www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ekaitza
Josemari Satrustegi
1973

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ekaitza, J.M. Satrustegi. Jakin, 1973.

 

 

aurrekoa hurrengoa

        Goiztegi latza sortu da gaur Udargi-n. Denbora luzean ez aztutzeko modukoa. Goizeko ordu bietatik hiruak arte hortan kamioi biek jo dute elkar. Burnizko maitaleen musu ixilean itsasiak, han daude biak hautsirik. Gidari baten alderdia arrapatuago da bestearena baino. Nork daki han gertatua!

        Hots haundiko muturrekoa izan da. Inguruko etxetatik erdi jantzian dator jendea; leiho zirritutik begira daude beste asko. Han hemenka atari kirrinkak eta jende mintzoa. Bietan bat, burnizko barrikadun erremendua, ura dariola dago. Sudurrak erretzen dituen usai bizia zabaltzen hasia da; acido, dio kamioiak. Ez da beraz ardoa... Gidaria bi eskuekin mototsak hartu eta ezin-egon larrian ikusten da:

        —Hots egin goardiei, mesedez! Jeikiarazi inguruko etxetako jende guziak! Pozoina da! esan du azkenean.

        —Pozoina... pozoina... pozoina..., errepikatu dute ilunpean aho guziak; eta gauak iretsi balitu bezala joan dira denak. Bakarrik gelditu da gizona.

        —Laguntza behar dut; ez nazazuela bakarrik utz! zion garrasiz esku itxiekin bere kamioiari joka. Ilargi gabeko gau garbia da; mila izarren begi txikiak zerutik keinuka. Gizonaren garrasiak beste testigurik ez du munduan. Lepraduna, baztartua, hautsia acido delako pertzaren iturri ondoan. Pozoinaren hitzak bildur gogorra sartu du herrian.

        Telefonoz, halare, laguntza eskatua zuen norbaitek eta bidetako goardia bi agertu dira. Txoferrarekin mintzatu ta telefonora joan dira lasterka:

        —azidoa dario eta arrisku haundian dago herria, adierazi dio besteren bati. Deitu su-hiltzaleak eta herien autoa. Stop.

        Kamioien ondoan ezin da egon. Zentzua kentzen du hango haize sapadak. Intzaren ikutuakin bezala bustia da gorputza.

        —Nun da beste gizona? gaidetu du bidezainak.

        Inork ez du erantzunik eman. Bi kamioi balin badira, gidariak ere bi behintzat beharko zuten izan. Itzal beltza sartu da orai gizonen barnean. Eta nola ez dira lehenago konturatu?

        Larruz jantzitako bidezainak begitaraino jetxi ditu kopetan zituen betaurreko haundiak. Eskua sudurretan duela eta bestean argia, ondoraino joan, eta barnea argitu du. Esnea bezain aurpegi zuri bat ikusi, eta argia hil egin du. Lehertu den kamioieko ura dario, par-par-par burutik behera.

        —Hor dago, esan dio lagunari. Hila da.

        —Pentsatzen nuen, erantzun du besteak.

        Arnasgailuak behar ziren han sartzeko. Pozoin uraren kiratsa baztar guzitara hedatzen dijoa:

        —Hustu lenbaitlen inguruko etxeak! Hori da egin dezakegun guzia, esan du goardiak. Haurra besoan duela atera da ama bat. Oihal zuritan kukutua du sortu berria. Ama gazte bat da; lehenbiziko haurra.

        —Zer egin behar dut?, zion berak; inora joateko ez nago...

        Etxe guzitan badira autoak eta hauzoko batek hartu du berean. Emagin etxera itzuliko ote zuten hitzegin ondorean, basoaldean bizi den adiskide batek eskaini dio ohea.

