 |
Karidadea!
Españi triste ontan
aspalditik geunden
atsekabe gogorrak
sentirik barrunen;
munduko mirariyak
izan giñanak len,
ez dakit ontara zerk
ekarri gaituben.
Aiñ gauza miñgarriyak
pasa dira emen
ta ez gentzake ezan
kulpa zeñek duben.
Lagun bear ditugun
urak eta suak,
nola biyak diraden
gauza indartsuak,
pixti gogorren gisa
kalparrak jasuak,
zelatatzen dituzte
gizonen pausuak,
balirake bezela
etsaien lazuak:
bestela esan bitza
Santander gaxuak,
guztiyok memoriyan
dauzkagun kasuak,
ta beste Españiko
famili osuak,
ondatu zitubenak
ujal erasuak.
Aien ondoren oraiñ
berriz, itsasuak,
erakutsiyaz bere
zelaidi mantsuak,
zabaltzen balizkigu
bezela besuak...
orra zer egiñ digun
betiko paltsuak.
Zan Martxoko illaren
amargarrenian,
oraiñ arkitzen geran
urte barrenian,
guda-ontzi bikaiñ bat
Kadiz-ko urian
zisne bat bezin liraiñ
itsas bazterrian,
aiñ itxura egoki
eta ederrian
arkitutzen zan jende
askoren aurrian,
aruntz-onuntz txiki bat
egiñ bearrian.
Ikustera jauregi
ur-gañeko ura,
ainbeste lagun bildu
ziran ingurura,
mirariztera berak
zedukan itxura,
iritziyak emanaz
nork bere modura.
Askok goititutzean
begiyak zerura,
eguzkiya par-irriz
zeguan lekura
ta gero ikustean
itsasoko ura,
urdiñ ta geldi, belar-
soruen modura
lasaitasun bat sartzen
zitzaien petxura
ta, zenbati etorri
zitzaion burura,
pozik egiñ zeikela
juan etorri ura!
Ontan azaldu ziran
itsas gudariak,
ontzi eder artako
jaun agintariak,
ondoren zituztela
beren mirabiak
ta inguruan moro
biyotzik gabiak:
oiek Marrueko-tik
etorri berriak,
guri erakustera
koran-en legiak;
emen janik, an baño
mokadu obiak,
esker gabeko gizon
erdi aberiak,
laguntzalle emanaz
Españi nobliak
berak ainbeste maite
zituben semiak,
utzirik ama, aita
andre ta umiak
beren lur maite, lagun
eta senidiak,
pixti-tzar aiekin joan
ziraden jendiak
par irriz alaiturik
beren aurpegiak.
Eta andikan laxter...
A..., doakabiak!!
Lareun eta geiago
gizon biotztsuak,
menderaturik uste
etzan erasuak,
«Reina Regente» eder
artako maisuak
nagusi eta morroi,
guztiyak osuak,
gorde ditu asetzen
ez dan itsasuak.
Oraiñ or daruzkagu
oien gurasuak,
buruak makurturik
miñ ezin jasuak
eta alargundurik
emazte txintxuak,
negarrez, ikusirik
ume zurtzatxuak,
malezirik oraiñdik
ez duten uxuak,
luzatzen dizkatela
beren eskutxuak,
amatxori esanaz
onla, kontutxuak,
purrakatuaz onen
biyotz ta petxuak:
—Aitak noiz ekarriko
dizkigu goxuak?
—Amak aurreraturik
orduban besuak,
biltzen ditu, esanaz
—Ai aingerutxuak!
—ta partituaz malko
tartian muxuak...
ez daki zer erantzun...,
ezin du, gaxuak!!!
Joan ziran itsas-gizon
prestuak Tanger-a,
moro zatarrak bizi
diran parajera,
egualdiyak emanik
alako aukera,
Mahomaren illobak
pakian uztera.
Jiratu ziranian
Españi aldera,
lurretik aldegiñez
itsas zabalera,
onek kolpez galdurik
lengo urdinkera,
beltza ta itsusiya
azaldu zan bera.
Eguzkiya sarturik
lotsaz odoipera,
aizeak altxa zuben
alako kolera,
non zirudien goiak
zetozela beera
ta itsasuak beren
oitik irtetera;
olatuak igoaz
elkarren gañera,
egiñik suge amo-
rratuen papera,
bazetozen bezela
guztiyak jatera,
saltatutzen ziraden
«Reina Regentera»:
iduri zuben mundu-
aren bukaera.
Ta ala ere gure
gud'ontzi ederra,
beldur gabe sartu zan
guztiyen tartera,
esanaz: —bire; bire;
españolak gera,
ta iritxi nai degu
geren lur maitera,
—ta kapitanak ziyon:
—Aurrera, aurrera...
—Trafalgar inguruan
gutxi gora bera,
uste da joan zirala
denak itxaspera!!
Trafalgar...! O, zer izen
goguangarriya!
Odolezko letrakin
kondairan jarriya;
nork ez daki au dala
Txurruka aundiya
egun batez betiko
galdu zan tokiya!
Bañan gerran illtzia
gizon gudariya,
irabazten dubela
betiko gloriya,
tristea dalarikan
da alaigarriya.
Oraiñ gertatu dana
da negargarriya
argatikan bete da
lutoz Españiya.
Ez balira bezela
diña gure penak,
galduarekiñ «Reina
Regenten» zeudenak,
ontzi «Karpio»kuak
ito dira denak
bereganaturikan
itsaso zekenak.
Guztiyak ziran seme
Españiyarenak
eta gure anaiak
galdu diradenak
Nola ez negar egiñ
biyotzik dubenak!
Erregutu dezagun
ito zan jendea,
Jaunak iduki dezan
berekiñ gordea,
eta eginik bizi
diranen galdea,
lagun dezagun triste-
en bakardadea:
Au da egiñ bearra
daukagun tarea.
O, Zer gauza ederra
dan Karidadea!!
|
 |