Republika ta Fueroak
edo Mendiburuko Maiztarra
Alaba, suia eta illobak
ikustera aita zarra,
puxka maiteak emen, kalean,
daduzkan baserritarra,
urte luzeai gallen egiñaz
gazte bat beziñ azkarra,
Donostiyara etorri zaigu .
utzirik bere baztarra,
Tolosa bañan goragotikan
Mendiburuko maiztarra.
Igaro dira egun batzuek
sekulako azkarrena
eta aitonak or azaltzen du
len barrenen zekarrena:
zortzi urteko rnutill koxkor bat
Joxe, illobik zarrena
eskatutzen du eramateko
(ai! ura amaren pena!)
esanaz zorrotz kalea dala
gaztientzako txarrena.
Bere ait'amen baimenarekiñ
Joxetxo au goierrira
joan zan oitura onak artzera
aitonaren baserrira;
geroztik ama gaxua beti
alde artara begira,
eziñ bizi zan bere semea
joan zanetik urte bira;
bañan azkenik bere aitona
zarrarekiñ etorri da.
Lenbizi utzi diote egiten
amarekiñ milla jolas
bañan txandikan nola ematen
etzuten oiek iñolaz
ta aitak ere begiratutzen
ziyon benaz ta ajolaz
galdetu ziyon aiton zarrari
far-irriyan, erdi burlaz:
—mutill ederra dakarki, bañan,
nol'ote dago eskolaz?
—Ori aditu zuben denboran
aitonak altxarik garboz;
erantzun ziyon: —eskol'oberik
eziñ eska leike aboz;
euskalduna da eta pueroak
maitatzen ditu oraingoz;
nola karrika beterik dagon
erreplurikano gaiztoz,
—eraman nuben ta obe luke
berriz an balego askoz.
—Republika zer dala uste du?
Aitona betor onuntza;
eztegu ondo entenditutzen
ez baita gure izkuntza;
bañan eskatzen du egiteko
denok elkarri laguntza,
beren modura gobernatubaz
probintzi t'erri bakoitza.
Ortik fuerora, zer diferentzi
dago, aitona? Zer? Utsa.
—Zure tokiyan beste zenbaitek
itzegiñ balit onela;
animatikan aitortzen dizut
sinistuko ez nubela
bañan zu, suia, nik ondo dakit
egitiya zeradela
eta diyozu erreplurikak
puerua dakarrela...
Orduban saia gaitezen denok
ta lenbailen datorrela.
|