www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ekaitza
Josemari Satrustegi
1973

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ekaitza, J.M. Satrustegi. Jakin, 1973.

 

 

aurrekoa hurrengoa

        Ikasle haunditxoen mintzoa zurrun burrun, goizeko zortzitan. Aldian behin, garraxiren bat edo beste, irrutian agertu den lagunari. Neskatxa guziak erderaz; mutilak, ez. Etsaminak.

        Ni ere bidez nijoa eta zortzitako autoa hartu behar berek bezala. Askotxo gara zai gaudenak. Seiren bat jende larri, eta gaztetxo saila beren liburu mordoekin.Hamalau-hamabost urteko oilandatxoak inguratu dira elgarrengana. Begizulo hits eta aurpegi luzeak; astelehena.

        —...Atzo zer? —galdetu diote txikienari.

        —Oso ongi, erantzun du. Gauza onak gutxi irauten.. .

        —Mutiko polita ematen din.

        —Esaten den guzia gutxi dun. Eta 'Pipas' zer?

        —Ja, ja, ja!!! entzun da bost ahotatik batera. Denok begira gelditu gatzaizkie. Ni gertu nengoen eta ez dut burua itzuli nahi izan. Elkarri begiratu ta, burua apalduz, ezpainak hestutu dituzte.

        —Si es más tonto que abundio, dio ixilka, batek.

        —Hala baino hobeki besarkatzen hinduen! Lokartu!!

        —Eta gosta gainetik kentzea! Hura asegarria...

        —Zer esan zinan muturrekoa ematean?

        —Dame otra, preciosa; me gusta.

        —Afaldu gabe, orduan, etxera?

        —Ez. Koxko-ren kontu hartu genunan kafesnea Ioar eta biok; eta gero, ordu bietan etxera.

        Lehenbiziko autoa zetorren eta banatu egin dira. Mintzatuko gaitun, zioten elkarri. Baina, autoak kale egin du. Kokahala betea zen.

        Hamabi urteko mutikoak aste guziko puskekin ez dira mugitu ere. Jakin, nunbait, lehebizikoak ez zituela hartzen. Txabola egiten dabiltza basoan, udan joateko.

        —Ikastaroa ongi ateratzen badiat bizikleta bat erosiko zidate etxean, dio batek.

        —Kanping egiteko oihalezko aterpea nahiago diat nik.

        —Nik, berriz, «fla-fla», txoriak hiltzeko eskopeta txikia...

        —...eta nik ere bai.

        Zortzi bederatzi badira eta besteak ixilkk daude. Ez dute, nunbait, halako itxaropen haundirik.Izan ere, bakoitzak daki bere berri eta familia batzuek badezakete, eta besteak ez. Haurrak hori oso barnean eramaten dute.

        Zortziak eta laurden. Bigarrenak ere ez zuen gure beharrik; lepahezurreraino beterik zetorren. Hiru ikasle haundienak ixil antzean daude. Hamazazpi urteko mutilak, eta Ikastetxe N gusian ari:

        —Ni ez nauk heltzen, dio batek. Bederatzitan ditiat etsaminak.

        —Zazpitakoan joan behar buen!

        —Lauetaraino liburuekin ibili nauk eta gero ez diat txirrina entzun.

        —Nun sartu hintzen atzo?

        —Etxe zuloan. Asko eskatzen zaiguk eta...

        —Ni ere ordu pare bat bakarrik atera ninduken. Halakotan ez duk gogo haundirik egoten. Nahiago nikek ahaztuak balira egun hauek.

        —Gesldituko al zaik bat edo bat udako!

        —Bat baizik ez balitz...

        Kideko neskatxa bat sartu zaie. Aurpegi alaia eta trebearen itxura du. Elkarren berri ongi dakite:

        —Ez dik, ez, honek udako lanik utziko!

        Hala uste duzue! Ia aurten porrot egitet dudan!

        —Hik beti hala esaten dun, eta gero...txispak. Hiru ilabetez hau eta bestea egin dunala entzuten ari behar gu etxean... Ez gaitun denok hartze berekoak. Nik aurten asko estudiatu dinat.

        —Nik ez. Inoiz baino gutxiago, erantzun dio neskak; aurten ez diat ateratzen kursoa.

        —Lehenbiziko aldia izango dun.

        —Beranduegi hasi nauk.

