www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ekaitza
Josemari Satrustegi
1973

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ekaitza, J.M. Satrustegi. Jakin, 1973.

 

 

aurrekoa hurrengoa

        Udargi-n deiak euskeraz egiten ditu herriko-mutilak. Aspaldiko ohitura zaharra, hiru tutu aldirekin adierazten da agintarien oharra; arrain saltzale eta galdutako gauzen berri, birekin. Behin baino gehiagotan manetofoian hartzeko eskatua didate. Irrutian hirukoa entzun eta, Madrileko gizonaz oroitu naiz. Gure etxe ingurura etorri orduko prest-presta nuen nere erremendua. Geldi, astiro, ohean daudenei leihora ateratzeko denbora ematen duela, soinu-adarraren hiru deiak lehenik. Goizeko bederatziak:

 

        Beko-basuen txerri gaitza dagola! Hogei ta lau ordu baino lehen azienda guzia erretiratzeko eta txakurrei etxetik ateratzen ez uzteko. Agindu hau betetzen ez duenari gerta laikenaren kontu eskatuko zaiola!!!

 

        Txerri hazitzeari eman dio, azken urte hauetan, jendeak. Beiak baino Jan gutxiago du eta irabazbide hobea. Arriskua ere, ez hain haundia. Soldata batetik bizi denarentzat laguntza ona da txerriak dakarrena. Gaurko erabakiak itzal beltza sartuko du baztarretan.

        Gehienek beren etxetan dauzkate txerritegiak eta bi ilabetetan saldu ohi dituzte. Hori da dirurik garbiena. Hortik aurrera gastu haundia dute egunen. Basora botatzen dituztenak hiru lau famili baizik ez dira; baina, denendako itxiko da orai plaza. Aztopo haundia.

        Biramonean, jatzi txuriekin ikusi ditut gizonak. Auto itxi batekin joan etorrika dabiltz? Berrogei buru jo dute etxe batean, eta erre. Gehiago galdu duena ere izan behar du herrian. Urteko irabazia pikutan.

        Ondoko egunetan ez da beste berri txarrik entzun. Goiz eguerdi guziz botikekin zuritutako urez mainatzen dute hildako txerrien etxe ingurua. Ankatakotan zabaldu omen liteke izurra. Afrikako txerri gaitza esaten zaio; baina, aurte behintzat ez da Afrikatik etorri; gertuago dira gaitzaren iturriak. Denek badakite eta urtero berritzen da. Gauzak.

        Gaitza nundik datorren jakinik, aurrez kentzea ez ote zen hobe? Saguak eta azeriak ere lotuko al dituzte? Eta euliak zer? «Txutxo-ren» bat edo beste bada, jaberik gabe, munduan; nun lotu eta nork erantzun egin dezaketen kalteaz?

        Hain zuzen, bidez bide jeisten ikusi nuen askaturik zebilen txakur bakarra: «Txutxo» nere adiskidea. Ez nekien, baso guzia beretako zuelako pozik zegoen, ala ez. Bere lagun guziak baino hobeki zegoela iduritzen zitzaidan, barne askotako txakur negarrak entzun eta.Legez kanpo bizitzeak ere, noizean behin, bere alderdi ona ba du, esan nuen nerkilako. Zuhaitz ondo, belar eta bideko auto guzien txirrikak usaituz zijoan. Harrituta bezala, ez zuen bururik itzultzen: zahar gazte guzien arraztina galdua. Txakurrik ez herrian.

        Lurra gorriturik eta harria jana zen bideberri ondora ailegatu ta, burua sartzeko moduko zuloak ikustean, haruntz dijoa. Kamioien pozoin urak egina. Usaitu ta, urrats bieko jauzia egin du atzeraka. Sudurrak minberatu dizkio. Ez da halako txakur usainik munduan; gizon zikinen gauzak, dio berak.

