 |
Amets bat
Ni jaio nintzan Euskal-lurreko
leku pozgarri abetan
eta Euskera irintsi nuben
lenbiziko asnasetan,
amak siaskan nedukanian
edo bere besuetan,
kontu politak esanaz beti,
kantatuaz batzubetan,
geren aitonak moldatu-tako
itz neurtu ta bersuetan.
Neri begira eziñ aspertuz
antxen, ordu osuetan,
semetxuaren bizigarriya
berak bere petxubetan
emanaz, azi ninduben aiñ
izaera goxuetan,
non egundaño etzaidan aztu
geroz nere pausuetan
iñoiz arkitu izanagatik
bizitza erosuetan:
ainbesteraño baturik negon
neronen gurasuetan
ta txikitatik nere onduan
ikusitako gauzetan;
bañan etsaiaz miñ artzen nonbait
gure poz ta jolasetan,
argatik gerok batere kulpik
ez gendubela ezertan,
txit urrutira joan biarra
izandu nuben batetan;
oso gazterik arkitu nintzan
Amerikako Panpetan
ta bizimodu txit erosua
iduki arren an bertan,
nere biyotzak etziran uzten
sekulan ere paketan,
iduri zuben berriz eguak
neukazkiyela anketan:
esaten da, bat bizi leikela
ondo alderdi danetan,
—bai asetzia beste gauzarik
ezpadu artzen arretan;—
bañan gizonak odol pixka bat
baldin badu erraietan
eta txikitan bizitu bada
esan dan modu aietan,
egunaz zerbait atzendu leike
darabiltzkiyen lanetan;
bañan pentsatzen jartzen danian
bakardadian gaubetan,
zenbateraño supritutzen dan
nik ando progatu det an:
iñola eziñ pentsatu nuben
nere lurrian bestetan,
eta, ara zer gerta zitzaidan
arrats batez ametsetan.
Amets eragiñ ziran
neukan desiuak,
non artu ordurako
arrats artan luak,
beriala zabaldu
zizkiran eguak,
eta lagundurikan
betiko leluak,
ixtan patez igaro
nituben leguak,
mendi eta zelaiak
tontor ta zuluak
legor eta bustiyak
lur ta itsasuak,
laño eta odaiak
erri ta basuak,
batere neke gabe
egiñaz pausuak,
neretzat bire denak
ziran erosuak:
inbiriya ziraten
aideko usuak,
atzian gelditutzen
ziran balazuak,
ta etziran segitzen
tximistaren suak:
eziñ busti ninduben
euri erasuak,
aitu ziraden traba
eta arazuak;
urruti egon arren
nere gurasuak,
Amerikan zabaldu
orduko besuak,
biyen tartian artu
nituben gaxuak.
Nik.—
Ama!... Aita!... amatxo!!
Amak.—
Nere seme!! sematxo!!
Nere besuetan... o!!
Aitak.—
Mutill, emen aiz?
Nola ago?
Amak.—
Ai! Eutsi, nere xeme...;
muxu bat, onlaxe...
ma, ma, berriz ere bai,
ma, len bezelaxe...
jango zinduzket dana,
aren nago gose...
auxen da zoramena,
ni eziñ naiz ase...
Nere seme laztana,
onda zaude noski?
Ni illko ninduke zu
ikustiak gaizki...
Sekulan ez det izan
ai! onenbeste poz
argatikan begiyak
bete zaizkit malkoz;
bañan biyotzetikan
aiñ eztiro datoz,
farrez baño geiago
gozatu det askoz;
nere seme ederra,
eldu berriz, atoz.
Nik.—
Ama, aita...
aparte bizi beraz
onenbeste naita!!
Aitak.—
Mutill auxen nai nikan,
oraiñ emen ago
ta ez dek noski berriz
asmorik izango,
gure aldamenetik
joateko geiago,
ez al diguk orlako
penarik emango!
Amak.—
Zer da, nere senarra,
zer da kontu ori?
Geiago orlakorik
begira gero neri
aipatutzen banazu!
Atoz; Pello Mari;
laztan gozo bat, muxu...
orlaxen... amari...
* * *
Nere seme ederra,
an poz'eman diak;
iya ler egiñ zikan
nere barrunbiak!
Ama guztiyak gaituk
semien zaliak,
bañan nork izateizkik
onlako aliak?
Nik egiñgo nizkikek
millaka galdiak,
nekatuba ez baldiñ
baeuka biriak,
bañan nola egongo
aizen logaliak,
ondo gobernatuta
oiera joan biak.