        Lauak elizako erlojuan. Burniz jantzitako gizonak, sularien autoan. Marruma haundirik gabe agertu dira, ez bai zen animarik bidean. Arnasgailuekin estalia dute aurpegia. Urez betea, berriz, beren kamioiaren sabela. Gertutik hasi dira lehenik ura botatzen. Harriak su hartu balute bezala, laino beltza piztu du urak eta estali gizonak. Sularien kamioieko argia ito egiten du lurrunak. Lanbide txarra.

        —Askatu lehenik ur pozointsuaren atzeko txorroa eta ustu dena, agindu du sularien buruak.

        —Kasu; esan du txoferrak. Bizia jokatzen duzue. Bada saetsean tutu luze bat handik beharko litzake ustu errekara. Arnasgailu bat uzten badidazue neronek lagunduko zaituztet.

        Dakienak daki gauza bakoitzaren berri, ota berak lagundu die ustutzen.

        Atertu gabe ura dario bitarten beste kamioiari. Sulariak ez dira ageri lainoan. Beren ura ustu orduko herriko iturriari lotua zioten urbidea. Indarrik aski ez bait zuen txorrokoak, sularien bonbak bultzatzen zien irrutira. Erlaino antzeko lanbro zurixkera zabaldua zen argi sentian, herri guzira.

        Bostak.

        —Hau luzeegi dijoa, dio bidezain larrudunak; erremendu hoiek elkarrengandik berexi beharrak daude nolabeit. Gizon baten gorputza hor dago barnean...

        —Hain haundiak izan ez balira.. erantzun dio sularien nagusiak.

        —Zuen deiarekin batean eskatua dugu jasaile (grua) bat. Hamar aldiz otortzeko denbora bazuen.

        —Eta Udargi-n ez ote da hau tiratu lezakeen tresnarik?

        —Ez du pottoko txarra izan behar, esan du kamioieko txoferrak, bizkarrari eragin eta beste aldera itzulia emanez. Azazkalik gabe gelditua da behatz muturrei hozkaka.

        —Gizon hori ezin dugu hor utzi, dio berriz ere norbaitek.

        —Eta zer egin? galdetu du suturik guardiak. Hori da gauza, moztu du sularien arduradunak.

        Ordu erdi baten buruan? agertu da jasaile edo grua. Esan daiken guzia eta gehiago entzun du mutilak.

        —Aizu!! Poliki, poliki! —erantzun dio berak goardiari—. Ni nere etxean bizi naiz, eta jasailea dagoen lekura joan egin behar da. Ni ez nau, gau eta egun han egoteko ordaintzen nagusiak. Tresna pisuak dira, gainera, eta beren denbora behar bidean. Zergatik ez daukazue zeurok bat eskura? (multak sartzeko luma izan balitz ez zinaten guregana etorriko, dio hitzerdika, erre mindurik).

        Iruñeko jasailearen lana motza izan da: arnasgailua jantzi, gorputza zegoen kamioia atzetik hartu eta bide puska batean baztartu. Burni ta kristal parrasta erori da lurrera.

        Zaurituen autoko argi oria piztuta, marruma mehe luzearekin belarriak lehertu nahian urbildu da kamioi hautsiaren ondora. Negarrari emango zion haurrik egon balitz inguruan. Latza da tutu horren bihotz ondoko inarrosia.

        Zuriz jantzitako gizon bi atera dira eta zerraldoa ondoan dutela kamioi hautsian sartu nahi izan dute sudurra. Ataria ezin zen ireki. Jasailearen burnizko lokarriekin tiratu eta, barnean ez zen gizonik. Ezurrak ere urtuak zituen pozoin urak elurra bezala. Txapela, zimurturik, jarralkiaren atzean; ziliportak ez ikutu, nunbait. Larru eta oihalezko azal guziak ere janak, burni gordinak agerian. Zorigaiztoko ura, ez da errekeitu ona.

        Gaxozainen lana egina da. Nornahi dela ere, etxekoek ez dute berriz ikusten lanik izanen. Gizonak bere eskuz egindako tresnak, egilez jabetzen dira batzutan. Lehen ere baziren mandoen ostikoak; baina burnizko potoko hauen muturrekoak ez dira hobeak.

