Amerikatik etorri, eta, bere etxeko
atia joaz, osaba Jose Bernardori,
abotik abora botia, oroiturik nola berak
ni aruntz joaterakoan esan ziran kantuz:
«Oraiñdikan an dago, jaio ziñan oia...»
—Osaba baldiñ ez badaduka
eiteko aundiyen bat or,
gizon bat dago bedorren galdez,
ate ondoraño betor:
bedorrek ondo dakiyena da
agintzen dana dala zor:
bera jaio zan oiaren billa
illoba orantxen dator.
Goie aipatzen dan osabarekiko partieran,
abotik abora botatako bat, aditzalliak ikasiya:
—Agur nere osaba ta parientiak
ariyo adiskide ta lagun maitiak;
pena ematen dit zubek utzi ta joatiak;
berriz etortzen banaiz ez itxi atiak.
Abotik abora, leku ta aldi banatuetan
botatako batzuek, aditzalliak ikasiyak:
TREKURENIAN
Fermiñak ura bota dit deskuidatu-ta
eta utzi nau indar geienak kendu-ta;
bañan nik esperantza ez daukat galdu-ta
oztu dubenak aisa berotuko du-ta
BARTOLO-ENIAN
Jaun abek beti jantzi oi dute
Zeru-koloreko kapa,
esku bat jarri petxuban eta
bestiarekiñ arrapa:
munduko gauzai itsasten zaizka
nola arrokari lapa...
oiek dirade diszipuluak
ta maisubu Karlos Txapa.
MISERIKORDIKO MAISUARI
Amerikara nua nere borondatez
aspertu naizelako emengo suertez;
onetara ezkero joan biar det nai'tez
emen gelditzeiranak ondo bizi bitez.
TREKU-ENIAN
Iñulabarrerako asten gera iñoiz
esanaz etxera joan biar degula goiz
bañan eziñ giyatu gerade arrazoiz
munduko al gera...; bañan ez dakit noiz.
OSABA JOSE BERNARDORI (KARIDADEN)
Geiagua naizela, nik ez derizkiyot,
gero zer pasako dan, eziñ esan iñork;
deitutzen badigute joango gera biyok;
edozeiñ lekutara lagunduko diyot.
PATRAMAN-EN ETXE AURRIAN
Beraz etxe onetan bizi da Patraman?
laxter aberasteko zer martxa deraman!
Nik zerbait utzitzeko asmoa neraman;
ortxen konpon dedilla nai ez badu eman.
CAFÉ NORTE-N
Serenuen kabua asi zaigu gogor
gu etxera biraldu nayian derrigor:
onen esanagatik ez da joango iñor,
ez kasorikan egiñ konpon dedilla or.
ROSARIO DE SANTA FÉ-N
Sasi tarteko lore eder bat
bezela dago Euskera,
eztakit nola konformatutzen
geran txokuan uztera:
esku on batek beiñ aterako
baluke erakustera,
ez det bildurrik larperatuko
litzakianik ostera.
VILLABONAN
Etorritzen danian Agustin Beloki
leiora tirako du zerbait poliki;
onek deituko dizu biziro egoki
zuk belarriyak erne orduban iduki,
azkar oitik jaiki
ta jantzi ederki
beera jatxi aurki
t'atia iriki;
ortik aurrerakua berak badaki.
Amerikatik aitari, Mikelak (nere arrebak)
izkribatutako karta baten barreniaz biraldua
Aita, bai al daukagu esan biarrikan,
maiz aipatzen dirala berok Amerikan?
Gure artian ez da beste okerrikan,
aparte bizitzia bakar bakarrikan.
Jose Leon-i biraldutakuetatik bat (andik)
Kafia artzen diat egunian bi aldiz
eta nai detanian pasiatu zaldiz;
obeto izatia zalla uke agitz
baldiñ bizimodu au Donostiyan balitz.
Nere adiskide Vegari, Rosario de Santa
Fé-tik Plata-ko errira biralduak
Gure Donosti eder artatik
irten nintzan ezkeroztik,
nik ez nekiyen non ziñan, urez
ononztik edo aruntztik:
zure berriyak etorri zaizkit
Plata ta Buenos Aires-tik,
ondo zerala esan dirate
Juan Berra-k eta Aristik;
len kuidadotan nebillen, baño,
pozkikoz nago gerostik.
Aristi emen ikusi eta
lendabiziko galdeera
egiñ giñukan, bazekiyen non
ta nola zebillen Vega.
Erantzun zigun: —Platan dago ta
txit ondo bizi da bera;
aspaldi gora igo zan eta
nekez jatxiko da beera,
zergatikan guk korri bezela
arek egiten du ega.
Besarkada bat biraltzen diyot
nere amigo Vega-ri;
animatikan sentitutzen det
eziñ emana berari;
bañan besuak eziñ iritxi
urruti daguenari;
nik oraiñ ere igual nai diyet
len maite nitubenari;
nai dezunian etorri zaitez,
emen dago Pedro Mari.
Mikela, nene arreba maitiari, emendik
Amerikara karta baten barrenian biraldua
Ire gustoko gauzak zer diran
nere ustez bazekiñat,
gaztiatuko dizkiñadala
argatik agintzen diñat:
asko esan nai nizkiken eta
guztiyak eziñ dizkiñat;
ainbeste ditun, auxen den lana!
nondik asi etzekiñat.
Nere adiskide Axintxo, Aduna-ko
Sonela-kuari Amerikatik biraldua
Eziñ geiago triste dago Buenos Aires,
adituko zenduten norbaiten birez;
kanpotarrak millaka zetozenak igez,
aurten lezakianak egiten du iges;
aupen geiegiyez,
bete da langillez,
denok gaure miñez,
gaurko buruzpirez;
bañ'ez gera aztutzen geren aixkirez.
|