Limosnatxo bat
Mutill koxkor bat itxu aurreko
zubela aldamenian,
gizon burusoll bizar-zuri bat
bi makuluren gañian,
kale eskiñan ikusi nuben
iñora ezin joanian;
ta bera nor zan jakiñ nayian
inguratu nintzanian...
limosnatxo bat eskatu ziran
Jainkuaren izenian.
Zerbait emanaz galdetu niyon
altzan modu onenian,
jaiotzatikan al zeukan ala
gaitzak artuba mendian;
erantzun ziran: ez, semia, ez,
nik sasoia nubenian,
ez nuben uzte iritxitzerik
onetara azkenian...
gaur limosna bat eskatutzen det
Jainkuaren izenian.
Eta segitu zuben esanaz:
—lengo gerrate denian,
ni aurren xamar ibiltzen nintzan
beti edo geienian;
nekatu gabe, aisa igoaz
aldapik luzienian;
etzan burura asko etortzen
gu ala gebiltzanian...
gero limosna eskatutzerik
Jainkuaren izenian.
Odolak bero eta buruba
arrua daguenian,
edozeiñ moduz sartutzen da bat
alako itxumenian;
atsekabe ta negar samiñak
badatoz ondorenian;
nola ere bait batek biziya
utzitzen ez dubenian...
limosnatxo bat eskatu biar
Jainkuaren izenian.
Iñoiz pentsatzen nere artian
ni jarritzen naizenian,
gaur ere asko dirala joango
lirakenak zuzenian,
ez luke iñork sinistatuko
zer pena ematen diran.
Ai! orla nintzan ni ere sano
ta gazte nenguenian...
gaur limosna bat eskatutzen det
Jainkuaren izenian.
Ai! txorakeri asko egiten
da zentzurik ez danian,
sinista zazu ur au pasia
daukanaren esanian:
obiago da, sasoi dan arte
saiatutzia lanian,
negar egiñaz ibilli gabe
gero denbora joanian...
limosnatxo bat bildu eziñik
Jainkuaren izenian.
|