Denak lotan zioztik
ire senidiak,
i ezkeroztik sortu-
tako landariak;
bigar gonbidatuko
dizkiyat aidiak
ta inguru-mariko
adiskidiak;
pobre izan arren ez
gaituk eskaliak,
zer jana bazedukak
gure sukaldiak;
bañan nik badizkiyat
mokaru obiak,
armariyo txokuan
iretzat gordiak,
umotutako sagar
eta udariak,
jarri ezkeroz iñork
ikutu gabiak...,
Ia semetxo, muxu
bat eman akiak,
goxatzen aukanian
oieko pakiak,
aiek janaz kontubak
esango nazkiak...
* * *
Aitak.—
Zer goguangarriya
dan gaurko eguna;
auxen da suertia
izandu deguna!;
etortziaz gañera
gure seme ona,
guk etxian ostatuz
daukagun amona!...
Amak.—
Iya ez nintzan artzaz
oroitzen, gizona;
gure mutillak eman
digun poztasuna
dala meriyo neukan
burutikan juna.
Uraxen da xarra ta
polita zegona!;
begiyetan, aldizka,
zer alaitasuna!
bañan galdu xamarra
dauka osasuna
edo barrenen zerbait
berak nai eztuna.
Suspiriyo batzubek
ixilik entzuna
nago berari, eta
pentzatzen egona:
—Atxo xar polit onek
zer ote du Jauna.
semien bat agiyan
aldegiñ dubana?
Ainbeste begiramen
neukan beregana,
ikusirik aiñ xarra
garbi ta txukuna;
berrogei arabakiz
konponduba gona,
alde danetara aiñ
modu polit-duna,
diruri aingeruben
kolkoko kutuna.
Kontatu digu bere
bizitza astuna
(Guk zer baliyo degu,
ura da iztuna!)
bañan erana dago
nonbait beazuna;
negarrez aipatutzen
du etorkizuna.
Nik ere nola deran
txit biyotz biguna
berialaxen artu
diyot naitasuna,
eta galdeturikan
al beziñ leguna:
—Ama, bedori zein da,
anbat alarguna?
—Erantzun dit esanaz:
—Ni naiz Euskalduna.
* * *
Onen ondoren, amak
agindu bezela,
eskuban arturikan
piztu ta kandela
ta esanaz Jainkuak
gaubon ziyotela,
zai nedukan oiera
joan nintzan bezela,
amona xar on ura
goguan nubela.
Erantzi ta maindire
tarteko epela
goxatzen, iya luak
artuban neguela
ta begiyak itxiyak
nedukazkiyela,
kolpez ikusi nuben
argituba gela,
eta erdi erdiyan
txutik zeguela,
amona xar bat diz diz
egiten zubela,
zeña izketan asi
zitzaidan onela:
—Ama Euskera naiz, Pello Mari,
etzaitezela bildurtu;
kezketan nator beste aldera
ote zerade biurtu.
Ainbeste semek iges egin dit,
iya naiz negarrez urtu!
ez ote dezu zuk ere naiko
nere malkorik legortu!
Au aditzian odol guztiyak
ur biurtu zitzaizkian
eta saltatu nintzan oietik
zergatik negon gaizki an,
esanaz: —Ama! bere lurlrian
beraz berori eskian?
Beria nau ta agindu bizait
nik zer egiñ nezakian.
—Gauza aundirik etzenezake
ezagututzen det ori;
urruti izan dan batentzako
franko lan zalla diruri;
bañan eztiyot nik eskatutzen
eziñ dubenik iñori.
eta ara zer agindutzeko
asmoa daukadan zuri.
Eskutik eldu ta muñ emanaz
bertan belaunikaturik,
erantzun niyon: Ama, agindu;
ez izan nitzaz ardurik.
Beraz bedorren lurrian dago
Euskera iya galdurik?
Ni beria nau eta ez det nai
kontzientziko kargurik.
Diyozun aña maite badezu
zartu dan Ama Euskera,
billa ezazu Euskal-erria
izendatzen dan papera;
ura da nere bizi-lekuba
ez det nai andik atera;
seme leialak an biltzen zaizkit
joan zaiztez aien artera.
Ama Euskerak au esan ziran
jarririk begi alaiak,
orrengatikan nakar onera
berari lagundu naiak,
gutxi nezake, oso txikiyak
dira nik dauzkadan gaiak;
bañan pozkiroz egiñgo ditut
gaubak egun, aste jaiak;
leku pixka bat Euskal-errian
eskatzeizutet, anaiak.
|
 |