        Bertantxe zegoen STOP baten burnizko tentekari, esaten ez den gauza bat eginik, asarre antzean sartu da bideberri baztarreko erreka zuloan. Delako usain txarra han ere. Zer debrukeria da! Nungo urde ustelak ote du hain gernu bizia? Ez nuke berarekin etzan nahi...

        Bideberria pasatzea arrisku haundiko gauza da; atertu gabe datoz autoak. Bi edo hirutan abiatu ondorean, azkenean joan da. Ez du lehenbiziko aldia; kotxe txikiei bildur gehiago die kamioi haundiei baino, eta hori biziak erakutsi dio. Nik uste hotsetik antza ematen dion. Irrutixeago zetorren kamioiak nahiko denbora utziagatik burrunba itsusiko marruma atera du. «Txutxo» ikaratu egin da eta lasterrari eman. Gaizki aurreratu nahi zion norbaitendako zela uste dut.

        Alde batetik lagunik ez, eta gibela murtxikatzen duen usain bizia aski ez dela, bideberria eta fabrikak. Ez da txerri gaitza ta lepoko soka beharrik lokarritan sartzeko bizia; nahiko sartua da.

        Beheko basorra joaten hasi da. Txerri gaitza badela esango nion; tiroz botako dutela... Hala bizi baino hobe lukeela hilik, erantzungo zidan bildurrez, utzi egin diot joaten. Haritz azpi gehienak autoz eta, kolore guzitako oihal-txabolez beteak dira. Bidez bide jo du berak; bide baztarreko belar ertzetik. Bi neska mutil datozkio, aurrez aurre, gerritik harturik. Elkarri begiratuta, aingeru irriño batekin itxi ditu begiak neskak, maitasun hutsezko musuaren epela ezpainetan hartzen duela. Garai batez estali egiten ziren muxarrak bezala, pentsatu du txakurrak. Eta azkenean zer? Ez al da amodioa jainkoen janaria! Pixka bat geldirik egon ondorean, burua apaldu eta baztartu egin da txakurra. Ez du muga gabeko zeru garbian itzala izan nahi. Gazteak ez dira konturatu ere.

        Irak lerden datoz elorri txurien inguruan. Zoragarri da basoari kima guzitatik datorkion bizi berriaren aberastasun ugaria. Berde da pagadia eta, berde samin, behereko gaztain ta harizdia. Bere hezurren jabe ez dela dabilen txakurrak, halako itzal luze bat darama belar guzien gainean arrastaka; bakardadea. Zeruko ihintza dario, bere barnean, maitale bien irudi baketsuak. Usapalak datozkio gogora. Beretako ez bada ere, poztu egin da zorion izpiren bat bazela ikustean.

        Artalde baten joale hotsak. Ez du iduri oso urruti dagoenik. Burua jaso eta adi-belarri gelditu da Txutxo. Ez du ezer ikusi, bainan sumatu bai zerbait. Txakur bat ikusi du gero, aspaldiko partez. Bere biziko poza hartu du.

        Txutxok ez dakiena, zer lagun ospetsua duen hura! Artzain txakur txapelketan buru gelditua. «Txiki», anaia balu bezala maite du bere nagusi gazteak. Egunkariak asko goratu zuten txakurraren lana. Argazki ederrik ere eman zuten, ahoa zabalik, bere nagusiaren anketan jarririk.

        Urrutira dute elkar ikusi. Begiratu bana bota eta gelditu dira. Oraikoz ezin!, iduri esan diola ardiekin dabilenak. Izan ere, lana badu orai: bidetik baztartu behar du artaldea. Gero, beharbada...

        Udargin basoa saldua da eta egun hauetan ateratzen ari dira. Kamioi ori haundiak dabiltz egurketan. Bide ona dute ta ez dira beti geldi ibiltzen. 'Txiki' ahalegindu da bere lana ongi egiten; baztartu du bidetik artaldea eta, dudan gelditu da lagunarengana joan ala ez joan. Azkenean, erabaki du; bainan berandu. Abiada bizian zetorren kamioiak lehertu du.