        Noizbait etorri da gure aldia. Hirugarrenak hartu gaitu eta bagoaz gure bidean. Lantegian mina hartutako gizaki bat jarri da nere ondoan. Burni batek anka zapaldu eta kisuturik egona denbora luzean. Kendua diote kisua, baina gogor gelditu da. Egunoro joaten da lotura biguintzeko mainuak hartzera. Lelen ere gertatu naiz halaxe beraren alboan.

        Hau ibilera! esan du. Inor ez dagoke etxean. Herrian geldi asko egiten ginen garai batez...

        —Astelehenean beti gehiago, erantzun diot.

        —Nork esan behar zuen herri hauetako jendea hala mugituko zenik! Eta eskoletan dabiltzen haur hauek guziak! Ez genuen guk liburu asko ikasi. Sekula lurrean ikusten hasi orduko itaurreko bidaltzen gintuzten. Hori zen gure eskola.

        —Eta urte guzian berdin?

        —Itaurreko ez bazen, gaztainak biltzen. Beste batzutan, gurasoak soroan eta gu haurrari edo suari kasu egiten... Ikasle txarrak izango ginen; baina, aita amak ere ez gintuzten bultzatzen. Langilearendako denbora txarrak zetozela, entzuten genien; lumak jan behar zuela mundua, «Liburu zikin!», zenbat aldiz esan ote zen gure aurrean. Liburu gutxi eta lana ugari, ez zen besterik orduan.

        —Emakumearendako ere berdin?

        —...edo gehiago. Gizona ogi bila kanpora, eta emakumearentzat etxea, haurrak eta alorrak. Loteria gogorra izan da gure bizia.

        Herri polita da Udargi. Banakatuak ditu etxe gehienak. Lehen lohi eta kozpila baizik ez zen lekuan, orai karrika garbiak. Arratoiak argiaren haritik joaten omen ziren etxerik etxe. Herria;bi alde hausten zuen erreka zuloan biltzen ziren denak. Hango feria! Orai txukuna da.

        Igandea etxean igaro duten soldadu bi jetxi dira bidean. Amaren ikutua ikusten da arropan.

        —Hauek ez dakite zer den soldadutza, esan du nere lagunak. Bost urte bota nituen nik arropa hortan zorriz josita. Zer da firi-fara gaur puente ta bihar festa ilabete batzuk botatzea? Egon beharra, beste nekerik ez du gizona.

        —Gerra denboran zinen zu?

        —Bai; eta beste bi urtez, gosea genuela egunoroko janaria. Han da bizitzen ikasten, han! Ez nekien erderaz, eta agintari kaxkar batek gorriak eta beltxak erakutsi zizkidan. Ahoskera gaiztoko gizona, zeru lurrak zikintzen zituen. Egun batez jo egin ninduen lagundi guziaren aurrean. Nere sentimentua! Baina, badira beti jatorrak eta izan zen bat alde atera zitzaidana. Estudiante euskalduna, zazpi mila itzuili eta bi gehiago ematen zizkion sarjento larru beltzari:

        —Ez duzu, Jauna, hori egiteko eskubiderik, esan zion; Agintari Nagusiak jakinen du. Mutil hau ez dago hemen berak nahi duelako; baserrira joan zaizkio bila. Erderarik ez badaki erakutsi egin behar zaio; eta bestela, zerorrek euskera ikasi elkar ulertzeko. Gizatxarraren bildurra! Beroaldi baten gauza izan zela aitortu zidan eta barkazio eskatu.

        —Frentera eraman gintuzten handik. Han trebe nintzen ni. Galonak zeuzkan baina ez nuen gizatxarraren bildurrik. Begitan hartua genuen denok eta gure eskutik joango zen, ez balu alde egin: Ikasi nuen bai, ikasi, erderaz...

        Iruñen gara. Gazte samaldak, lasterka; etsaminak hasiak izango dira. Udargi-ko hamar mutikotatik zortzi herritik kanpo dabil eskolan, behin hamar urtetik aurrera. Neskak ere asko. Konturatzen ote dira erdiak gurasoei gostatzen zaiena?

        —Gu baino gehiago izan daitezela behintzat entzun diet askotan.

        Aldakuntza haundia ikusten da gaur gure herritan. Azken une hauetako gauza da. Jantzia ta jana bada; baina, zerbait gehixago nahi du jendeak. Tontotako nahiko gaituk gu, esan zuen artzainak. Ikasiko ote dugu gure nortasuna geldu gabe goi mailako jakintzara heltzen? Kezka.

 

aurrekoa hurrengoa