Ama Euskara
Esan beldurrik gabe
Euskaldunak gera.
Iparragirre
Bizi lekutxo txiki batean
berez toki zekenean,
bañan ala ere pozez semeak
bildurik zeduzkanean,
bizi zan ama biyotz samurra
berien aldamenean;
danak alkarri lagun egiñaz
saiaturikan lanean,
iritxi ziran larreak baratz
biurtzera azkenean.
Jaungoiko onak ikusirikan
jende aren ontasuna,
beti oparo ematen zien
indarra ta osasuna;
lanaren birez berendu zuten
lur zallaren erantzuna,
urrutietan ere izan da
geroz askotan entzuna,
nola mirariz artu oi zuten
ango ugaritasuna.
Ainbeste zuten lur zikoitz ura
landu eta ongarritu
non eman zuben jankaiarekiñ
danak oi ziran arritu;
bañan jatunak ere geiegi
nola ziran ugaritu,
ta leku txiki edertu ura
eziñ zeikian aunditu
norabaitera joan bearrean
asko ziraden arkitu.
Lur txiki artañ guzien diña
gauza nola etzegoan
seme batzuek txit urrutira
bear izan zuten joan;
bañan, ai! nola arkitzen ziran
andik aldegindakoan!
itz bat bakarra zebillen aien
biotzean ta aboan:
«ama» gaxoa beste gauzarik
etzeramaten gogoan.
Atzeerrian noizean beiñka
beren aldeko berriak
artzen zituzten seme on aiek,
bañan txit negargarriak;
alako batez bat altxatu zan
malkoz bustirik begiak,
esanaz: —«ama» galdu ez dezan
norbaiten gaiztakeriak,
ekairazute besarkara bat
beragana joan nai diat.
Batzuek penaz utzi ta pozek
besteen aldamenera
abiyatu zan seme leial au
bide luzean aurrera;
noizbait, azkenik, inguratu zan
bera jaio zan lurrea,
egualdi otzak ziran denboran,
Egoarriak aldera:
ai! zer barrendik egiñ zion bati
bere amaren galdeera!
—Adiskidea: bai al dakizu
gure ama ona non dan?
—Bai alafede, eta, nola ez,
gaur gaubean bere onran
festa degu ta? begira zazu
apaiñduta nola noan;
etziñan bada galdez asiko
aldi egokiagoan:
atoz nerekiñ ikusitzera
zeñen alaia dagoan.
Anai leial ta seme on ura
bestien ondora pozik
joan zan bilguma eder batera
eziñ geldituz biotzik;
nola etzuben ikusitzea
espero alako gauzik
«ama» deadar egiñ nai zuben
ta eziñ somatu itzik,
barren barrendik Jaungoikoari
esker ematea baizik.
Ama onratzen ikusirikan
bere anai ta lagunak,
au esan zuben urrutitikan
etorri zan euskaldunak:
—Euskaragatik albiste txarrak
guri eman dizkigunak
ez ditu ondo ezagututzen
gure itz ezti legunak;
alkar maiteak izan gaitezen
izen santu au degunak.
|