Ur horren harian ikusiko zuten garai bateko gizonek, beren bizian ixil ixila dijoan denbora.

        Lehenbiziko galdera egin duenak ez du gehiago hitzik atera. Iritziak jaso, eta berea ez eman. Izan ere, hortarako etorri da gure herrira.

        —Gaizki ulertu ez badut, hiru gauza ditugu hemen jasotzekoak —esan du zuzendariak—: agintarien mahaia, mutilen lasterketa eta uraren eskaintza. Lehenbizikoa bar genezake gaur eta beste biak biharko utz. Zer derizkiozue?

        —Zuk dakizu horren berri...; agindu.

        Itsutzeko argi biziak piztu ditu, bat batean, bizardunak.

        —Bagara? —galdetu du nagusiak.

        —Nahi duzularik, erantzun dio gazte beltxaranak argiak hil; eta. Ez genion ordu arte hitz bat entzuna. Estreinekoa.

        Txumaduna gerrirainoko oihal ilun batekin estalita dago eskilera gainean. Bere lana hastera dijoa.

        —Gu ez bageunde bezala, elkarrekin hizketan ari zuek —esan digu nagusiak—; jan eta edan burua itzuli gabe. Gero, nik leihoa jotzean alkitatik mugitu eta mutilen bidera ateratzen hasi.

        —Cámara!

        Argi zuriz bete da berriz gela zaharra. Zer den ere, argi gutxiagorekin hobeki bilatzen zuen eskuak ahoko bidea. Ez genekien zertaz hitzegin, mihian lokarriak izan bagenitu bezala.

        —Zuek lasai! dio gure gizonak. Eta gero:

        —Hasi!!!

        Erloju txiki bat ezkerreko eskuan eta txumadunaren tresna tik-tik-tik presaka antzean, ez da beste zentzajerik gela hartan. Ezkerretik eskubira biratu du lehenik txoria ateratzen deneko leihotxoa. Eraztun bati itzulia eman dio gero, bakoitzaren sudurra gertutik ateratzeko...

        —Aski —agindu du nagusiak erlojutxoari begira. Gelaren beste txoko batetik hartu behar genuke mahaitik mugitzea. Tresna azpira heldu zaizkizu bestela.

        Hitzik erantzun gabe baztartu da txumaduna. Argiak hilak ditu bitartean besteak, eta neurriak hartzen lagundu dio. Hamaikak dira.

        —Laster bukatuko dugu gaurkoa.

        —Ez da neke haundiko lana, erantzun diogu.

        Azkeneko aldiz argia piztu duten garaian, zuzendariaren esanera alkitatik mugitu eta gelatik atera egin gara denok.

        —Gure kontu gainerakoa, esan du berak. Gauza batzuk moztea etorriko zaigu; komeni dena utzi ta bestea kendu.

        Eskerrik asko zuen laguntzagatik.

        Ez zuten oztopo haundirik izan; berez da lana oso urria eta luzea. Larunbata zen eta biharamonean lanera joaterik ez. Pozik zeuden gure gizonak.

        Herritarrak begira geunden bitartean puska guziak bildu zituzten beste hiruak. Gezurra dirudi zenbat gauza behar izaten duten.

        —Zer edo zer utzi al genezake hemen?

        —Bai, bai, bildurrik gabe; ez du inork ikutuko.

        Aldameneko herrian: daude ostatuz, eta badijoaz. «Mercedes» haundia, etorri baino arinago joan da puska gehienak hemen utzita.

 

aurrekoa hurrengoa