        Buztanari eraginez deia egiten zion Txutxok eta ez zuen halakorik uste. Zaparretatik aurrera joan da negarrez. Lagunaren odolak hortzak erretzen dizkio dardara bizian. Zertako hotsegin ote dion, galdetzen dio bere buruari. Berriz ere bakarrik basoan.

        Itsu mutura sartu da baso barnean eta, ia muturrez jo du haur txiki bati baztartu zaion pilota arina.

        —Aita, aita! esan du haurrak. Txakurra!

        Gurasoak ikaratu egin dira haren itxura txarra ikustean, eta ez joateko agindu diote. Itzuli egin da «Txutxo» baina, esan ezin duen zerbait ikusi du haur txikiaren begitan. Ez da ikaratu aita amak bezala eta begira-begira gelditu da. Pilota utzi eta joaten hasi ere bai.

        —Atoz, atoz; ez joan! esan dio aitak. Gaiztoa da eta hozka egingo dizu.

        Bihotz ondoko txarra sartu dio «Txutxori» aitaren esanak. Txikiari bildurra sartzeagatik esan duela badaki; eta halare ezin du irentsi. Berak ez dio inori kalterik egin. Bakarrik gelditu bada munduan, hortan ez du hobenik.

        Haurtxoa pilota hartzera itzuli da lehenik, eta gero:

        —Aitatxo; gosea daukalako egiten al du hozka?

        —Goseak amurraturik dago.

        —Jatera eman behar diot, orduan! erantzun dio txikiak.

        —Ez da gurea; eman dezaiola nagusiak. Hortarako dauka.

        —Neri nahigabe haundia ematen dit eta ogia eman behar diot.

        —Entzuten duzu, Iasone? Bihotz oneko seme bat...

        —Arrazoi du mutikoak. Zortzi eguneko gosea gainean darama.

        Txakurraren barnea kilika gorrian jarri da, ahoan ura egiten hasi zaio eta buztana ezin daukake geldirik. Aspaldiko partez zertxoren bat janen du... haurrari esker.

        Txorizo azal, ahurraren bi zerrendaño ikutu gabe, ogi zuri gozoa eta bazkal aurreko beste hondarrak eman dizkiote paper puska batean inguratuta.

        —Aita, begira zoin gustora jaten duen!

        Hala, hondarrak garbitzen lan gutxiago...

        Hezur asko eman diote gero. Gorkak ez du behar duenik jan; beti txakurrar begira egon da. Ixilean, ahora ereman beharrean. «Txutxo-rendako» zituen haragi puska hoberenak.

        Haurra, esan dio amak; jan ala irentsi egin duzu okela? Bizkarrari eragin dio berak. Amak zer aurpegi jartzen zion ikusteko, burua jaso egin du txakurrak. Buztanari eragin, eta jaten jarraitu du. Bada jende onik munduan, pentsatu du gure «Txutxok».

        Bazkal ondoan lo kuluxka egin du nagusiak. Ama ontziak gerbitzen ari zen bitartean txakurrarekin jostetan hasi da Gorka:

        Nik pilota botako diat, esaten zion haurrak; eta hik gelditu, portero bahintz bezala.

        Bi besoak batean jasota bultzatzen zuen «Txutxok» pilota. Irrutira eramaten zion eta berriz itzultzen.

        —Hala ez! esaten Zion txikiak. Hi bakarrik jostatzen haiz eta ni batere ez! Biok ibili behar diagu...

        Nekatu ta jarri egin da Gorka. Ora ez diat ibili nahi; jostatu hadi bakarrik... nahi balin baduk.

        Pilota utzi eta mutikoarengana dator txakurra. Elkarren ondoan daude biak aspaldiko adiskide izan balira bezala. Ankatxoak milikatzen dizkio «Txutxok» eta, azkenean, jarri egin da haurrari begira.

