www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ekaitza
Josemari Satrustegi
1973

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ekaitza, J.M. Satrustegi. Jakin, 1973.

 

 

aurrekoa hurrengoa

        Eguerdi. Uda aurreko bero samina eguteran. Nunbait dago Eguberritako egun hotzen giroa. Barnera sartu ta sukaldean gaude zuzendaria ta biok:

        —Entzun duzu gure gizonen sesioa?

        —Bai. Aho zabalik egona naiz entzuten. Ez da halako libururik munduan, erantzun dit jakintsuak.

        —Eritzi oso ezberdinak, ez da hala?

        —Bizia bera bezala. Bi aldetara urak ixurtzen dituen mendi gailurra. Aldakuntza sakon baten muga.

        —Gizon irekia artzaina...

        —Bai, sei urtetan mendira joana. Baina nekazariaren arrazoiak ere ez ziren makalak.

        —Duela berrogei ta hamar urte bezala nola biziko gara ba?

        —Ez da hori berak esan nahi zuena; orduan baino hobeki bizi dela aitortu du. Etxeak eta lurrak, bere aurrekoen lokarriak ematen dio min. Egia da artzainak ere bere ardiak utzi behar izan dituela; baina, ez du Urbasa mendian ezer galdu, ez zen berea. Txabola bera ere ezin du ez saldu eta ez erosi. Ardiak dituen bitartean baliatzeko eskubidea bakarrik ematen dio legeak. Artzainaren zainak ez dira nekazariarenak bezain sakonak. Artzaina arditatik bizi da; etxearendako ari da, berriz, nekazaria bere bizi guzian lanean.

        —Uste al duzu hortaraino heldu gintezkeen?

        —Nik bezalaxe entzun duzu. Beren bizimoduan sarturik zaude eta gerta liteke oihanak ingurua ikusten ez uztea; baina garbi aski adierazi digute.

        —Eta berek konturatzen al dira?

        —Ez gu konturatzen garen bezala; baina, senditu bai. Barne-minez mintzo zen gizona. Min hori zertatik zetorren argitzea ez da beren egitekoa. Gaizki batek barnean darama gaitzaren borroka, baina sendagilea da nundik datorren esan behar duena. Hori da bere egitekoa.

        —Eta, orduan, hainbeste garrantzi du Euskal Herrian etxeak?

        —Ezin ukatua. Begien aurrean ikusi duguna jaso nahi ez duenak ikus beza gure paper zaharrek diotena. Etxea seme batentzat utzi izan da, ez zatitzeko adieraziaz. Eta etxaldea puskatzen duten ondorengoendako madarikazio garratzak ere ikasi izan ditugu.

        —Hori besterik ez baduzu zorpean etxea saldu ondorean berriz eskuratzeko Ameriketara joan diren semeak ezagutzen ditut; eta bai itzuli eta aita amen etxez jabetu ere.

        —Artzaina berriz, neguan bazketara dijoa eta han artaldearendako bizibide hobea arkitzen badu, ez zaio bertan gelditzen ajola haundirik: Hori ere ikusten da gure herrian.

        —Eta nekazari eta artzain direnak, zer?

        —Ikusi behar zoin jokabidek duen garrantzi haundiena. Lehenik nekazari balin bada eta, bitartean ardi batzuen jabe, etxeari itsasirik biziko da eta nekazari balitz bezala da. Bestela, artzaitako emazu.

        —Herri-jakintza, beraz, ez da sasi-jakintza?

        —Ez, herri-jakintza ez da bigarren mailako jakinduria. Herri baten izaera, jatorria, gizonak bere joan-etorri guziekin, mendez mende idatzitako liburu jakingarria dugu. Bere hizkuntza berexia badu. Gure ohitura, pentsabide eta giza-mailan daramagun guziari esaten dogu herri-jakintza. Odolean datorkigu.

        —Herri bezala hartzen badugu eta odolean badator, gizonak ere berdintsu izan behar lukete...?

        —Ingurutik datorkion indarrak mugatzen du, batzutan, gizona; kanpotik barnerako joerak. Itsas gizona txalupari loturik biziko da, nekazaria lurrari bezala: lanbide ezberdinak, ura eta lehorra biak bi dira ta. Ez da berdin lur beroko ala elurtetako bizitza; ez eta ere mendialdea eta Herribera. Bestealde, norberaren ekinza barnetik kanporako indarka eta borroka besterik ez da dagoenez baliatu eta bizitzen joatea. Ehizatik bizi denak azeri eta erbien berri jakingo du; eta arrantzatik bere ogibidea duenek, atun eta legatzena. Denen bildumari esaten zaio herri-jakintza.

        —Hala esanik oso gauza erraza dirudi; baina, besterik dan egunoroko bizia...

        —Bizia, berez, aldakorra da haurtzarotik zahartzarora dijoan gizona bezala. Ez da askako ur geldia, eihara azpiko ur zurruta baizik. Denbora bakoitzak bere giro ta joer berexia badu, eta garaiko kutsuarekin ikusi behar da gizona.

        Berandutzen ari ta, nere laguna badijoa. Bildurra ematen du autoan sartzeak: bero zakarra. Txumaduna aurrean, bizardunak berriz atzean. Txoko guziak erremenduz bete ahala beteak.