        Herri guzian jakin da lurrunak irentsi duen gizonaren berria. Etxe guzitan badira beribillak; kotxea esan ohi du jendeak. Goizeko zortziak baino lehentxago, ez dagoen baten itzala ikusi nahian bezala, geldi geldi joaten ikusi ditugu Udargi-ko gizonak lanera. Eta gizon bat urtu litekeela surik gabeko lurrun hotzean!

        Mila arima ez duen herri txiki bateko hainbeste beribil pasatzen ikusi ta gogakaizturik gelditu naiz. Askok ez dute lanerako auto beharrik; lana emateko baizik. Herrian dute gehienek lana, eta ez da bide luzea etxetik lantegira. Baina, hori gabe ezin dira bizi; zerbait falta zaie bizian. Zonbaitzuendako beribilla da giza mailaren neurria. Lau urtez hiru auto aldatu duen langilea ezagutzen dut; eta besteren etxean errentan bizi da. Gazte jendeak ez du etxe berria egiten hasteko dirurik eskuan. Beribilla asmatu zuenak ez zuen inoiz buruan paastuko, etxea baino beharrezkoago gerta zekiokeenik gizonari bere tresna. Hasieran zaharra erosten zen; orai apaltasuna da berria ez erostea. Eta txikiaren ondotik haundiagoa. Bizi guziko irabazien putzua.

        Ongi begiratuz, haurtzarotik atera ez den herri baten joera motza ikusten da jokabide hontan Duela berrogei ta hamar urte nekaritzatik bizi zen erriko jendea. Oletako langile bakarrak oinez joaten ziren, zortzi hamar kilometroan zegoen lantegira. Oso aberatsak bakarrik zuten orduan beribilla. Beren izen eta haundikeria guziekin aipatzen dira, orai bertan ere, lehenbiziko autoak Nafarroan erosi zituzten gizonak. Aho zabalik gelditzen zen herriko jendea erremendu haiei begira.

        Bi txirrikako ahuntza den bizikeleta sartu zen lehenik Udargin. Eta zorionekoa erosi zezakeana. Indar haundia hartu zuen; herri txikienetan ere bazen tresna ahul honen errementaria. Ongi joan zitzaien une batzuetan. Goma erre bat izaten zen orduan, eta baztarretik arrailtzen zen azala, errotaren inguru guzian. Gutxi irauten zuten eta asko zulatzen. Berriz hasia da, adar haundiagoekin, erdi hila zen tresna honen hazia ugaritzen.

        Ankekin lagundu beharrik ez zuen zaldioa etorri zen gero. Baziren errota txikiko motorrak eta haundiak, gure herriko gazte guzien amesgarri. Etxe gehienetan bazen. Hamar-hamabi urteko erregetza izan da motorrena herritan. Hasieran zaharrarekin balin bada ere, lau zangoren gainean ibili nahi du gizonak. Goi maila., Inguruko aberatsek egazki bana ekartzen ez duten bitartean, beren abiona alegia, beribilla izango da herri xehearen helburua. Txikiak, ordea, haundia eskatzen du; eta igazkoak, azken atera berria. Hori da saltzaileak erein nahi duen kezka, eta sosa iresteko gose amorratua duen zizare-soka.

        Bitartean, bideak ez dira hainbeste autorendako eginak. Goizeko ordubiak, beste alde garai txarra da festatik etortzeko, eta dantza-gelatik zetozen kaskarinen auto txikia ez zapaltzeagatik jo dute gaur, aurrez-aurre, bi kamioiek. Festa, dantza ta bizi nahia; astelehena, pozoin lurruna, heriotza... goizeko ordu bietan elkarrekin oztopoka.

        Hori bai; axaletik gauzak ikusita, Udargi-n auto asko da eta oso onak. Etxe faltan, zeru sapai izardunak. Uda gozoa.

 

aurrekoa hurrengoa