        —Aitak esan du gaiztoa zarela, dio begiekin Gorka txikiak; hozka egiten duzula eta ez kasorik egiteko.

        —Zure aitak ez nau ezagutzen; nor naizen ere ez daki. Nola esan lezake hori?

        —Hori bera esaten dut nik. Ez; zuk ez duzu hain gaiztoa iduri. Lagunak izan behar dugu biok.

        Pozaren pozez, txakurrak zer egin ez daki. Luze luzea etzan eta burua mutikoaren ankatxotan bota du, atzaparrekin eskuak hartzen dizkiola. Haurrak bere eskutxoak luzatu ta bildu egiten dizkio, «ezetz harrapatu» esanez bezala.

        —Haurra nun dugu? galdetu du aitak esnatu denean. Lagunarekin dagoela ez esateagatik.

        —Atoz eta ikusi —erantzun dio emazteak—. ...eta zuk utzi!

        —Beste horrenbeste poza eman dion jostailurik ez diogu, zuk eta nik, inoiz ekarri.

        —Gaitzen bat harrapa lezake eta hil.

        —Beste haur batzuk ere txakurrekin jostatzen dira eta, horrengatik behintzat ez dira hiltzen.

        —Zertako dugu hori? Oraiko txakur eder hoietako bat izan balitz... Zoaz nungo artzain-txakurren kasta izango den!

        —Aukera ezinik ibili bagina ere, hori esateko! Bera etorri da eta hor duzu haurrarekin lagun. Kentzekotan, zuk kendu...

        —Edozein txaboletan biak artzain jarriko ditugu. Hoberena izango da.

        —Artzain txakurren artean hazia naiz, eta inoiz zure atzetik ibili gabe, zinen zu gure atzetik abiatu. Gure mendietako txakurrez lotsatzekotan, orduan behar zinen lotsatu.

        —Txakur zahar bat gora behera haserratu behar ote dugu.

        —Txakurra esatean beste zerbaitetan ikutzen nauzu...

        —Barkatu. Goazen uretara.

        Igarika-lekua hesiz itxia da. Irrutitik ikusi ditu Txutxok hiruak sartzen. Ijili-ajala dago jendea barnean. Mutil batzuk pilotari ostikoka; neska gehienak etzanik, gerria ageri dutela iruzkitan. Oso gutxi da orai emakumeak lotsaz inori estaltzen diona. Baina, hor bakoitzaren gauza da. Denbora berrien aurpegi laztana.

        «Txutxo» ez da lehengoa. Maitasun izpi baten ikutua darama bihotzean. Semeak —zorioneko haurren garbitasuna—, hozkaren bildurrik gabe eman dio jatera. Amak ez du gaizki ikusi haurtxoarekin jostatzen; asko da etxe batean amaren babesa. Aita ez da gure mendi zabaletako iruzki lorea. Dirua badu; baina, bere langileen haurrekin ez kutsatzeko, lagunik gabe uzten du bere seme bakarra. Asperturik bizi da, dagoneko, bere urrezko kaiolan. Mendira joan eta, inoren lokarri gabeko artzain txakurrez gustatu da. Zergaitik den ez daki, txikia da ta; gustatu dela, bakarrik.

        Hesiari itzulia ematen hasi da txakurra, muturra nun sarturik ba ote zuen ikusteko; eta nahi ez zuena ikusi du. Baso barnean. Ioli eta Iurgi. Neska behintzat, ama onaren alaba.

        Auto gorri eder baten atzetik joan da, gero, «Txutxo» gizajoa. Gizonaren ankak gogor zapaltzen zuen, barre antzean, indar guzien eztena, eta oso atzean gelditu da txakurra. Txerri gaitza dela bide, etxean loturik egon dira jai atsaldean bere lagunak. Herriko mutilak nahi duena esango du; baina, Beheko-basoa polita data, askatasuna hobea.

 

aurrekoa hurrengoa