        —Nola nahi dela —dio anka bat barnean duela nagusiak— gizon hauen arrazoibidea betiko Joan zaigun gizarte baten aztarka dela esan dezakegu. Hiritarrak arinago hartzen ditu gauzak eta presaka bizi da. Baserritarrak bere askatasun paregabean, galtzera dijoan zerbeit bezala ikusten ditu denbora berriak. Ez du nahi duena egiterik izango; etxaldearen itzala, aurrekoen babesa eta, bere nortasuna galdu ta, zer irabaziko duen ez jakin. Bere buruaren jabe izatetik, inor ezer ez den artalde batean galtzea...

        Bat batean, zerbait ahaztu izan ba litzaio bezala, zutitu egin da eta 'Mercedes' beltzaren atzera dijoa. Beste bi gazteak ere mugitu dira. Zorro zuri batetik halako zer bat atera ta:

        —Har zazu hau —esan dit—; zure magnetofoiaren neurriko zinta da. Bete mesedez neretzat. Gure aurrekoen jakintzarekin hausten goaz; mila une askotako lokarriak galduko dira. Arrazoi du baserritarrak: nortasuna ez da diruz neurtu laiken gauza. Jaso ahal duzuna.

        Zortzi-hamar urteko mutiko batzuk guri begira egon dira geldi geldi. Hezur ta larru besterik ez den txakur gizajo bat daramate, soka latz arrunt batekin lepotik hartuta. Haunditxo da.

        —Bazkaldu al duzue? galdegin diet.

        —Bai...

        —Noren txakurra da?

        —Geurea.

        —Eta nora eramaten duzue?

        —Hil egin behar dugu.

        —Zuek?

        —Bai.

        Ez gider eta ez munduko, noizbait labana izandako burni zaharra darama batek eskuan. Ezin du urik ere ebaki

        —Eta horrekin? esan diot nik.

        —Hombre!!! (Ikustekoa zen hitzari eman dion indarra).

        Begiak apal, haurtxo haien esanera dago gaixo txakurra, munduan adiskide bakarrak dituelako uste osoan.

        Artzain txakurra dirudi. Ardi gehiago izaten zen garaian bazuten izen ona eta lana. Esker on gutxi, noski orduan ere. Artzanoaren atzetik sartu zen Euskal Herrian axeri kastako txakur txiki urre antzekoa.Ernea ta bizia, gizon bat gehiago zen bere horrekin, lau artzain korrikan baino. Erribera aldetik ekarri omen zuten Urbasa mendira.

        Ezin dut burutik kendu, haur zar hoien joera dela-ta. Gustora kenduko nien eskutik. Artzain zaharrei entzun izan diedanez, axeri kutsu gehiago omen zuten hasieran, orai baino. Joera txarra ere bai. Odoltzale amurratua izanki, ez omen zuen iduri. Nagusiaren ardiak zainduko zituen eta beste nunbait haragia egin. Kalte haundiak egin ondoan konturatu ziren hortaz.

        Hara nola gertatu zen.Urbasa mendiz hego aldetil zurrun-burrun txarrak zetozen: bi buru gaur eta bestean hiru, artaldetan, makur haundiak gertatzen ari. Axeriren bat zela zioten nagusiek. Axeri hozkada txikia izan ohi da eta sarri sarria, emana. Orratzez bezala zulatzen du larrua eta sareturik uzten ardiari lepoa. Otsoak, berriz, indar haundiko letaginak ditu eta zarrata egiten dio.

        Goiz batez, argisenti aurretik ikusi dute egurketari batzuk Udargi-ko txakurra portu inguruan, hego aldetik etortzen. Bai nagusiak zer edo zer, entzun ere. Bainan, ezin zuen halakorik pentsatu. Txabola aurrean, berak utzitako lekuan harrapatzen zuen beti goizetan. Ken dezadan hori burutik, zion bere baitan; ezin duk hau izan!

        Bestetan baino lehenxeago igo da goiz batez, edo txabolan esnatu, berdin zait. Bildurrez badijoa, kanpora eta nun ikusten duen txakur kafia hutsik. Bere biziko zartada eman dio bihotzak. Badator, handik laster, txakurra eta burua uzkur, bildurtu egin da nagusia ikusten.

        —A bai! Hi haiz; Heure buruak salatzen hau. Jo buruan eta bota du. Ez omen handik aurrera hego aldean haragi konturik entzun.

        —Ez al dizue animalia honen minak zuen bihotz txikia ikutzen? esan diet nik mutiko koskor haiei.

        —Jaberik ez du, dio txikienak. Guregana etortzen da eta horren beharrik ez da gure etxean.

        —Aitak badaki?

        —Uzten digu...

        —Hozkaka hasiko zaizue eta orduan izango dira kontuak.

        —Bai; bainan, lotu egingo dugu...

        Barnea lazturik, onik gabe sartu naiz etxean. Txerria hiltzen ez ikusteagatik etxetik alde egin dut nik hauen adinean. Hontan ere bada gure denboratik aldaketa haundia. Eta zorioneko txoko baketsuan bizi ginela zion, halare, hiriko gizonak.

        —Ardi faltan kale dantzan dabiltz gure artzain txakurrak; laxoan. Fabrikan ez da hoientzat lanik atera, eta zaparrak hartua du bitartean mendiko bidea. Zer ondore datorkio gure txakurrari?

 

aurrekoa hurrengoa